10:45

Politika

Europako Parlamentua

EBko Justizia Auzitegiko abokatua, Junqueras eurodiputatu gisa onartzearen alde

Agentziak | Erredakzioa

Abokatu nagusiaren ondorioak ez dira lotesleak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiarentzat, baina, gehienetan, Gortearen erabakiak bideratzen dituzte.

  • Oriol Junqueras, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Oriol Junqueras, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiaren iritziz, Oriol Junqueras ERCko liderra Europako Parlamentuko kide gisa onartu beharko lukete, hauteskunde emaitzak aldarrikatuta, kontu formalak gorabehera.

Abokatu nagusiaren ondorioak (Maciej Szpunar poloniarra da) ez dira lotesleak Auzitegiarentzat, baina, gehienetan, Europako Gortearen erabakiak bideratzen dituzte.

Abokatuaren esanetan, aukeratu duten eta kidea den Estatuak Europako Parlamenturako hautatu ofizialki izendatu badu, pertsona bat Europako Parlamentuko kide da, "une horretatik, eta bakarrik ofizialki izendatu dutelako".

Nolanahi ere, abokatuak bere txostenean nabarmendu du eurodiputatuen immunitatea Parlamentuaren lehen saio-epea irekitzearekin batera aktibatzen dela; alegia, kasu honetan, uztailaren 2an.

Junquerasen defentsaren arabera, ERCko liderra immunitate horrek babesten du, maiatzeko hauteskundeetan eserlekua erdietsi zuenetik. Espainiaren eta Europako erakundeen iritziz, baina, ez du babes hori, ez baitzuen akta hartzerik izan.

Immunitatea

Abokatu nagusiak ebatzi duenez, Europako Justizia Auzitegiak ez du eskumenik Espainiako Auzitegi Gorenak mahaigaineratutako epaiketa-aurreko galderei erantzuteko; izan ere, proces auziaren epaiak (urriaren 14koa da, eta 13 urteko kartzela-zigorra eta 13 urteko gaitasungabetzea ezarri zizkion ERCko liderrari) indargabetu egin zuen Junquerasen agintaldia.

Espainiako Auzitegi Gorenak, Junquerasen defentsak eskatuta, epaiketa-aurreko galdera egin zion Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari, europar legea nola ulertu behar zuen jakiteko, Kataluniako presidenteorde ohiak alegatutako parlamentu-immunitateari dagokionez.

Gorenak ez zion Junquerasi baimena eman kartzelatik irteteko "Konstituzioaren zina egiteko edo horri men egiteko promesa gauzatzeko", ezta eurodiputatuaren akta jasotzeko ere; izan ere, ihes egiteko arriskua zegoen, Auzitegiaren iritziz.

"Eurodiputatua hautatu duten Estatuko agintariak behartuta daude horrek bere betebeharrak bere gain hartzeko tramiteak oztopatzeko moduko neurririk ez gauzatzera, baita indarrean dauden neurriak indargabetzera ere, Parlamentuak immunitatea indargabetu ezean", abokatuaren arabera.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena