Politika
Sukarrieta (Bizkaia)
Agentzia | Erredakzioa
Ortuzarrek hitza hartu du Sukarrietan, Sabino Aranaren heriotzaren 116. urteurrenean. Aldez aurretik, lore eskaintza egin eta meza bat eman dute.
Albisteak (2)
Euskadiren autogobernua eta etorkizuna "aske" erabakitzeko eskubidea Eusko Legebiltzarrean defendatuko dituztela esan du Andoni Ortuzar EBBko presidenteak. Gainera, EAEn akordio batera iritsi ahal izatea espero du, ondoren Madrilekin eta Bruselarekin adosteko.
Ortuzarrek hitza hartu du eguerdian, ekitaldi politiko batean, Sukarrietan (Bizkaia), Sabino Aranaren heriotzaren 116. urteurrenean. Aldez aurretik, lore eskaintza egin eta meza bat eman dute alderdiko fundatzailearen omenez.
Autogobernu lantaldea eta Estatus Berria hizpide izan ditu buruzagi jeltzaleak. Zentzu horretan, azken egunetan "gauza kontraesankor eta nahasgarri asko" entzuten eta irakurtzen ari direla ohartarazi du.
EAJko militanteei lasaitasuna eskatu die Ortuzarrek, "denborak gauzak bere tokian jarriko dituelako". Foro horretan, "beste guztietan bezalaxe, Eusko Alderdi Jeltzaleak Euskadiren autogobernu gaitasuna, etorkizuna aske erabakitzeko eta, gure historiaren arabera, herri gisa dagozkigun eskubide guztiak mantentzea defendatuko du", ziurtatu duenez.
Zentzu horretan, gai honetan ere akordio bat adosteko gai izatea espero du Ortuzarrek, "ahalik eta zabalena, aurrena Euskadin eta ondoren Madrilen eta Bruselan". Horrela, "Euskadi Europako Nazio" proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko. "Euskadi gero eta askeago, bidezkoago, aberatsago bat", nabarmendu du.
Estatuaren gobernagarritasunari dagokionez, "lurralde eta politika aniztasuneko gehiengoaren" aldeko apustua berretsi du EAJko buruzagiak, "zentsura-mozioa ahalbidetu baitzuen". "Ongi ateratzeko" saiatu egingo direla hitzeman du Ortuzarrek.
"Gainerakoei gauza bera egitea eskatzen diegu soilik. Bereziki PSOEri eta Sanchez hautagaiari argitasuna eta taxuz jotzea eskatzen diegu. Arazoak daude, baina ukatzearekin ez dira konpontzen, ezta desagertzen ere. Espainiako Estatuaren krisi instituzionala bistakoa da, lurralde ereduarekin eta plurinazionalitatearekin lotuta bereziki", azpimarratu du.
Horregatik, Ortuzarren ahotan, Estatuak erreformak behar dituela "begi-bistakoa" da, horietako batzuk "sakonak". "Agertoki politikoa sekula baino anitzagoa dela agerikoa da. Hori horrela dela onartu eta lanean hasiko behar ginateke elkarrizketaren bidez, erabateko egiarik ez dagoela onartuz, betorik eta ditxosozko marra gorririk gabe", gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa