Politika
Gobernu osaketa
Agentziak
PSOEko idazkari nagusiak nabarmendu du lau urterako akordioa dela, legealdi osorako; Iglesiasek, aldiz, esan du koalizioak batzen duela "PSOEren esperientziak, eta Unidas Podemosen ausardiak".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidente eta PSOEko buruzagiak eta Pablo Iglesias Unidas Podemosen idazkari nagusiak akordioa sinatu dute, Espainian koalizio-gobernua osatzeko, Diputatuen Kongresuan.
Horrela, Sanchezek eta Iglesiasek Espainiako Gobernuaren blokeoa hautsi dute; izan ere, legealdi osorako akordioa adostu dute, eta koalizio-gobernua izango da espainiar Estatuan. Ondorengo egunotan emango dituzte jakitera hitzarmenaren xehetasunak; hauteskundeak egin eta 48 ordura baino gutxiagora itxi dute akordioa.
"Espainiarrek hitz egin dute; orain, alderdiok dugu ardura herritarren borondateri erantzuna emateko", esan du Sanchezek; Iglesiasek, aldiz, nabarmendu du bere alderdiarentzat "ohorea" dela Gobernuan egotea.
Sanchez: "Gobernua guztiz arrerakoia izango da. Legealdi osorakoa da"
Pedro Sanchezek adierazi du proiektuak "ilusio handia" sortzen duela: "Gobernua guztiz aurrerakoia izango da. Akordioa legealdi osorako egin dugu, lau urterako. Horren oinarriak dira kohesioa, leialtasuna eta elkartasuna".
PSOEko idazkari nagusiak zehaztu duenez, apirilaren 28ko hauteskundeen ostean oso gertu izan zuten akordioa Unidas Podemosekin: "Proiektu honek, horrenbeste ilusioa sortzen duenez, edozein etsipen gainditzen du".
Sanchezen esanetan, Gobernuak "Espainiak aurre egiteko lan egingo du. Gorrotoak eta konfrontazioak ez dute tokirik izango horretan".
Espainiako jarduneko presidenteak azpimarratu du asmoa dela akordioa gainerako alderdiei ere helaraztea: "Segituan ekingo diogu bilera-sorta bati, gehiengo bat eratzeko".
Sanchezen esanetan, "ez dago blokeo gehiagorik izateko arrazoirik. PSOEk alderdien eskuzabaltasunerako eta erantzukizunerako deia egiten du", berretsi du, Pablo Iglesiasi eta Unidas Podemoseko buruzagiei berriro eskerrak eman aurretik.
Iglesias: "PSOEren esperientzia, eta gure ausardia"
Pablo Iglesiasek, bere aldetik, berretsi du hauteskunde-gauean esandakoari: "Apirilean aukera historikoa zen, baina orain behar historikoa. Koalizio honetan PSOEren esperientzia eta Unidas Podemosen ausardia batuko dira. Lurralde-krisia konpontzeko, elkarrizketa da apustua; eta ultraeskuinari aurre egiteko, justizia soziala".
Iglesiasek esan du ez dela gaitzespenik egiteko garaia: "Ohorea da Gobernuan lan egitea. Horretarako sortu ginen. PSOEk gure leialtasun osoa izango du".
PSOEk eta Unidas Podemosek ziurtatu dute partekatzen dutela garrantzitsua dela euren gain hartzea konpromisoa "askatasunaren, tolerantziaren eta balio demokratikoak errespetatzearen alde egiteko"; hain zuzen ere, horixe izango da Gobernuaren ekintzaren gida, "Europako tradiziorik onenari jarraituz".
iglesiasek eskerrak eman dizkio Sanchezi haren eskuzabaltasunagatik. Hainbat komunikabide eta agentziaren arabera, astelehenean itxi omen dute hitzarmena, Gobernuaren osaketa desblokeatzeko.
Akordioak zehazten du koalizioko Gobernu aurrerakoiaren konpromisoa izango dela "Katalunian bizikidetza bermatzea", eta bizitza politikoaren "normalizazioa", elkarrizketa sustatuz, "beti Konstituzioaren barnean".
Dokumentuaren arabera, bi alderdiek oraindik dute zabalik Gobernu berriaren egitura eta funtzionamenduaren gaineko negoziazioa; Gobernuaren asmoa izango da Espainia kokatzea erreferente moduan Europan, "eskubide sozialen babesari dagokionez", herritarrek hautetsontzietan erabaki dutenez.
Gobernuko kide bakoitzaren betebeharrak zehazte aldera, kontuan izango dute zeinek duen egokitasun handiena.
Autonomien Estatua ere indartuko dute, autonomia-erkidegoen esku dauden eskubide eta zerbitzuen egite egokia ziurtatzeko: "Espainiar guztien arteko berdintasuna bermatuko dugu", diote PSOEk eta Unidas Podemosek akordioaren testuan.
Bi liderren arteko besarkada
Agerraldia amaituta, eta Sanchez eskua emateko asmoarekin joan zaionean, Podemoseko liderra hurbildu zaio, besarkada handia emateko, A10eko hauteskundeetako kanpainan elkarri hainbat gaitzespen egin dizkioten arren.
BIDEOA | Besarkada batekin bukatu dute Sanchezek eta Iglesiasek aurreakordioaren sinadura
Gelan, argazkilariez eta kazetari batzuez gain, hauek zeuden: Ivan Redondo Sanchezen Bulegoko burua, Felix Bolaños Presidentetzako idazkari nagusia; eta Adriana Lastra eta Rafael Simancas buruzagi sozialistak.
Unidas Podemosen aldetik, aldiz, ondorengoak izan dira: Irene Montero, Yolanda Diaz, Juan Lopez de Uralde, Pablo Echenique, Alberto Garzon eta Jaume Asens.
Galderarik izan ez duen agerraldiaren amaieran, Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek agur txeratsua egin diete bi alderdietako kideei.
Garzonek aurreratua zuen Twitterren
Sanchezek eta Iglesiasek agerraldia egin aurretik, Alberto Garzon Izquierda Unidako koordinatzaile federalak akordioa baieztatu du Twitterren: "Ospakizun-eguna da gaur. Eskerrik asko militante guztioi, hona heldu ahal izateko borrokatu baitzuten".
Hemos alcanzado un acuerdo para un gobierno de coalición entre Unidas Podemos y PSOE. Hoy es un día de celebración. Gracias a toda la militancia que peleó que pudiéramos llegar aquí. Hemos demostrado que se puede. ¿¿
— Alberto Garzón¿ (@agarzon) November 12, 2019
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa