Politika
EH Bildu
Agentziak | Erredakzioa
EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren iritziz, Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek zuzendutako alderdiek "demokratizazio-programa bat" abiatu behar dute.
Albisteak (10)
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik esan du une honetan ez duela ikusten "atea irekita" PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio-gobernua errazteko, eta bi alderdi horiei dagokiela "ate hori irekitzea", "demokratizazio-programa bat" abiatuz.
Otegik prentsaurrekoa eman du asteazken honetan EH Bilduren Donostiako egoitzan, PSOEk eta Unidas Podemosek sinatutako aurreakordioaz hitz egiteko. Ez du zehaztu EH Bilduko bost diputatuek babestuko duten, baiezko botoaren edo abstentzioaren bidez, ezkerreko gobernu berri horren inbestidura.
Horren esanetan, Kataluniako independentistekin adostuko dute euren jarrera, eta ERC, oraingoz, ezezko botoaren aldekoa dela azaldu du. Halaber, PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioak "elkarbizitzako arazotzat jotzen du Kataluniakoa", gaitzetsi duenez. Otegiren iritziz, "diagnostiko okerra" da hori.
"Katalunian ez dago elkarbizitza-arazorik, arazo politikoa dago, Euskal Herrian bezala, eta horri konponbidea emateko autodeterminazio-eskubidearen erabilera demokratikoa gauzatu behar da", esan du Otegik. Horren esanetan, ez du askorako balio "eztabaidaz hitz egiteak", testuak egiten duen bezala, "diagnostiko zuzena egin gabe".
Otegiren arabera, asteartean Sanchezek eta Iglesiasek sinatutako dokumentua "zehaztu beharreko aurreakordioa da". Nolanahi ere, "errege magoentzako gutuna da", eta "ez dio ezer lan-erreforma edo mozal-legea indargabetzeaz".
Gainera, "aurrekariak ez dira oso onak"; izan ere, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentea "kanpainan Ciudadanos besarkatzen saiatu da, PPrekin ahalegindu da gero, eta Pablo Iglesias besarkatu du azkenean".
"Inboluzio-agenda" erosi izana egotzi dio Sanchezi, "estatu-kolpe digital baten bidez eta legezkoak ez diren kontsultetarako Zigor Kodea erreformatzeko mehatxu eginez".
PSOEk eta Unidas Podemosek aukeratu behar dute
Otegiren ustez, PSOEk eta Unidas Podemosek "78ko erregimenari txapa eta pintura berritzea edo agenda demokratizatzaile bati sakon heltzea" aukeratu behar dute. Horien hautaketa zein den ikusita erabakiko du EH Bilduk babestu ala ez.
Gogora ekarri du Unidas Podemosek eredu konfederal bat babesten duela, eta ETAko presoak sakabanatzearen aurka eta autodeterminazio-eskubidearen alde agertu dela. "Gobernu honek zeren alde egiten duen ikusteko dago", gehitu du.
"Beraiek aukeratu behar dute. Herritarrei argi esan behar diete zer egingo duten", berretsi du Otegik.
Voxekin batera bozkatzeko aukera
EH Bilduk ezezko botoa emango balu, baliteke PPrekin, Voxekin eta Ciudadanosekin bat egitea, eta Estatuan berriro ere hauteskundeak deitu behar izatea. EH Bilduko koordinatzailearen esanetan, aukera horrek ez die baldintzatuko euren erabakia.
"Trikimailu horrek ez du funtzionatuko", adierazi du Otegik, eta honakoa gaineratu du: "Ultraeskuina indartu dutenek eraman gaituzte hauteskunde hauetara, arduragabe jokatuz. Ultraeskuina ez du independentismoak indartzen, kultura politikoa da. Demokratizatzeko agendari heldu behar diote; bestela, ultraeskuina indartzen jarraituko dute".
Bestalde, Otegi "harrituta" agertu da, "kafe batekin eta 24 ordutan" adostu dutelako aurreko sei hilabeteotan lortu ezin izan duten akordio bat. "Politika Twitterren egiten denean, eta komunikazioaren guruek agintzen dutenean, hutsegite larriak egoten dira", gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa