Politika
Tsunami Demokratikoa
Agentziak | Erredakzioa
Tsunami Demokratikoaren protesta baketsuak milaka pertsona elkartu ditu. Alabaina, hainbat istilu izan dira zelaiaren kanpoaldean, eta 9 pertsona atxilotu dituzte. Horrez gain, 60 lagun zauritu dira.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Tsunami Demokratikoaren deialdiari erantzunez, Camp Noun bildu diren jarraitzaileek 'Spain, sit and talk' (Espainia, eseri eta hitz egin) mezua mundu osora zabaldu dute, preso dauden buruzagi politiko subiranisten askatasunaren eta independentziaren aldeko oihuak eginda.
20:00etan, Bartzelona eta Real Madrilen arteko partida hasi aurretik eta talde blaugranaren ereserkia bozgorailutik kendu dutenean, harmailetan bildutako jarraitzaileak elkarrizketaren, preso politikoen eta independentziaren aldeko oihuak egiten hasi dira, 'Spain, sit and talk' lelodun kartelak erakutsita.
Aldi berean, 'Spain, sit and talk' eta 'Freedom' mezuak zituzten bi pankarta handi eskegi dituzte harmailetan. Inolako istilurik gabe eta segurtasun pribatuko langileek aipatu pankartak kendu ondoren, partidari normaltasunez ekin diote jokalariek.
Lau orduko protesta
Bartzelona eta Real Madrilen arteko partida dela eta, Tsunami Demokratikoak Camp Nou futbol zelaiaren inguruan 16:00etatik aurrera mobilizatzeko deia egin du, eta milaka pertsona bildu dira estadioaren inguruko kaleetan.
Plataformak 'Spain, sit and talk' (Espainia, eseri eta hitz egin) leloa zuten 100.000 kartel banatu ditu estadioan sartu diren pertsonen artean eta Bartzelonaren ereserkia amaitu eta partida hasi bitartean 'sit and talk' oihukatzeko deia egin du.
Leo Messiren aurpegia zuten maskarak ere banatu dituzte, baina Bartzelonako segurtasun pribatuko agenteek denak konfiskatu dituzte, pertsonak identifikatzea oztopa dezaketela eta Kirolaren Legeak galarazi egiten duela argudiatuta. Tsunami Demokratikoak "zentsura" dela salatu du, eta emandako hitza bete ez izana leporatu dio klubari.
Telegramen zabaldutako mezuan, Tsunamik zehaztu du ez zuela partida jokatzea galarazteko inolako asmorik, eta gogora ekarri du bere protestak "baketsuak" izaten direla beti.
Ildo horretan, futbol partida mundu guztiak normaltasunez ikusi ahalko zuela ziurtatu du Tsunami Demokratikoak.
Horrez gain, "arduraz, profesionaltasunez eta proportzionaltasunarekin" jarduteko eskatu die segurtasun indarrei.
(Manifestariak Tsunami Demokratikoaren kartelekin. Argazkia: EFE)
Jokalariak arazorik gabe sartu dira estadioan
Bestalde, Bartzelona eta Real Madril taldeetako jokalariak eta partida zuzendu duten epaileak inolako arazorik gabe sartu dira estadioan.
Mossoek lagunduta egin dute Sofia Hoteletik Camp Nouraino dagoen bidea (500 metro inguru). Lehendabizi epaileak abiatu dira, 17:45ean; jarraian, Barçaren autobusaren txanda izan da; eta, azkenik, Real Madrileko jokalariak joan dira. 18:00etarako, denak zeuden estadioan.
Bartzelonako jokalariek txalo eta animo artean egin dute bidea; Real Madrilekoek, berriz, txistuak eta oihuak entzun behar izan dituzte. Dena den, ez da inolako istilurik izan.
Segurtasun neurri zorrotzak
Esquadra Mossoek segurtasun neurriak indartu dituzte goizean goizetik Camp Nou zelaiaren inguruan, 3.000 agente baino gehiago hedatuta, segurtasun pribatuko langileak barne.
Mossoek "kontrol zorrotzak" egingo dituzte Camp Nou estadioaren sarbideetan, Bartzelonak kontratatutako segurtasun pribatuko kideekin elkarlanean.
Kontrol horietan, jarraitzaileen poltsa eta motxila guztiak begiratu dituzte, eta poltsa handiekin edo maletekin sartzea galarazi dute.
Estadioaren barruan, klubaren segurtasun pribatuak bermatu behar du segurtasuna, baina Esquadra Mossoek esku hartu ahal dute, egoerak eskatuz gero.
Operatibo berezian, 1.000 agente inguru aktibatuko dituzte Mossoek, eta 2.000 inguru, Bartzelonako klubeko segurtasun pribatuak; horiei, Bartzelonako Udaltzaingoaren Trafikoko agenteak gehitu behar zaizkie.
Istiluak
Protesta baketsua izan bada ere, hainbat istilu izan dira estadioaren inguruetan, eta 9 pertsona atxilotu dituzte eta 60 zauritu dira (zortzi ospitalera eraman dituzte), lehen datu ofizialen arabera. Mossoekin izandako borroketan 46 pertsona zauritu dira, eta telebistako kamera bat Mossoen 'foam' jaurtigai batekin zauritu dute.
Atxiloketetako bat Boixos Nois talde ultrako kideek eta talde independentistek izandako borrokaldi batean izan da.
Bestalde, independentista talde bat Camp Nouko sarbide bateko hesia behera botatzen saiatu da, partida atsedenaldian zegoenean, baina ez dira estadioan sartu Esquadra Mossoek galarazi dietelako.
Estadioaren ondoan, manifestarietako batzuek hainbat kontainer errepidearen erdian jarri dituzte eta su eman diete, eta hor egin dituzte atxiloketa gehienak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa