Politika
Bilera Donostian
Agentzia | Erredakzioa
Iheslariak "tarteka itzultzeko, prozesu bat zehazteko" adostasun zabal bat lortu behar dela uste du Foro Sozial Iraunkorrak. "Justizia trantsizional batek erraztu" beharko lukeela erantsi du.
Foro Sozial Iraunkorrak bilera egin Donostian. Argazkia: Foro Soziala
Iheslariak "tarteka eta modu ordenatuan itzultzeko, prozesu bat zehazteko" adostasun zabal bat lortzea beharrezkoa dela uste du Foro Sozialak. Prozesua "izaera trantsizionaleko justizia batek erraztu" beharko lukeela erantsi du.
Foro Sozial Iraunkorrak bilera egin du larunbat honetan, Donostian. "Arrazoi politikoengatik ihes egindako eta erbesteratutako pertsonen birgizarteratze" eta itzuleran emandako "aurrerapausoen eta zailtasunen" balantzea egin dute batzarrean.
Azpimarratu dutenez, pertsona iheslari eta deserriratuen kolektiboa 42 pertsonak osatzen dute, eta Mexiko, Brasil, Uruguai, Txile, Venezuela, Nikaragua, Kanada, Suitza, Belgika, Portugal, Italia, Kuba, Erresuma Batua, Irlanda, Alemania eta Herbeheretan daude.
"Adineko" pertsonak lirateke, "gehienak osasun arazoekin". "Itzultzen direnean gabezia handiak dituzte lan-bizitzan", gogorarazi dutenez.
Foro Sozialak arazoa konpontzeko proposamenak egin ditu: "Erakundeek prozedura judizialak zabalik ez dituzten edo preskribaturik dituzten pertsona iheslarien itzulera erraztea".
Era berean, "torturapean lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioak soilik dituzten pertsonen itzulera" bermatzea eskatu du Foro Sozialak.
"Izaera trantsizionaleko justizia baten markoan, 'erbeste zigorra' pairatzen ari diren pertsona guztientzako irtenbide juridiko bat artikulatu beharko litzateke, hau da, egonaldi luze eta mugatua hirugarren herrialde batean agintariek inolako prozedura judizialik gabe deserriratu ondoren eta, ondorioz, inolako ebazpenik gabe", gaineratu dute.
Bestalde, "Auzitegi Nazionalak pertsona iheslarien inguruko egoera juridikoaz informazioa ez emateari uztea" aldarrikatu dute; izan ere, "erregularizazio juridikoa lortzeko aukera eragozten ari da".
"Pertsona preso, preso ohi eta deserriratuak bake eta normalizazio prozesuan parte-hartzaile aktiboak izatea gomendatzen dugu", adierazi dute. "Ohiko legediaren markoan, irizpide humanitarioetan oinarritutako neurriak bilatzea beharrezkoa litzateke adin edo gaixotasun batengatik etxera itzultzea eskatzen dutenentzako", erantsi dutenez.
Azkenik, gainerako kasuei dagokionez, "bake eta bizikidetza prozesu baten markoan itzultzea erabakitzen dutenentzako justizia trantsizionaleko neurriak zehaztea" beharrezkoa dela uste dute. "Akusazio eta inguruabar pertsonalen arabera, ahal den neurrian espetxe-zigorrei alternatibak bilatzea: askatasuna ala presoaldia arintzea" esaterako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa