14:53

Politika

Barne krisia

EAko bi sektoreen arteko lehia auzitegietara iritsi da

EITB.EUS

Eba Blanco idazkari nagusi izendatzea kautelaz bertan behera uzteko eskatu dio sektore kritikoak epaileari. Sektore ofizialak, berriz, ebazpena bere aldekoa izatea espero du.

  • Ramirez eta Lopez Aberasturi epaiketan

    Ramirez eta Lopez Aberasturi epaiketan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Alkartasunaren (EA) bi sektoreen arteko lehia auzitegietara heldu da asteazken honetan. Maiorga Ramirez buru duen sektore kritikoak salaketa jarri zuen,  alderdiko Idazkaritza Nagusia hautatzeko prozesuan zuzendaritzak afiliazio datu guztiak eskuratzeko aukera ez ziela eman iritzita.

Gasteizko epaitegi batean egindako ahozko saioan aztertu dute salaketa, eta epaileak erabakiko du auziaren inguruan.

EAko Berme Batzordeak joan den astean adierazi zuenez, Ramirezen hautagaitza "bidegabeki baliogabetu" zuten primarioen prozesuan. Prozesu horretan Eva Blanco izendatu zuten alderdiko idazkari nagusi. Horrenbestez, epaileak auziaren mamiari buruz erabakitzen duen bitartean, izendapen hori kautelaz bertan behera uzteko eskatu du sektore kritikoak.

Maiorga Ramirezek kazetariei adierazi dienez, "guretzat ez da atsegina hemen egotea, baina afiliatuen eskubideen defentsak merezi du. Eusko Alkartasunarekin eta afiliatuen eskubideekin konprometituta gaude".

Nolanahi ere, "itxaropentsu" agertu da primarioak errepikatzeko aukerari dagokionez, haiek defendatzen duten moduan. Bere ustez, aurreko prozesuan afiliatuei bi hautagaitzen artean aukeratzeko aukera "lapurtu" zitzaien. Maiorgak adierazi duenez, epaiketan "agerian geratu da" Eva Blancoren aldarrikapenak EAko "berme Batzordearen zuzentarau eta ebazpenak urratzen" dituela.

Ramirezen esanetan, "irekita" jarraitzen du sektore ofizialeko ordezkariarekin irtenbide elkarrizketatu bat adosteko.

Maiorga Ramirez eta Iratxe Lopez de Aberasturi, epaitegietara ailegatzen. Argazkia: EFE

Bestalde, Iria Epalza sektore ofizialeko komunikazio idazkariaren hitzetan, alderdiak primarioen prozesuan izandako jokabidea "erabat bermatzailea" izan da, eta, horregatik, konfiantza agertu du alderdi horretako afiliatuen erroldaren kudeaketari buruzko asteazkeneko epaiketaren ebazpena "alderdiaren interesen eta barne demokraziaren aldekoa" izango dela.

Eusko Alkartasunak ohar baten bidez adierazi duenez, prozesu horrekin lotutako erabaki guztiak "barne araudian ezarritakoa betez" hartu dira, Estatutuek, Exekutiba Nazionalaren Antolaketa Araudiak eta Primarioen Araudiak osatutakoa.

EAk azaldu duenez, araudi horrek hautesle erroldan ager daitezkeen datuak 'izena, abizenak eta tokiko antolaketa' direla zehaztu du. Gainera, erregelamenduan adierazten da datu horiek afiliatu hautesle bakoitzak kontsulta ditzakeela, nork bere datuak eskura baititzake, bai eta lurralde bakoitzeko errolda kontsulta dezakeen hautagai-zerrenda bakoitzak ere.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena