Politika
Txostena
eitb.eus
Erakundearen iritziz, "sedizio delitua oso modu orokorrean" jasota dago Espainiako Zigor Kodean, eta "horrek interpretazio zabalegia eta arriskutsua" ahalbidetzen du.
Amnistia Internazionala erakundeak txosten bat kaleratu du gaur, asteartea, eta bertan, zalantzan jarri ditu Kataluniako politikari eta buruzagi independentistei 'proces' auziagatik ezarritako zigorrak. Ildo horretatik, Espainiako Zigor Kodean aurreikusitako sedizio delituaren definizioa "oso orokorra" dela esan du, eta "horrek interpretazio zabalegia eta arriskutsua" ahalbidetzen duela gaineratu du.
"Epaiketa behatu eta epaia arreta handiz irakurri ondoren", giza eskubideen aldeko erakundeak bere kezka agertu du "Espainiako legediak sedizio delituaren inguruan egiten duen definizioagatik eta Auzitegi Gorenak egin duen interpretazioagatik". Izan ere, erakundearen iritziz, ebazpen horrek legezkotasun-printzipioa urratzen du, eta neurrigabeko zigorrak ezartzea ahalbidetzen du, lege bat urratzea ekar lezaketen jokabideak izan badaitezke ere, adierazpen askatasunaren eta bilera baketsuaren eskubideen babespean egon daitezke.
Testuinguru horretan, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omnium elkarteetako presidenteak espetxera bidali izana giza eskubideek bermatutako protesta baketsua egiteko aukera neurriz kanpo murriztea dela uste du erakundeak. Dena dela, Amnistia Internazionalak ez du arrazoirik aurkitu Kataluniako buruzagien aurka burututako prozesu judizialak epaiketa justu baten bermeak urratu dituela esateko.
Erakundearen iritziz, "sedizio delitua oso modu orokorrean" jasota dago Espainiako Zigor Kodean, eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 7. artikuluan jasotako legezkotasun-printzipioa urratzen du. Kasu horretan, gainera, "bereziki garrantzitsua da Auzitegi Gorenak emandako interpretazioa, sedizio delitua aplikatzen den lehen aldia baita".
"Legezkotasun-printzipioa betetzeko, jokabide penal oro argi eta garbi zehaztuta egon behar da, delitu horregatik aurreikusitako zigorra aurreikusteko modukoa izan dadin. Aurreikusteak esan nahi du pertsonek jakin ahal izango dutela zein ekintza egingo dituzten penalki erantzule, eta zein zigor ezarriko dieten", adierazi du Amnistia Internazionalak.
"Espainiako legedian sedizio delituaren definizioaren argitasun faltak aukera ematen du adierazpen askatasunerako eta bilera baketsua egiteko eskubideei bidegabeko murrizketak ezartzeko, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak babesten dituen indarkeriarik gabeko ekintza zuzenen kriminalizazioa baimenduz. Ordena publikoaren aurkako beste delituek ez bezala, sedizioak ez du esplizituki indarkeria erabiltzea edo mehatxatzea jasotzen", adierazi du erakundeak.
Era berean, Amnistia Internazionalak ez du Tribunalaren baieztapenarekin bat egiten: "2017ko irailaren 20ko eta urriaren 1eko ekintzak manifestazio baketsu eta legitimotik urrun egon ziren”.
Halaber, erakundeak agindu judizial bat modu baketsuan galarazteak bilera baketsua egitea baimentzen duen eskubideari zenbait murrizketa ezartzea justifika lezakeela azpimarratu du eta erakundearen iritziz, auzitegiak sedizio-delitua aplikatzea zein zigor penalak ezartzea, aurreikusteko moduko neurriak, beharrezkoak eta proportzionalak direla, frogatzean huts egin du, epaiak berak aitortzen duen bezala, nagusiki baketsuak izan ziren gertakarien aurrean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa