Politika
Emaitzak
Agentziak | Erredakzioa
Hauteskunde orokorren biharamunean, Euskadiko PPko presidenteak ziurtatu du berriro saiatuko dela akordioa adosten Euskadiko Ciudadanosekin, Riverak dimisioa eman ostean.
Alfonso Alonso, Gasteizen, astelehen honetan. Argazkia: EFE.
Albisteak (7)
Euskadiko PPko presidente Alfonso Alonsoren iritziz, Euskadin zuen beherako joera irauli egin du bere alderdiak A10ean, nahiz eta Diputatuen Kongresuan ordezkaritzarik lortu ez duen; halaber, Alonsok ziurtatu du berriro saiatuko dela akordioa adosten Ciudadanosekin Euskal Autonomia Erkidegoan, azken alderdi horretako lider Albert Riverak dimisioa eman ostean.
Alonso kezkatuta azaldu da Voxen emaitzengatik; izan ere, haren ustez, Voxek "Konstituzioaren aurreko diskurtsoak" ditu; halaber, esan duenez, Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak jarraitzen du izaten "blokeorako elementu nagusia", Espainian "Gobernu egonkorra" izateko.
'Memoria Eguna'ren harira Gasteizen egindako ekitaldi batean, Alonsok nabarmendu du PPk "aurrerapausoa" eman duela Espainiako zentro-eskuina berreskuratzeko: "Horrek berreskuratze-joera zehazten du, ona da PPrentzat".
"Euskadin, botoei dagokienez, gure emaitza hobetu dugu. Botoetan, gehien igo den alderdia gara. Dena den, orain arte, eta behin betiko zenbaketak Bizkaian aulki bat eman ezean, ordezkaritza berriro izateko helburua ez dugu bete", adierazi du.
Nolanahi ere, uste du "joera irauli egin” dutela; izan ere, PPk, "2016tik", geroz eta boto gutxiago erdietsi ditu, hauteskundeetan: "Eta orain, indarberritzen hasi gara. Jende askoren jarrerak, bozkatzean ere bai, zirrarak izan ditu abiapuntu, eta arrazoimena edo arrazionaltasuna alde batera utzi dituzte zenbaitek; horren ondorioz, ikusten ari gara Konstituzioaren aurreko diskurtsoak dituen eskuin batek nolako emaitzak lortu dituen; hori kezkagarria da, eta ez da ona Espainiaren egonkortasunerako", esan du.
Hauteskundeak errepikatzea, "penagarria"
Alonsok, horrez gain, azpimarratu du hauteskundeak errepikatzea "penagarria" izan dela, eta Pedro Sanchezen eskutik iritsi dela deskalabru hori: "Hauteskundeak deitu zituen esaten zuelako aurreko egoerak ez ziola mesederik egiten gobernagarritasunerako. Deitu zituen hauteskundeak pentsatuta aulki gehiago lortuko zituela, eta babes gehiago izango zituela, eta porrot egin du. Sanchezi buruzko erreferenduma izan da, eta espainiarrek ohartarazpena egin diote".
Alonsok gogorarazi du Sanchez izan dela bozkatuena, baina nabarmendu du boto eta babes gutxiago izan dituela: "Espainian Gobernu egonkorra egoteko koalizioa osatzen aldera, askoz ere zailtasun gehiago ditu".
"Orain ardura handiko unea dator, eta Casado presidentearen adierazpenak berresten ditut nik. Guk maila emango dugu, baina Sanchezek heldu behar dio kontuari, eta erakutsi behar du hausnarketa egin duela; hain zuzen ere, bera da Espainian Gobernu egonkorra egoteko blokeoko eta zailtasuneko elementu nagusia; berak jarraitzen du izaten", zehaztu du.
Albert Riveraren dimisioaz ere aritu da Alonso; esan duenez, ez daki zein izango den Ciudadanosen etorkizuna: "Beraiek erabaki beharko dute", esan du.
Riveraren erabakia errespetatzen duela adierazita, gogora ekarri du PP saiatu zela Ciudadanosekin koalizioa egiten, eta ziurtatu du akordio horrek "funtzionatuko zuela": "Euskadiko Ciudadanoseko jendeak egin nahi zuen; Riverak, aldiz, ez zuen nahi. Suposatzen dut akatsak egin dituela. Nik, dena den, berdin pentsatzen jarraitzen dut: uste dut beharrezkoa dela zentro-eskuineko botoak batzea. Ahalegintzen jarraituko dut", amaitu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa