Politika
Autodeterminazioa
eitb.eus
Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak sinadura bilketa "masiboa" egingo du hilabetez, maiatza eta ekaina bitartean, erreferendum bidez erabakitzeko.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak, Gure Eskuk, erreferendumaren aldeko herri ekimen bat abiarazi duela iragarri du, sinadura bilketa bat ardatz nagusitzat izango duena, "erreferendum bidez gure etorkizunari buruz erabaki nahi dugu", adierazteko.
"Euskal Herri osoa, herriz herri, ekitaldiz ekitaldi beteko dugu, eta horrekin herritarren sinadurak bilduko ditugu, eta, horrela, garen guztiak ikusaraziko ditugu", esan dute gaur Gure Esku plataformako bozeramaile Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk, Donostian emandako prentsaurrekoan.
Horretarako mobilizazio fasea egingo dute, eta hilabeteko epea izango dute, maiatza eta ekaina bitartean, helburu argi batekin: "Konpromisoen batuketa masiboa egingo dugu erreferendum bidez erabaki ahal izatearen alde".
"Gure etorkizunari buruz erabaki ahal izateko behar ditugun tresnak lortzeko pauso eraginkorra ematera bideratuta dago ekimena, erakunde publikoen aurrean erreferendumak legeztatzeko eskaera eraginkorra eginez", azaldu dute.
Horretarako, Eskaera Eskubidea erabiliko dute, "herritarrei zein kolektiboei erakundeei eskaerak egiteko aukera ematen digun demokrazia zuzeneko tresna baita".
"Gure kasuan, gure erakundeei zuzendutako lege eskaera izango da; hau da, egingo dugun eskaera erreferendumak egiteko neurri legegileen eta berme politiko eta juridikoen beharrari lotuta egongo da", esan dute.
Igandeko hauteskundeek utzi duten mapa politikoa gogora ekarrita, honakoa adierazi dute: "Emaitzek argi erakutsi dute Hego Euskal Herriko eta Kataluniako errealitateak ezberdinak direla Espainiako estatuko gainerako lurraldeekin alderatuta".
"Errealitate politiko ezberdina. Kultura politiko eta demokratiko ezberdina, balio ezberdinak … eta gure etorkizunaren jabe izateko borondatea dugu", ziurtatu dute.
Horregatik, burujabetzan sakontzea da bidea, Gure Eskuren iritzian, "gizartea kohesionatuz, eta sareak ehunduz eta artikulatuz". "Jakitun gara egoera konplexua dela. Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaiak egoera kritikoa sortu du, eta kriminalizatu egin dituzte oinarrizko eskubideak, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazio eskubidea", azaldu dute.
Horrenbestez, irtenbide politikoa eskatu dute: "Gakoa da Kataluniako herriaren borondatea errespetatzea, eta elkarrizketa politikoaren bidez irtenbidea ematea. Gu logika horretan kokatzen gara. Erreferendumaren aldeko indar metaketa beharrezkoa ikusten dugu, tresna demokratiko gisa. Eta, horregatik, erreferendumaren aldeko herri ekimena martxan jarri dugu".
Erronka kolektiboa
Herri ekimen hori erronka kolektiboa izango da, Alvarezen eta Etxabururen arabera. Martxoaz geroztik, "mota guztietako kolektibo eta erakundeekin" partekatzen ari dira ekimen hori, eta herriz herri "konplizitateak eraikitzen eta herritarren konpromisoa jasotzen jarraitzen dugu".
Gure Eskuren bozeramaileen arabera, ekimenak lurralde bakoitzaren nortasuna eta garapen propioa hartuko ditu kontuan, eta "Elkarguneak" izenekoetan hartuko dituzte erabakiak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa