19:32

Politika

Bakea eta bizikidetza

Jaurlaritzak 'Herenegun' programa aldatu du, biktima gehiagoren testigantzak sartuta

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Ikastetxetan emateko materiala gogor kritikatu zuten biktimen elkarteek eta alderdi politiko guztiek, EAJk salbu.

  • 'Herenegun' programaren aurkezpena.

    'Herenegun' programaren aurkezpena. ETBko bideo batetik hartutako irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hainbat elkarte eta alderdi politikoren kritikak jaso ostean, Eusko Jaurlaritzak 'Herenegun' programa aldatu du, indarkeria mota ezberdinetako biktima gehiagoren testigantzak sartuta.   

Azken hamarkadatan Euskal Herrian izan dugun gatazka armatuari buruzko material didaktikoa 'Herenegun' programa, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei zuzenduta dago. Hainbat biktimaren testigantzak biltzen ditu, baita ETAko kide ohi batzuena eta ordezkari politiko eta instituzionalena ere.  

ETAren biktimen elkarte askok gogor kritikatu zuten material hori, "gatazka politikoaren teoria" indartzen zuela eta ETAren jarduera armatua "zuritzen" zuela iritzita.

Bestalde, ETAren eta GALen biktima batzuek 'Herenegun' programa babestu zuten, ikasleei hemen gertatu dena modu kritiko batean transmititzeko balio duela azpimarratuta. 

Proiektua publikoki aurkeztu zutenean, talde parlamentario guztiak, EAJ izan ezik, kontra agertu ziren. EH Bilduk adierazi zuen ezker independentistak gatazkari buruz egiten duen irakurketa jasotzen ez zuela; Elkarrekin Podemosen esanetan, ez zuen argi uzten bi bandoren arteko gatazkarik izan ez zela; eta PSE eta PPren arabera, programa horrek ez zuen balio ETAri zilegitasuna kentzeko.  

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak material hori ikastetxeetara eramateko plana geldiarazi eta elkarrizketa prozesu bat jarri zuen martxan, biktimen elkarteen eta alderdi politikoen ekarpenak jasotzeko.

Prozesu horren ondotik, 36 aldaketa egin eta bederatzi biktimaren testigantzak gehitu dituzte: ETArenak, GALenak eta poliziaren indarkeriarenak.

Testuez gain, bost dokumentalekin osatuta dago 'Herenegun' programa, eta, guztira, 25 biktimaren testigantzak biltzen ditu: horietako 16 ETAren biktimak dira; bi, GALenak; hiru, 1976ko martxoaren 3an Poliziak Gasteizen egindako sarraskiarenak; eta azkenik, torturatu batena.    

Horrez gain, politikarien adierazpenak murriztu dituzte.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena