Politika
Camp Nou
Oztopoak oztopo, protesta 'arrakastatsua' izan dela adierazi du Tsunami Democraticek
agentziak | erredakzioa
Mugimenduak jakinarazi du poliziek zelaian egitekoa zuten "ekintza handia" galarazi dutela.
-
Tsunami Democraticen protesta, Camp Noun. Argazkia: EFE
Tsunami Democraticek txalotu egin du gaur Camp Noun egin duten protestaren helburu nagusia bete izana, "foku mediatikoa 'Spain, sit and talk!' leloan jartzea" lortu dutelako "milaka pertsonaren babesari" esker.
Mugimenduak Telegrameko kontuan azaldu duenez, hori protestaren lehenengo fasea izan da. Bigarrenean, berriz, 'Spain, sit and talk' leloa zelaira eta harmailetara eramatea izan omen da: "Bi pankarta handiek, milaka pertsonen kartoeik eta pilota hori jaurtitzaileek leloa mundu osoan entzutea eta ikustea lortu dute, zentsurak zentsura".
Dena dela, mugimenduak jakinarazi du bigarren fase horretan "ekintza handi bat" egin behar zutela zelaian (ez dute zehaztu zer), baina poliziak galarazi egin duela.
Tsunamik esan du ez duela aitzakiarik jartzen eta ez dutela porrot egin. "Jendeak ez du huts egin, argi dute honek aurrera jarraitzen duela autodeterminazioa, eskubideak eta askatasuna lortu ezean", adierazi du.
Azkenik, azpimarratu du beste helburuetako bat "agenda eta autoestima berreskuratzea" zela, eta bide horretatik joan dela gaurkoa.