11:13

Politika

A10

Hauteskunde kanpaina gauerdian hasiko da, Katalunia ardatz

E. G | EITB.EUS

Ohi baino astebete gutxiago iraungo du. EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk Gasteizen ekingo diote; EH Bilduk, Donostian, eta PPk eta Mas Paisek, Bilbon.

  • A28ko bozen kanpainaren hasiera Euskadin.

    A28ko bozen kanpainaren hasiera Euskadin. eitb.eus-en argazki muntaia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gauerdian hasiko da azaroaren 10eko hauteskunde kanpaina. Azken zazpi hilabeteotan dugun hirugarrena da honakoa, eta 2015etik laugarren boz orokorrak izango ditugu. Hauteskundeen errepikapenak herritarren artean sor dezakeen nekea ez ezik, 'proces' auziko epai gogorrak eragindako lurrikara politikoa ere izango ditu ezaugarri hastear dagoen kanpainak. Hala, boto-emaileak aktibatzea (EiTB Focus inkestaren arabera, herritarren % 22,6 duda-mudan daude) eta Kataluniaren auziaren aurrean jarrera hartzea izango dute helburu alderdiek.

Kanpainak ohi baino astebete gutxiago iraungo du, baina alderdiak aspalditik daude kanpainaurrean murgilduta, batez ere Unidas Podemosen eta PSOEren arteko elkarrizketek kale egin zutenetik. Azaroko hauteskunde hauetan ere zaila izango omen da gobernua osatzeko gehiengo nahikoak lortzea, eta inkesta gehienen arabera, Kongresua oso zatituta egongo da, beste behin.

Gobernua osatzeko ziurgabetasun horri Kataluniako krisia batu zaio, eta ez dirudi, gainera, epe laburrean konponduko denik. Kataluniako auziak, bada, zuzenean eragingo dio kanpainari. Atzo bertan Pedro Sanchez PSOEko buruzagiak azalpenak eman behar izan zituen, sozialisten programak Espainiaren nazio aniztasuna aitortuko duela argituta, aurrez argitaratutako zirriborro batek horri aipamenik egiten ez ziola eta.

"Lubakiaren" bestaldean, PP, Ciudadanos eta Vox daude, eskuinaren botoak bereganatzeko ahaleginetan. Hirurek Katalunia hartu dute oinarri, bertan izandako istiluak eta  jardunean dagoen Espainiako Gobernuaren "epelkeria" kritikatzeko.

Bien bitartean, Unidas Podemos apirilean lortutako ordezkaritza mantentzen ahaleginduko da, PSOErekin koalizio gobernu aurrerakoi bat negoziatu ahal izateko. Pablo Iglesiasek estu hartuko ditu berriro sozialistak, hauteskundeen errepikapenaren erantzule egiten baititu eta PPrekin gobernua osatzeko asmoa dutela uste baitu.

Kataluniako alderdien artean ere ez da giro izango. ERC eta JxCat alderdien arteko borrokak errepublikanoei egingo omen die mesede, inkesten arabera. Izan ere, estrategia ezberdina dute biek, Espainiako Gobernuari presio egitearen taktika partekatzen badute ere. CUP lehen aldiz aurkeztuko da hauteskunde orokorretara, eta horrek beste agente bat erantsiko du.

Euskal Autonomia Erkidegoan, inkestek aurreikusitako emaitza onekin gogotsu abiatuko dira EAJ, EH Bildu eta PSE-EE. EiTB Focusek 6-7 eserleku aurreikusi zizkien jeltzaleei, eta CISen arabera, bosgarren diputatua ere lor lezake koalizio abertzaleak; sozialistek apirileko emaitzei eutsiko liekete, bi inkeston arabera. Elkarrekin Podemosek, bestalde, Mas Pais izango du lehiakide Bizkaian, eta horrek eserleku bat galarazi diezaioke lurralde horretan. EAEko Alderdi Popularra Pablo Casadoren alderdiari inkestek iragarritako igoerari atarramendua ateratzen saiatuko da, A28an Araban galdutako diputatua berreskuratzeko.

Kanpaina hasierako ekitaldiak

Gasteiz hautatu dute EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk kanpainari ekiteko. Jeltzaleak 21:00etan batuko dira Loma jeneralaren plazan; bertan izango dira Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Aitor Esteban Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua eta Almudena Otaola eta Maribel Vaquero Senaturako hautagaiak. Koalizio moreak Silken hotelean egin du hitzordua (19:00etan), eta Lander Martinez idazkari nagusiaren eta Kongresurako zerrendaburuen (Pilar Garrido, Roberto Uriarte eta Juantxo Lopez de Uralde) hitzaldiak entzun ahalko dira. Ordu erdi geroago (19:30ean) izango da sozialisten mitina: Idoia Mendiak eta Patxi Lopez (Bizkaia), Isabel Celaa (Araba) eta Odon Elorza (Gipuzkoa) hautagaiek hartuko dute hitza.

EH Bilduk Donostian abiatuko du kanpaina, Tabakalerako Prisma aretoan. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eta Mertxe Aizpurua Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak hitz egingo dute bertan.

Azkenik, Bilbon izango dira Alderdi Popularraren eta Mas Paisen ekitaldiak. 'Popularrak' Ercilla hotelean bilduko dira (19:00etan), Alfonso Alonso presidentea eta Bea Fanjul, Marimar Blanco eta Iñigo Arcauz zerrendaburuak bertan daudela. Ordubete geroago (20:00etan, Euskadi plazan) gauza bera egingo du Mas Paisek, Txema Urkijo Kongresurako hautagaiaren hitzaldiarekin. 

Kontsulta itzazu

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena