Politika
Jaurlaritzaren dekretua
Agentziak
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, dekretua Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen Udal Legean oinarrituta dago, eta lege hori Mariano Rajoyren gobernuarekin adostu zuen.
Alfonso Alonso, gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: EFE
Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak esan duenez, udalei zein hizkuntzatan lan egin nahi duten hautatzeko aukera ematen duen Eusko Jaurlaritzako dekretua "inkonstituzionala" da, herritarren "askatasuna" urratzen duelako. Hori dela eta, dekretuaren "aurka egiteko" deia egin die herritarrei.
Legebiltzarrean dekretua onartu eta biharamunean eskainitako prentsaurrekoan, oso kritiko izan da Alonso, eta "Harrituta" agertu da PSE-EEk testua babestu duelako. "Herritarren oinarrizko askatasunen eta eskubideen kontrako erasoa da", salatu du.
"Administrazioak ez du eskubiderik hizkuntza bat beste baten aurrean lehenesteko", azpimarratu du PPko buruzagiak, eta "tokiko erakundeei hizkuntza bat lehenesteko ahalmena" ematea leporatu dio Jaurlaritzari.
Horren esanetan, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuaren inguruan emandako epaiak argi utzi zuenez, "Administrazioak ezin du bi hizkuntza ofizialen artean lehentasunik ezarri".
"Erabateko astakeria da"
Alonsoren ustez, Jaurlaritzak onartutako dekretuak ez dio bakarrik tokiko administrazioen eguneroko hizkuntzari edota auzokideekin erabiltzekoa denari eragiten, eta ondorioak edukiko ditu dirulaguntzen onuradunentzat eta administrazio-emakiden jabeentzat ere.
Horren harira, adibidea jarri du PPko buruzagiak: "Udal batek erabaki lezake ONCEren kiosko batek hizkuntza bat edo betea erabili behar izatea herritarrei eman beharreko zerbitzu horretan. Erabateko astakeria da".
Alonsoren esanetan, Jaurlaritza herritarrei eskubideak "lapurtzen" ari zaizkie. "Jendeak aurka egin behar dio", erantsi du.
Era berean, iragarri du bere alderdia testua aztertzen ari dela helegitea aurkezteko asmoz.
Bestalde, Eusko Legebiltzarrak eskatuta, aditu talde batek azaroaren 30ean aurkeztuko duen Estatutu berriaren zirriborroa ere izan du hizpide Alonsok. "Bihurguneak datoz", iragarri du, proposamenak Konstituzioa urratuko duela uste baitu. "Estatuari fronte berri bat aterako zaio hemen", Alonsoren ustez.
Eusko Jaurlaritzaren erantzuna
Eusko Jaurlaritzaren arabera, dekretua Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen Udal Legean oinarrituta dago, eta lege hori Mariano Rajoyren gobernuarekin negoziatu zen.
Ildo horretatik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du arau berriak herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzen dituela. "Oso kontuz ibili gara dekretua idaztean, bere garaian adostutakoa kontuan izanda, eta Jaurlaritzaren zerbitzu juridiko guztien babesarekin. Ziur gaude dekretu konstituzional baten aurrean gaudela".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa