13:02

Politika

EAE-ko Aurrekontuak

Lander Martinez: 'Aurrekontuen gaineko akordioa hurrengo krisiaren aurkako babesa da'

Agentziak | Erredakzioa

Podemos Euskadiko idazkari nagusiak nabarmendu du familiek, enpresek eta gazteek jasoko dutela babes handiena, akordioan aurreikusitako partidei esker.

  • Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusia da. Argazkia: EFE.

    Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusia da. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak garrantzia eman dio Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzarekin 2020rako Aurrekontuen gainean adostutako akordioari; izan ere, EAEko familiak, enpresak eta gazteak babesteko ekimenak aurreikusten ditu itun horrek, hurrengo krisi ekonomikoari aurre egitea xede.

Martinez prentsaurrekoan azaldu da astelehen honetan, asteburuan itxitako akordioaren xehetasunen berri emateko. Itunaren bidez, guztira 201,5 milioi mugituko dituzte, horietatik 88,9 2020an; halaber, 112,6 milioi erabiliko dituzte konpromiso-kredituetarako, datorren urtean eta ondorengoetan. Podemos Euskadiko agintariak, gainera, gogora ekarri du EAJk eta PSE-EEk osatutako Jaurlaritzak ere bete behar dituela adostutako akordioak.

Partidarik handienen artean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) 2020rako % 4 igotzeko akordioa dago; horrek 16 milioi euroko kostua izango du. Jaurlaritzak % 2ko igoera proposatu zuen, eta, hasiera batean, Elkarrekin Podemos koalizioak % 8 proposatu zuen.

Ildo horretan, Martinezek gogorarazi du igoera honek ez dituela arinduko murrizketa guztiak, baina, bere iritziz, hainbat familiak nabarituko duten “aurrerapauso txikia” izango da. Horrez gain, Podemos Euskadiko idazkari nagusiak adierazi du bere alderdiak lanean jarraituko duela, laguntza hori hobetu eta DBE arautzen duen legearen hobekuntzarik onena bultzatzeko.

Oinarrientzako kontsulta, asteartean eta asteazkenean

Azaldu duenez, astearte honetako 10:00etatik asteazkeneko 23:59ra arte, Podemos Euskadiko oinarriek aukera izango dute akordio honen gaineko iritzia emateko. Asmoa da ostiralean sinatzea ituna, oinarriek berretsiz gero, eta Legebiltzarrean hilaren 27an egitekoa den bozketan Elkarrekin Podemos abstenitzea ekarriko luke.

Oinarriek erantzun beharko dute ea ados dauden abstentzio horrekin; aukera hori babestekotan, "Elkarrekin Podemosek lortutako hobekuntzak dituzten Aurrekontuak onartzea" bideratuko litzateke. Beste aukera, aldiz, Jaurlaritzak eta PPk 2017an adostutako Aurrekontuak luzatzea litzateke.

Aurkako botorik egotea espero duen galdetuta, batzuek alde bozkatzea eta beste batzuek kontra egitea espero duela erantzun du Martinezek.

Equo-Berdeak alderdiko militanteek ere kontsulta dute 

Elkarrekin Podemos koalizioan dagoen Equo-Berdeak alderdiko militanteei ere kontsulta egingo zaie; kasu horretan, erabaki behar dute ea nahi duten ala ez Jose Ramon Becerra euren legebiltzarkideak akordioa babestea. Berez, kontsulta (telematikoa da) hasia da, astelehen honetan, eta astearteko 23:59an bukatuko da.

Elkarrekin Podemosek goizean emandako prentsaurrekoaren ostean, Becerra akordioarekin gustura azaldu da: "Negoziazio-taldean egon naiz, eta pozik nago, gaitasuna izan dudalako garrantzia emateko trantsizio ekologikoari, zenbakitan jarrita ere. Orain, espero dut gure oinarriek ikuspegi horretatik ematea iritzia, akordioaz, eta askatasunez bozkatzea ondorengo orduetan".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena