21:34

Politika

Katalunia

Europako Parlamentuan sartzeko debekua kendu diete Puigdemonti eta Comini

agentziak | erredakzioa

Europar Batasuneko Auzitegiak Oriol Junquerasi buruzko emandako ebazpenaren ondotik iritsi da Europako Parlamentuaren erabakia.

  • David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea.

    David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europako Parlamentuan sartzeko debekua kendu diete Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuari eta Toni Comin kontseilari ohiari.

Hala erabaki du David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak, Europar Batasuneko Auzitegiak Oriol Junquerasi buruz emandako ebazpenaren ondotik.

Epai horren arabera, Junqueras eurodiputatu izendatu behar izan zuten joan den maiatzean Europako Parlamenturako hauteskundeen emaitzak ofizialki aldarrikatu zirenetik, eta une horretatik bertatik immunitatea izan behar zuen.

Puigdemontek eta Cominek arratsalde honetan jaso dute Europako Ganberako presidenteren jakinarazpena. Eurodiputatu kargua hartzeko izapideak ahalik eta azkarren abiaraztea da orain bi politikarien asmoa, baina oraingoz ez dute zehaztu nola eta noiz egingo duten.

Sassolik azaldu duenez, Europako Parlamentuko zerbitzu juridikoek zorrotz aztertu dute Junquerasen aldeko ebazpena, eta Puigdemont eta Comin ere hauteskundeetako emaitzak ezagutarazi direnetik euro-parlamentariak direla eta, beraz, ganbera sartzeko eskubidea izan behar dutela ondorioztatu dute.

Joan den urrian, Espainiako Auzitegi Gorenak bi politikari independentisten aurkako euro-agindua igorri zuenean, Europako Ganberako presidenteak betoa ezartzea erabaki zuen. Aurrez, lehendabiziko euro-aginduarekin, gauza bera egin zuen Antonio Tajani presidenteak. 

Ebazpena betetzeko eskaera Auzitegi Gorenari

Horrez gain, David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Oriol Junquerasi buruz eman duen ebazpena betetzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Gorenari.

"Espainiako agintariei ebazpena betetzeko eskatzen diet. Nik dagoeneko eskatu diet Parlamentuko zerbitzu juridikoei azter dezatela ebazpenak gure Parlamentuaren osaeran duen eragina", adierazi du Sassolik Europarlamentuan.

Presidenteak azpimarratu du Justizia europarrak kaleratutako ebazpenak "eurodiputatu izaera aitortzen" diola Junquerasi "izendapena jasotzen duen unean bertan".

"Eskumena duen autoritate nazionalak uste badu neurriari eutsi behar zaiola aipatu pertsonak diputatu izendapena jaso ostean, immunitatea atzera botatzeko eskatu beharko dio lehenbailehen Europako Parlamentuari", gaineratu du Sassolik.

Europako Batzordeak "aintzat" hartu du

Bestalde, Europako Batzordeak esan du Junquerasi buruzko ebazpena "aintzat" hartzen duela, baina gaineratu du Espainiako Auzitegi Gorenari eta Europako Parlamentuari dagokiela erabakiaren "jarraipena egitea".

Christian Wigand bozeramaileak onartu du "Batzordeak erabaki desberdina" hartu zuela kasu beraren aurrean, Europako Batzordeko eta Europarlamentuko zerbitzu juridikoak Espainiaren jarrerarekin bat egin zutelako, baina Europako Justizia Auzitegiaren erabakia errespetatzen duela, "noski".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena