Politika
hauteskunde orokorrak
Agentziak | Erredakzioa
Juan Carlos Girauta bozeramaile ohiak ere utzi du politika.
Albisteak (2)
Albert Riverak dimisioa aurkeztu du igandeko hauteskundeetan jasotako porrotaren ostean, izan ere, bere alderdia 57 eserleku izatetik 10 izatera igaro da Kongresuan eta 2,3 milioi boto galdu ditu. Ciudadanosen (Cs) zuzendaritza bildu da goizean, eta bertan jakinarazi du bere erabakia Riverak. Ondoren, galderarik gabeko agerraldia egin du.
13 urtez Cs-ren presidente izan denak hiru erabaki jakinarazi ditu agerraldian: "Bi politiko, eta bat pertsonala". Lehenengoa, bart "aurreratutakoa": Ciudadanosen presidente izateari utzi diola. Bigarrena, ez duela A10eko hauteskundeetan irabazitako diputatu akta jasoko. Hirugarrena, politika utziko duela.
Riveraren esanetan, "alderdi baten arrakastak denonak dira, baina emaitza txarrak, buruzagiarenak". Hala, "koherentziagatik eta erantzukizunagatik" Cs-ren presidente kargua uztea erabaki du, beste bati lekua utziz: "Beti pentsatu izan dut buruzagi batek aurpegia eman behar duela. Ausarta eta koherentea izaten saiatu naiz beti".
Jada Ciudadanosen presidente ohia denak uste du Espainiak "alderdi liberal eta zentrista" bat behar duela, "gorriaz eta urdinaz harago" (PSOEri eta PPri erreferentzia eginez).
Buruzagi gisa dimisioa emateaz gain, Kongresura diputatu akta jasotzera joango ez dela ere iragarri du. "Inoiz ez naiz politikan eserleku bati lotuta egon", azaldu du.
Riverak kezka agertu du Espainiaren egungo egoera politikoagatik, eta zortea opa die gainerako alderdiei. Jakinarazi du, era berean, bizitza publikoa utziko duela familiarekin, bikotekidearekin eta lagunekin egoteko. "Bizitza politika baino gehiago da, badut bizitza bat, izan nuen eta izango dut politika utzi ostean ere", adierazi du. Alderdikideek txalo zaparrada batekin eskertu dizkiote hitzok.
Riverak bart onartu ditu Ciudadanosen emaitza kaskarrak, "aringarririk gabe, aitzakiarik gabe", erantsi zuen. Horren harira, Ciudadanosen etorkizuna erabakitzeko ezohiko kongresu bat egitea proposatu zuen. Ez zuen zehaztu berak zer egingo zuen, baina berretsi zuen ez zela politikan sartu eserleku bakarra izateko.
Girautak ere agur
Juan Carlos Girauta bozeramaile ohiak ere iragarri du erretiro politikoa hartuko duela, ez duelako nahi politikan egon Rivera ez badago. Girauta eserleku barik geratu zen igandeko hauteskundeetan.
"Ez dut politikan egon nahi Albert bertan ez badago", nabarmendu du, eta "gizon on bat zapaldu" izana deitoratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa