Politika
'De Miguel' auzia
Agentziak | Erredakzioa
Alfredo de Miguel eta Koldo Ochandianori 13 eta 7 urteko zigorra jarri diete, baina gehienez 9 eta 6 urte beteko dituzte kartzelan; Telleriari, 6 urtekoa. Helegitea aurkez daiteke Gorenean.
Heldu da Euskadin ustelkeriagatik egindako makroepaiketaren epaia: 'De Miguel' auziarena, alegia. Arabako Lurralde Auzitegiaren Bigarren Atalak espetxe zigorra ezarri die auziko akusatu nagusiei, hau da, Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi eta foru diputatu ohiari, eta Koldo Ochandiano eta Aitor Telleria Arabako EAJren buruzagi izandakoei.
Zehazki, 13 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi eta foru diputatu ohiari ustelkeriarekin lotutako hainbat deliturengatik. Dena dela, espetxean eman beharreko gehienezko tartea 9 urtekoa izatea ebatzi du Auzitegiak.
De Migueli leporatutako delituak honakoak dira: eragimen-trafikoa, funtzionario-eroskeria pasiboa, merkataritzako dokumentua faltsutzea, diru publikoa bidegabe eralgitzea, funtzionario-eroskeria ezegokia, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea. Dena dela, Fiskaltzak egotzitako bortxa eta mehatxu delituarengatik absolbitu du Auzitegiak.
De Miguel, Susaeta bere abokatuarekin. Argazkia: EFE
Epaiak Koldo Ochandiano eta Aitor Telleria Arabako EAJren buruzagi izandakoak ere zigortu ditu 7 urte eta erdi eta 6 urte eta erdira, hurrenez hurren. Dena dela, Ochandianok bete beharreko gehienezko zigorra 6 urte eta 9 hilabetekoa izatea ebatzi du Auzitegiak. Telleriaren kasuan, berriz, ez du zehaztu.
Ochandianori honakoak leporatu dizkiote: funtzionario-eroskeria, merkataritza dokumentua faltsutzea, diru publikoa bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea. Fiskaltzak egotzitako bortxa eta mehatxu delituarengatik absolbitu du Auzitegiak.
Aitor Telleria, bestalde, honakoengatik zigortu dute: eragimen-trafikoa, diru publikoak bidegabe eralgitzea, merkataritza dokumentua faltsutzea, kapitalak zuritzea eta zilegi ez den elkartea eratzea. Telleria ere bortxa eta mehatxu delituengatik absolbitu dute.
1.186 orrialdeko epaiak prozesu judizial luze eta polemiko bati eman dio amaiera. Ahozko epaiketak ia urtebete iraun zuen. Guztira, 26 pertsona, tartean EAJren Arabako hainbat agintari ohi, jesarri ziren akusatuen aulkian 2005-2009 urteen artean egindako delituengatik.
Arabako Lurralde Auzitegiak aringarria ezarri die akusatu guztiei bidegabeko atzerapenagatik, salaketa aurkeztu zenetik epaia eman den arte 10 urte igaro direlako.
Aipatutakoez gain, Javier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari ohiari ezarri diote zigor handienetakoa: 7 urte eta hilabete bat, diru publikoa bidegabe eralgitzea eta eragimen-trafikoa leporatuta.
Kontsultatu hemen 'De Miguel' auzian zigortutakoen eta absolbitutakoen zerrenda.
26 auzipetuetatik 11 absolbitu ditu Arabako Lurralde Auzitegiak, tartean Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria sailburuordea. Honakoek osatzen dute zerrenda: Araceli Bajo, Miren Lourdes Bilbao, Aintzane de Miguel, Prudencio del Hierro, Estibaliz Arruti, Gorka Errasti, Francesc Fernández, Placid Casas, Joaquin Sabater eta Ramon Tomas. Fiskaltzak horietako sei absolbitzea eskatu zuen.
Epaia ez da irmoa, eta kasazio helegitea aurkez daiteke Auzitegi Gorenean.
Fiskaltzak 29 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuen De Miguelentzat, eta Ochandianorentzat eta Telleriarentzat, berriz, 13 urte eta 7 hilabetekoa. Sanchez Roblesentzat, kartzela-zigorra 8 urtekoa zen.
Auziko fiskala: "Frogatuta geratu da ustelkeria trama bat egon zela"
Arabako fiskalburu Josu Izagirreren ustez, epaiarekin frogatuta geratu da ustelkeria sare bat egon zela Probintzia Auzitegiak zilegi ez zen elkarte bat eratzearen delitua egiaztatuta dagoela iritzita.
Fiskaltzako ordezkariak hitz batzuk esan dizkie kazetariei, epailearen ebazpena irakurri ostean. Izagirreren ustez, "zilegi ez den elkarte bat eratzearen delitua da elementu definitzailea". "Komisioak kobratzera bideratutako trama bat zen, hori da epaiak esaten duena. Epaiak bere kabuz hitz egiten duela uste dut", gaineratu du.
Bestalde, Gonzalo Susaetak, Alfredo de Miguelen abokatuak, ez du adierazpenik egin nahi izan, eta ez du argitu helegiterik aurkeztuko duen ala ez. "Epaia irakurri behar da, eta baloratuko dut", gaineratu du.
Azkenik, Gurutz Larrañagaren abokatua pozik agertu da, bere kargu guztietatik absolbitu baitute Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde ohia, baina urte hauetako "gogortasuna" gogoratu du, eta, zehaztu duenez, "akusatuen aulkian bete du zigorra".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa