Politika
Kontsultak
PSOEren eta Unidas Podemosen militanteak Gobernu akordioari buruz ari dira bozkatzen
Agentziak | Erredakzioa
PSOEren oinarriak ostiralean hasi dira botoa ematen, Interneten bidez, eta larunbat honetan aurrez aurreko bozketa egingo dute. Unidas Podemosen kontsulta asteazken goizean itxiko da.
PSOEk eta Unidas Podemosek koalizio-gobernurako akordioa azaroaren 12an sinatu ostean, orain alderdien militanteek dute hitza Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek adostutako itunaz iritzia emateko. Hala, larunbat honetan (hilaren 23an) PSOEren eta Unidas Podemosen oinarriak bozkatzen ari dira, Sanchezek eta Iglesiasek hitzartutakoa berresten duten ala ez erabakitzea xede.
PSOEren militanteak ostiral honetan hasi ziren botoa ematen, Interneten bidez, kontsulta lotesle eta derrigorrezkoan. Oinarriak galdera honi ari zaizkio erantzuten: "Koalizio- gobernu aurrerakoia osatzeko PSOEk eta Unidas Podemosek lortutako akordioa babesten al duzu?".
Larunbat honetan, PSOEko oinarriek aukera dute aurrez aurreko botoa emateko, udal- edo barruti-elkarteetan, 10:00etatik 20:00etara arte. Ehun hautesle baino gutxiagoko elkarteek eta aldez aurretik baimena jaso dutenek, baina, murriztutako ordutegia zehaztu ahal izan dute; hain zuzen ere, lau orduko ordutegi bat.
Bitartean, Unidas Podemos ere larunbat honetatik bere militanteei galdetzen ari zaie ea PSOErekin adostutako koalizio-gobernua babesten duten. Pablo Iglesiasen alderdiaren kontsulta ere loteslea da; 10:00etan hasi da, eta asteazkeneko 10:00etara arte ez da itxiko, hau da, hilaren 27ra arte.
Unidas Podemosen galdera hau da: "Ados al zaude koalizio-gobernu batean parte hartzearekin, Pablo Iglesiasek eta Pedro Sanchezek sinatutako aurreakordioaren zehaztapenak kontuan izanik? Bai ala ez".
Egindako azken kontsultako kideen erroldari erreparatuta (Pedro Sanchezen uztaileko inbestiduraren gainekoa), 517.000 militantek izango dute aukera parte hartzeko Interneten bidez. Nolanahi ere, aurreko prozesu batzuei begiratuta, Podemosen esan izan dute errolda erreala, "aktiboak" diren kideak kontuan izanik, 190.000 bat lagunekoa dela.
Unidas Podemosen barnean dagoen Izquierda Unidaren oinarriak ere ari dira iritzia ematen. Militanteek baiezkoa, ezezkoa ala abstentzioa eman behar diote ondorengo galderari: "10 puntuko programa-akordioa eta Estatuko Aurrekontu Orokorren azken hitzarmena kontuan izanik, ados al zaude IUko kideek Unidas Podemosen eta PSOEren arteko koalizio-gobernuan parte hartzearekin?".
Interneten bidezko IUren bozketa larunbat honetako gauerdira arte izango da irekita; igandean, aurrez aurreko botoa eman ahal izango dute militanteek, federazioetan. Astelehenean, hilaren 25ean, jakinaraziko dute emaitza zein izan den.
ERCk, astelehenean
Astelehenean, hain zuzen ere, ERCren oinarrientzako txanda izango da. ERCk 13 diputatu lortu zituen A10eko hauteskundeetan, eta ordezkari horiek erabakigarriak izan litezke Sanchezen inbestidurarako. Alderdiak galdera hau egingo die militanteei: "Estatuarekin dagoen gatazka politikoari negoziazio-mahai baten bidez heltzeko aldez aurretiko akordiorik ez badago, ados al zaude Pedro Sanchezen inbestidura ez onartzearekin?".
Kontsulta elektronikoa asteleheneko 9:00etan irekiko da, eta 20:00etara arte egongo da aukera parte hartzeko. 20:30ean jakinaraziko dute emaitza.