08:13

Politika

KATALUNIA

Aske utzi dituzte Jonqueran atxilotutako 19 manifestariak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jendarmeek 18 protestari hartu zituzten atxilo, eta Mossoek, bat. AP-7a hustu ostean, gertu dagoen N-II errepidera joan ziren, eta hura ere itxi zuten.

1:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jonquerako mugan (AP-7a, Girona) izandako protestetan bart atxilotutako 19 ekintzaileak aske geratu dira, horietako batzuk karguekin eta kautelazko neurriekin, hala nola epailearen aurrean agertzeko betebeharrarekin, Alerta Solidaria mugimenduak jakitera eman duenez.

Jendarmeek 18 pertsona hartu zituzten atxilo, eta Esquadra Mossoek, bat. Frantziako Poliziak atxilotutakoak Perpinyako Instantzia Handiko Auzitegira eraman zituzten, eta fiskalak aske uztea erabaki du. Mossoek atxilo hartutakoari agintaritzaren agenteen aurkako atentatu delitua egotzi diote.

Espainiako eta Frantziako estatuak errepidez lotzeko bide nagusia ixteko deia egin zuen astelehenean Tsunami Demokratikoak, eta 24 orduko blokeoaren ostetik, atzo goizean atera zituzten bertan bildutako ehunka manifestariak. Eguerdi aldera, amaitutzat eman zuten utzaraztea.

08:00ak aldera hasi ziren autobidearen bi aldeetan zeuden manifestariak sakabanatzen. Pertus (Frantzia) parean, polizia-dispositiboa indartu zuten, eta Jendarmeriako agenteek banan-banan kendu zituzten errepidean eserita zeuden manifestariak.

Manifestariek "bakearen alde" daudela oihukatu zuten, eta poliziaren jarreraren aurrean lapikoak jo zituzten. Frantziako Poliziak gas negar-eragilea jaurti zien manifestariei, eta horietako batzuk korrika irten ziren.

AP-7ko blokeoa amaituta, horren ondoan dagoen N-II errepidera jo zuten manifestariek. Gainera, arratsaldean Behobiako muga (Irun, Gipuzkoa) ixteko deia egin zuen Tsunami Demokratikoak.

Gaua bertan igaro zuten askok eta askok

Mugimendu horrek egindako deiari jarraiki, ehunka manifestarik kanpadendetan, autoetan eta autokarabanetan igaro zuten gaua. Dena dela, batzuk errepidean geratu ziren, eta sua piztu zuten berotzeko.

Astelehenean, deialdia publiko egin eta gutxira, manifestariek zirkulazioaren bi noranzkoak itxi zituzten, eta ilara luzeak sortu ziren.

Garraiolari eta enpresaburu batzuk kexu agertu dira protestak eragin dizkien galerak direla eta, eta administrazioari kontuak eskatuko dizkiotela iragarri dute.

Tsunami Demokratikoaren arabera, nazioarteari mezua bidali nahi izan diote Espainiari ulertarazi diezaion "hitz egiten hastea dela konponbide bakarra".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena