Politika
KATALUNIA
Agentziak | Erredakzioa
ERCk jakinarazi du Estatuko Abokatuak Oriol Junquerasen immunitateari buruzko ebazpenaren aurrean hartuko duen jarrera ezagutu arte ez dela berriro PSOErekin bilduko.
Albisteak (3)
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Oriol Junquerasi aitortutako immunitatearen harira Espainiako Gobernuak eta Estatuko Abokatuak zer jarrera hartuko duten argitu bitartean, ERC ez da PSOErekin bilduko Pedro Sanchezen inbestidura negoziatzeko.
Hala iragarri du Marta Vilalta ERCko bozeramaileak Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldian. Espainiako jarduneko Gobernuak ebazpen hori independentismoaren aurkako "errepresio poliziala eta judiziala" amaitzeko baliatuko duen jakin nahi du Esquerrak.
"Gaur justiziak eta demokraziak irabazi dute; izan ere, Europako Auzitegiak esan duena da Junquerasen eta haren alde bozkatu zuten herritar guztien eskubideak urratu zirela. Beraz, orain epaia betetzea eskatzen dugu", adierazi du.
Horrenbestez, Pedro Sanchezen Gobernuari ebazpen horri buruzko iritzia eman dezala eta Estatuko Abokatuak zer egingo duen argitu dezala eskatu dio Vilaltak. Hori egin bitartean ERC ez da PSOErekin bilduko Sanchezen inbestiduraz hitz egiteko.
Vilaltaren esanetan, “PSOEk aukera ezin hobea dauka orain bide judizialari eta errepresioari amaiera emateko eta aro berri bat hasteko, Europar Batasuneko Auzitegiaren ebazpena onartuta”.
Horrez gain, Vilaltak jakinarazi du ERCk Auzitegi Gorenaren epaia baliogabetzea eskatuko duela. 13 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Junquerasi, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketan.
Bestalde, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteren iritzian, "ebazpen horrek aurrekari bat ezarri du demokrazia batean ezinbestekoak diren eskubide politikoen defentsan".
¿ El TJUE dona la raó a Oriol @junqueras i reconeix que tenia immunitat.
— Esquerra Republicana (@Esquerra_ERC) December 19, 2019
Exigim la nul·litat del judici i la llibertat immediata! pic.twitter.com/uw8VHzml29
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpenak erreakzio soka luzea eragin du. Epaia ezagutu eta minutu gutxira, ERCk ondoko txioa argitaratu du: "Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak arrazoia eman dio Oriol Junquerasi eta immunitatea zuela aitortu du. Epaiketa baliogabetzea eta berehala askatzeko galde egiten dugu".
Erreskadan etorri dira ERCko buruzagi eta kargudunen antzeko txioak ere, denek EBko Auzitegiaren oharra txertatuta zutela.
Oriol Junqueras berak Twitterren duen kontuak ere ildo bereko mezua eskegi, eta salatu du "gure eskubideez gain, gure alde bozkatu zuten bi milioi herritarren eskubideak ere urratu dituzte. Europatik heldu zaigu justizia".
Carles Puigdemont (JxCat) Generalitateko presidente ohiak ere pozez hartu ebazpena, eta Junqueras "berehala askatzeko" eskatu du. Puigdemonten esanetan, "Europan badira oraindik epaileak. Junqueras, berehala aske. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak guk defendatutako irizpide berak defendatu ditu Europako Parlamentuaren eta Espainiako agintarien aurka. Europako demokraziaren funtzionamendua aldatu nahi izan dute", bota du Twitterren duen kontuan.
Encara queden jutges a Europa. Llibertat immediata per a @junqueras! El TJUE defensa els mateixos criteris que hem defensat contra el Parlament europeu i les autoritats espanyoles, que han intentat alterar el funcionament de la democràcia europea. @EuParlament @ourvoteseu
— Carles Puigdemont (@KRLS) December 19, 2019
Kataluniako Parlamentuan osoko bilkura egiten ari zirela heldu da Europako justiziaren erabakia. Hain justu, horren berri izan eta "Askatasuna, askatasuna" oihuak egin dituzte ERC eta JxCateko diputatuek. Ruben Wagensberg diputatua izan da epaia ospatzen lehena, Ciutadans taldeari eman beharreko erantzun batean: "Oriol Junquerasek immunitatea duela ebatzi berri dute. Bi urte kolpista deitu duzuen hori. Justizia iritsi da. Gaurtik aurrera Junquerasek pertsona librea izan behar du eta horregatik epaiketa baliogabetzea eskatu dugu".
Quim Torra Generalitateko presidentea Ganberan zegoen, eta Pere Aragones Generalitateko presidenteorde eta ERCko koordinatzaile nagusia zoriontzera joan da. Bestalde, txio batean, ebazpenak Carles Puigdemont eta Toni Comin eurodiputatuen egoeran "ondorioak" izango dituela ohartarazi du.
(Torrak Aragones (ERC) zoriondu duen unea. Argazkia: EFE)
Jessica Albiach Kataluniako Parlamentuko En Comun taldeko buruzagiak azpimarratu duenez, Europako justiziaren epaia "Gorenari emandako zaplaztekoa da". Albiachen esanetan, "agerian utzi du politika judizializatzeak ez duela gatazka politiko bat konponduko. Modu bakarra elkarrizketa eta negoziazioa dira".
Pablo Iglesias Unidas Podemosen idazkari nagusiaren balorazioa eguerdia igarota heldu da, hori ere txio bidez. Adierazi duenez, "Kataluniako gatazka politikoa judizializatzeko apustuak konponbidetik urrundu gaitu eta gure justiziaren irudia kaltetu du. Elkarrizketari eta inteligentzia politikoari heldu behar diogu orain herrialde honek behar duen berradiskidetzearen bidean aurrera egiteko".
La apuesta por la judicialización del conflicto político en Catalunya ha alejado un escenario de resolución y ha deteriorado la imagen de nuestra Justicia. Ahora toca una nueva etapa de diálogo e inteligencia política para caminar hacia la reconciliación que necesita nuestro país
— Pablo Iglesias (@Pablo_Iglesias_) December 19, 2019
Euskadin, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du epaia "arazo politiko baten judizializazioaren ondorio" dela. Lehendakariaren ustez, arazo politikoek "konponbide politiko eta instituzionala behar dute". Junqueras aske geratu behar ote den galdetuta, Urkulluk esan du "arazo politikoa zen aldetik" ez zela "justiziaren esku" geratu behar, eta beraz, "kartzelatutakoak ez lirateke han egon beharko".
Bestalde, Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea pozik agertu da, eta esan du espero duela Junqueras laster "libre" eta Europako Parlamentuan "jesarrita" ikustea. Horrez gain, Espainiako justiziari gomendatu dio "bere funtzionamendua lehenbailehen berrikustea" Europatik emandako "etengabeko zartakoen" ostean.
EH Bilduren izenean, Pernando Barrena eurodiputatuak eta Jon Iñarritu diputatuak hitz egin dute, biek ala biek Twitterren. Barrenak Junqueras, Puigdemont eta Comin eurodiputatu izendatzea eskatu du. Iñarrituren hitzetan, bestalde, "Europako justiziak agerian utzi du Espainiako injustizia".
El Tribunal de Justicia de la Unión Europea (TJUE) ha hablado: @junqueras gozaba de inmunidad e inviolabilidad desde el 26 de mayo y España vulneró ese derecho.
— Pernando Barrena (@pernandobarrena) December 19, 2019
Exigimos que @junqueras, @KRLS y @toni_comin sean proclamados europarlamentarios de pleno derecho ya. https://t.co/n2YE5oj2bN
Ildo beretik mintzatu da Alberto Garzon Izquierda Unidako koordinatzaile federala ere. Garzonen ustez, "arazo larria dago Espainiako Botere Judizialean, ultranazionalitate itsua dute, eta ezin dute impartzialtasunez jardun".
PP, Ciudadanos eta Vox alderdien erreakzioak
Alderdi Popularraren izenean Teodoro Garcia Egea idazkari nagusiak berba egin du. Nabarmendu duenez, Junqueras sedizioagatik zigortu dute eta zigorra osorik bete behar du "beste edozein herritarrek bezala".
Ines Arrimadas Ciudadanosek Kongresuan duen bozeramaileak uste du EBko Auzitegiaren erabakia "interpretagarria" dela eta PSOEk, Podemosek, ERCk eta bestelako alderdi nazionalista eta independentistek egin asmo duten gobernu akordio "Frankenstein hori ezabatzeko" dei egin du.
Azkenik, Ivan Espinosa de los Monteros Voxeko bozeramaileak nabarmendu duenez, epaiak "egurra eman dio Espainiari, eta horren subiranotasunaren kontrako erasoa da. Errespetu falta da".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa