Politika
Bilera-sorta
Felipe VI.ak inbestidurarako proposatu du Sanchez
agentziak
Sanchezek onartu egin du, eta PSOE talde parlamentario guztiekin bilduko dela aurreratu du. Erkidegoetako presidenteekin ere batzartuko da hautagai sozialista.
-
Sanchez Felipe VI.a Espainiako erregeari eskua ematen, Zarzuelan. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez PSOEren buruzagi eta presidentegaia proposatu du inbestidurarako Felipe VI.a Espainiako erregeak. Horixe jakinarazi du Meritxell Batet Kongresuko presidenteak Zarzuelan Monarkarekin batzartu ostean.
Proposamenaren aurrean, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak onartu egin du gobernu berria osatzeko agindua, "ohorearekin, arduraz" eta espainiarrekiko "esker handiz".
"Felipe VI.ari eman didan agindua betetzeko prestutasuna agertu diot", adierazi du Sanchezek Bateten iragarpenaren ostean emandako prentsaurrekoan.
Inbestidura horri begira, PSOEren buruzagiak iragarri du Pablo Casado PPren presidentea eta Ines Arrimadas Ciudadanosen bozeramailea bilera batera deitu dituela datorren astelehenean. Ardura eta “ikuspegi zabala” eskatu die Sanchezek.
Gainera, Pedro Sanchezek aurreratu du Adriana Lastra Kongresuko sozialisten bozeramailea Behe Ganberako gainerako alderdi politikoekin batzartuko dela, gobernua osatzea ahalbidetuko lukeen babes zabalena lortze aldera.
Pedro Sanchezek hitzordua egingo du erkidego guztietako eta Espainiako Udal eta Probintzien Federazioko presidenteekin ere. Baina datorren astetik aurrera izango da hori, bihar eta etzi Bruselan EBren aurrekontuaz eta Brexitaz hitz egiteko goi-bilera duelako.
PP
Pablo Casado PPren buruak ohartarazi du Sanchezek inbestiduran porrot eginez gero, "bidea libre utzi" behar duela, ezin duelako "trikimailu" gehiago egin ERCren negoziazioaren ostean. "Hau da bere azken aukera, gertatzen dena gertatzen dela".
Zarzuelan egon ostean, Casadok esan du Sanchez "blokeoaren irudia" dela, eta PPk ez duela inola ere bere inbestidura erraztuko.
Vox
Santiago Abascal Voxen presidenteak Sanchezen inbestiduraren aurka dagoela helarazi dio erregeari, baina Katalunian ordena konstituzionala berrezartzeko prest dagoen edozein gobernu, PSOErena barne, babesteko prest agertu da.
Gobernu horrek Sanchez buru izango balu ere babestu egingo luke, baina zalantzan jarri du buruzagi sozialistaren helburuen artean Katalunian ordena konstituzionala berrezartzea egotea.
"Fikzio politika" da, Sanchezen "damua" eta "aldaketa erradikala" eskatuko lukeelako, baina "bat-batean zalditik erori eta Katalunian ordena konstituzionala berrezartzea erabakitzen badu, Voxen babesa izango du ekintza politiko horretarako", berretsi du.
Unidas Podemos
Pablo Iglesias Podemosen buruak Pedro Sanchezen investidura erabat babesten duela adierazi dio Felipe VI.ari, PSOErekin koalizioa egiteko asmoa dutela eta.
Podemosen idazkari nagusiak esan du zuhurra baina baikorra dela inbestidurarako negoziazioen inguruan, PSOE eta ERC "bide onetik" doazelako.
Azpimarratu du "garrantzitsuena akordioa egotea" dela, noiz lortuko den baino gehiago. "Argi dago nahiago dugula laster izatea. Aukera guztiak daude irekita", azaldu du Iglesiasek, epeak ezin dituela erabaki gaineratu aurretik: "Urtarrilean izan behar bada, izan dadila".
Ciudadanos
Ines Arrimadas Ciudadanosen Kongresuko bozeramaileak PSOE-PP-Ciudadanos ituna babestu du erregearen aurrean, ez soilik Pedro Sanchez presidente izendatzeko, baizik eta Espainiari "egonkortasuna" emateko.
Diputatuen Kongresuan emandako prentsaurrekoan, Arrimadasek esan du 221 diputatuko gehiengo "moderatu eta konstituzionalista" dela "alternatiba zentzudun" bakarra, eta "legegintzaldi osorako egonkortasuna" eman dezakeena.