10:05

Politika

2020ko Aurrekontuak

Negoziazioan 'aurrerapausoak' ikusten ditu Elkarrekin Podemosek

Agentziak | Erredakzioa

Martinezek azaldu duenez, akordioa "hurbilago dago" politika feministetan eta ingurumenean. Era berean, negoziazioan emandako "aurrerapauso esanguratsuak" azpimarratu ditu Eusko Jaurlaritzak.

1:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EAEko aurrekontuen negoziazioan, politika feministetan eta ingurumenean "aurrerapausoak" eman direla onartu du Elkarrekin Podemosek.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburua Elkarrekin Podemos osatzen duten bi alderdirekin (Equo eta Podemos) bildu da ostiral honetan.

Ezker Anitza-IUko bi legebiltzarkideek, aldiz, negoziazioa uztea erabaki zuten iragan astean, eta kontrako botoa eman behar dutela iragarri zuten.

Nahiz eta "zati oso garrantzitsu" bat negoziatzeke egon, akordioa "hurbilago dago” politika feministetan eta ingurumenean, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak bilera ondoren azaldu duenez.

Behintzat, bi gai horien inguruko negoziazioan akordioa "hurbilago" dagoela ziurtatu du Martinezek, baina kontuen inguruan adostasun orokor bat lortzeko "asko" falta dela zehaztu du.

Horrela, oraindik aurrekontuen "zatirik garrantzitsuena" eztabaidatzeke dagoela ohartarazi du Martinezek, politika ekonomiko eta sozialen ingurukoa, alegia; balizko krisi ekonomiko baten aurrean herritarrak eta enpresak babesteko neurriak.

Bazterketa soziala

Erronkei aurre egiteko aurrekontuetan neurriak barneratzea eskatu dio Elkarrekin Podemoseko ordezkariak Jaurlaritzari. Zentzu horretan, Caritasen azken txostena gogorarazi du Martinezek: 300.000 pertsonak bazterketa soziala sufritzeko arriskua dute Euskadin.

"Baliteke", azkenean, enplegu planek hasiera bateko eskaerak ez asebetetzea, Martinezek onartu duenez. Gainera, E-Podemosek Jaurlaritzari zerga erreforma bat bultzatzeko planteatutako eskakizuna, azkenean hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusien bidez bideratuko dutela erantsi du.

Negoziazioak "pixkanaka-pixkanaka eta diskrezioz" aurrera eramatearen alde agertu da Martinez.

Osoko zuzenketa

Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa bat aurkeztuko diotela esateko edo ukatzeko "goiz" da, E-Podemosek ordezkariak azaldu duenez. Hala ere, negoziazioari aurrera egiten jarraitzeko "itxura" hartzen baldin badiote, ez lukete halakorik aurkeztuko.

Bestalde, Martinezek EH Bilduri erantzun dio. 2020ko aurrekontuetan balizko akordio batera heltzeko Elkarrekin Podemosen proposamenak iaz koalizio abertzaleak aurkeztutakoak baino "asmo handiagoak" dituela adierazi du.

Eusko Jaurlaritza

Era berean, berdintasunean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan emandako "aurrerapauso esanguratsuak" azpimarratu ditu Eusko Jaurlaritzak, baina enplegu politiketan akordio bat bilatzeko saiakeran "sakontzen jarraitzeko" beharra onartu du Exekutiboak.

Bilera ondoren Sailak agiri batean jakitera eman duenez, Elkarrekin Podemosek "bi ardatzetan" oinarritutako negoziazioa planteatu du: balizko krisi baten aurrean familiak, enpresak eta gazteak babesteko neurriak; eta berdintasuna bultzatzeko eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako neurriak.

Berdintasunean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan "aurrerapauso esanguratsuak" eman dituzte ostiral honetan, Exekutiboak nabarmendu duenez. Hala ere, "enplegu politika publikoak aztertzeko garaian, sakontzen jarraitu beharra dago", onartu duenez.

Gainera, Ogasun Sailak ziurtatu duenez, Elkarrekin Podemoseko ordezkariek "negoziazioan marra gorririk" ez dagoela errepikatu diete.

Hitzordu berri bat zehazteko deia egin dute bi aldeek, baina oraingoz data ez dute zehaztu.

Atzo, bilera EH Bildurekin

Bitartean, EH Bildu batzartu zen atzo, ostegunean, Azpiazu sailburuarekin, Aurrekontuen negoziazioaren testuinguruan: bilera amaituta, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek, haren iritziz, "oso aurreratuta" daukatela 2020ko Aurrekontuak onartzeko ituna, "dagoeneko akordioa itxita ez badago". Iriartek Elkarrekin Podemosen jarrera kritikatu zuen, eta haren babesa "merke" saldu izana egotzi zion: "Eusko Jaurlaritzak opari batekin egin du topo", adierazi zuen, atzo.

Horrez gain, PPrekin ere bilduko da Iñigo Urkulluren Gobernua, baina Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidenteak aitortuta du Aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko aukerak "oso txikiak" direla, eta "litekeena" dela Jaurlaritzak Podemosekin lortzea akordioa.

EAJk eta PSE-EEk osatzen duten koalizio-gobernuak ez du gehiengo osorik; hain zuzen ere, boto bat behar dute legealdiko azken urteko Aurrekontuak onartzeko. Hori dela eta, oposizioko talderen baten babesa jasotzen saiatzen ari dira egunotan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena