20:03

Politika

Estatutu berria

EAEri Estatu izaera eta erreferendumak egiteko ahalmena ematea proposatu du EH Bilduk

agentziak | erredakzioa

Koalizioaren izenean lan egin duen adituak aurkeztutako testuan, Estatuarekin "berdinen arteko" eta "izaera konfederaleko" harremanaz hitz egiten da.

  • Iñigo Urrutia EH Bilduk proposatutako aditua. Argazkia: Efe

    Iñigo Urrutia EH Bilduk proposatutako aditua. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk Euskal Autonomia Erkidegoarentzat "estatus berria"ren proposamena egin du, testu artikulatu batean, eta EAEri "Euskal Estatu Erkidegoa" izena eman dio. Estatu horrek erabakitze eskubidea izango luke, erreferendumak antolatzeko gaitasuna, eta Estatuarekin "berdinen arteko" eta "izaera konfederaleko" harremana. Gainera, "Euskal Herriaren izaera nazionala" eta "euskal naziotasuna" aldarrikatzen ditu.

Iñigo Urrutiak, EH Bilduk proposatutako adituak, eman dio testua Jone Berriozabali, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeko presidenteari. Testuan EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk egindako akordioa kritikatzen du, jeltzaleek eta koalizio abertzaleak adostutako oinarriei muzin egiten diela iritzita.

Gogorarazi duenez, EAJk eta EH Bilduk oinarriak adostu zituztenean "ez zuten Konstituzioaren mugarik jarri".

Gainera, Ibarretxe Plana izan du hizpide, eta azpimarratu du jeltzaleek eta koalizioak adostutako antzeko oinarriak zituela, eta Autonomia Estatutuaren erreformakrako prozedura eraman zutela aurrera, Legebiltzarrean bertan. "Eskubide historikoak zabaltzeko edo berritzeko" modu gisa ere har zitekeela aipatu du.

Adituen lana amaituta, Iñigo Urrutiak esan du Legebiltzarreko taldeei dagokiela dokumentua kudeatzea, eta hainbat aukera aipatu ditu: paraleloki erreforma konstituzionala eskatzea edo ez; eta dokumentuaren zati bat izapidetzea edo dokumentua osorik.

Urrutiaren esanetan, Legebiltzarrak Konstituzioa aldatzea eskatuz gero, "Kontzertu Ekonomikoaren ereduak izaera konfederala duela" ulertzen bada, eta "Konstituzioaren zuzenketa gehigarri batean (eta Gernikako Estatuan) oinarritzen bada, ez luke literatura juridiko asko behar 'Kontzertu politikoa' konstituzionalki jasotzeko". 'Kontzertu politikoa' da hain zuzen ere, Urrutiak babesten duena.

EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk adostutako testuaren aurrean, Urrutiak hau kritikatzen du bereziki: "Subjektuaren izaera juridiko-politikoa, lurraldetasun printzipioa, gaitasunak eta eskumenak, aitortutako eskubideen bermea, 'Kontzertu Politikoa'ren egituraketa, ordenamendu juridikoen arteko harremanak, eskumen gatazkak konpontzeko sistema" eta erabakitzeko eskubidea.

Bere ustez, testu horretan "marko autonomikoa onartzen da eta Autonomia Erkidegoa egituratzen da", eta ez zen hori egin beharko, baizik eta "subjektuari autonomikoa ez den forma juridikoa eman, aldebiko harremana izateko, konfederala, Espainiako Estatuarekin", eta "eskubide historikoak eta printzipio demokratikoa berritzeko prozesuaren bitartez artikula zitekeen juridikoki".

Era berean, uste du "ituna aldebakarrez aldatzea galaraziko lukeen berme sistema aldebikoa" ezarri beharko litzatekeela Estatuarekin. Hori horrela, 'Kontzertu Politiko'aren bitartez, Estatuarekin "berdintasun politikoan oinarritutako benetako aldebiko harremana" aurreikusi beharko lukeela iritzi dio.

EH Bilduren adituak EAEri "Euskal Estatu Erkidegoa" deitzen dio, eta Nafarroarekin eta Ipar Euskal >Herriarekin "konfederatzeko" aukera ematen dio.

"Euskal Herriaren izaera nazionala eta euskal naziotasuna egituratzea" ere aldarrikatu du. Horren harira, jeltzaleek, sozialistek eta Podemosek adostutako testuan "nortasun nazionala" aipatu bai, baina "euskal nazionalitatearen kontzeptua" ez dela agertzen kritikatu du.

Era berean, proposatu duten dokumentuak beste autonomia estatutu batzuk badituzten eskumenak agertzera mugatu direla salatu du. Urrutiaren arabera, "enpleguari, Gizarte Segurantzari, garapen ekonomikoari, merkataritzari, kontsumoari, industriari, etab. dagozkien gaitasun esklusiboak eta gaitasun legegilea desagertu egin dira".

"Aipatu gaiak egunean indarrean dagoen erregimen autonomikora bideratu dira, anbiziorik gabe, eta ez dira urrats kualitatiboa", gaineratu du, jarrera hori beste atal batzuetan ere agertzen dela azpimarratu aurretik, "euskal kirol selekzioen" kasuan, besteak beste.

Era berean, ez du uste bete denik "lurraldeko arauak betetzeko eta betearazteko arduradun bakarra euskal administrazioa" izateko agindua.

Iñigo Urrutiak kritikatu du artikulatutako testuak "Elkarlan/Kontzertu Ekonomiko Batzorde mistoa Espainiako Estatuko araudia onartu baino lehenagorako" soilik aurreikusi duela, horrek "aldebitasuna" urruntzen duelakoan. "Ez dago Auzitegi Konstituzionalean areto berezirik edo horren ordezko bestelako instantziarik", gaineratu du.

EH Bilduren adituak proposatutako testuan, berriz, "Estatua-Euskal Estatu Erkidegoa Gatazken Auzitegia" osatzea proposatu dute, "Estatutu Politikoak aitortutako eskubideen urraketen" aurrean berme sistema izango litzatekeena. Gainera, "pase foral"era jotzeko eskubidea ere aldarrikatu du.

Erabakitzeko eskubideari dagokionez, salatu du jeltzaleek, sozialistek eta Podemosek adostutakoak "artikulu beraren bertsio desberdinak" jasotzea, ez du onargarri jotzen. Bere iritziz, erabakitzeko eskubideari "zentralitate handiagoa" eman behar zitzaion, "estatus berriaren oinarrizko printzipioa den heinean".

EH Bilduren adituak "estatus politiko berriaren zutabe gisa" defendatu du erabakitzeko eskubidea, eta "herritarren parte-hartzerako tresnen deialdia eta demokrazia zuzena".

Hori horrela, "Espainiako Estatuarekiko harremana aldatuta, erabakitzeko eskubidea egikaritzeko prozedura" arautzen du 170. artikuluan. Lehenik Legebiltzarrak onartu beharko luke eta ondoren erreferenduma egin. Azkenik, Estatuarekin negoziazioa abiatuko litzateke etorkizuneko harremana zehazteko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena