Politika
Eusko Alkartasuna
Agentziak | Erredakzioa
EAko idazkari nagusi izateko Eba Blancoren izendapena bertan behera uzteaz gain, Maiorga Ramirezen hautagaitzari oniritzia eman dio Berme Batzordeak. Beraz, primarioak errepikatu beharko dituzte.
Eusko Alkartasunaren barne-krisiak ez du etenik eta Pello Urizarrek alderdiaren zuzendaritzan utzitako tokia hartzeko prozedurak zalantzaz beteta segitzen du; izan ere, EAko Berme Batzordeak baliorik gabe utzi du alderdiko idazkari nagusi izateko Eba Blancoren izendapena.
Halaber, Maiorga Ramirezen hautagaitza baztertzeko Hauteskundeen Antolaketarako Batzordeak emandako argudioak ukatu ditu eta, ondorioz, sektore kritikoaren hautagaiak primarioetan parte hartzeko baldintzak betetzen dituela azpimarratu du.
Barne-hauteskundeetara aurkeztea ukatu ziotenean, Ramirezek helegitea jarri zuen Berme Batzordearen aurrean, eta horren ondotik iritsi da gaurko ebazpena.
Hauteskunde Batzordeak bere garaian azaldu zuenez, hautagai izateko ezinbestekoa lurralde bakoitzean gutxienez bost afiliaturen babesa lortzea, baina Ipar Euskal Herriaren kasuan, Ramirezek ez zuen baldintza hori bete eta, beraz, primarioetatik kanpo uztea erabaki zuten.
Alabaina, Berme Batzordeak dio Ipar Euskal Herrian EAk 20 afiliatu baino ez dauzkala eta, ondorioz, lurralde horren kasuan baldintza hori betetzeko eskatzea neurriz kanpoko dela.
Gauzak horrela, Berme Batzordeak lurralde bakoitzean gutxienez bost abal aurkezteko baldintza baliogabetzea erabaki zuen eta hala dago jasota irailaren 25ean eman zuen ebazpenean.
Blancoren izendapena ezeztatuta eta Ramirezen hautagaitza baliozkotzat jota, Eusko Alkartasunak barne-hauteskundeetan errepikatu beharko ditu orain.
Blancok zalantzan jarri du ebazpena
Eba Blancok, baina, zalantzan jarri du Berme Batzordearen ebazpena, "formazko akats eta prozedura-akats larriekin" onartu dutela iritzita.
Blancok azaldu du posta elektroniko baten bidez izan duela erabakiaren berri. Ebazpena Ramirezen aldekoak diren Batzordeko hiru kideek sinatuta dago. Blancok berak hiru horietako bi ezetsita zituen, hautagai kritikoari abala eman ziotelako.
"Batzordeak neutraltasuna eta inpartzialtasuna galdu ditu", adierazi du. EAko idazkari nagusia izaten jarraitzen ote duen galdetuta, Blancok esan du dokumentua aztertu behar duela orain, zein neurri hartuko dituen erabakitzeko.
Blancok baieztatu du Ramirezek mezua bidali diola, WhatsApp bidez, baina adierazi du ez duela mezu hori irakurtzeko astirik izan, kazetariekin hitz egin aurretik: "Dena izan da oso azkarra, eta nahiko antolatuta; horrek harritzen nau", zehaztu du.
Bestalde, Maiorga Ramirezek pozik hartu du Berme Batzordearen erabakia eta "Eusko Alkartasunera normaltasun demokratikoa bueltatzeko aukera" ireki dela nabarmendu du.
"Normaltasun demokratikora bueltatzeko, eta elkarrizketaren bidez, beharrezkoak izan daitezkeen eztabaidak eta akordioak bilatzeko aukera zabaldu da; EAko afiliatuek aukera izango dute hautatzeko, askatasunean, bi hautagaitzek ordezkatzen dituzten proiektuen artean", erantsi du.
Ramirezek ziurtatu du Eba Blancorekin hitz egin duela, primarioen prozesua nola gauzatuko duten zehazteko.
Bere ustez, hauteskunde orokorrak eginda heldu beharko liokete prozesuari, kanpainan eraginik ez izateko. Ildo horretan, primarioak azaroaren 24an egitea proposatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa