Katalunia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

PSOEren programak Espainiaren nazio aniztasuna aitortuko duela argitu du Sanchezek

A10erako hauteskunde programan horri aipamenik egiten ez zitzaiola eta, buruzagi sozialistak adierazi du zirriborro bat zela, eta behin betiko testuan jasoko dutela PSCrekin 2017an adostutakoa.
Pedro Sánchez, EFEren artxiboko argazki batean.

PSOEren azaroaren 10eko hauteskunde orokorretarako programak 'Bartzelonako Adierazpena' defendatuko du, hots, Estatu federala lortzeko Konstituzioaren erreforma egitea eta Espainiaren izaera plurinazionala aitortzea, Pedro Sanchez Alderdi Sozialistaren buruzagi eta Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak argitu duenez.

Atzo programa horren edukia zabaldu zuten hainbat hedabidek, eta halakorik jasotzen ez zela eta polemika sortu zen. Auziaz galdetuta, filtratutako testua zirriborro bat zela erantzun du Sanchezek Antena 3 telebista katean egin dioten elkarrizketa batean.

Sanchezen hitzetan, txarto ulertua PSOE "gardenegia" dela sortu da, kaleratutako programa "amaitu gabe" zegoelako.

PSOEk eta PSCk 2017ko uztailean adostutako testua da 'Bartzelonako Adierazpena'. Sanchezek barne hauteskundeak irabazi ostean, PSOEren Estatutuak aldatu zituen, eta hori egiteko Kataluniako sozialisten babesa izan zuen.

Adostutako testua 2013ko 'Granadako Adierazpena' baina harago zihoan. 2017ko adierazpen hartan, Espainiako Konstituzioa erreformatzea defendatzen zuen PSOEk, "Espainia Estatu federala" izateko eta horren "izaera plurinazionala" erabat aitortzeko. Kataluniari aipamen zehatza egiten zion agiriak, gainera: "Kataluniako asmo nazionalak aitortuko dira".

Azken helburua Konstituzioa erreformatzea bazen ere, lehen pauso gisa hainbat neurri hartzea proposatzen zuen 'Bartzelonako Adierazpenak'. Hala nola, Kataluniako autogobernuan sakontzea eta Auzitegi Konstituzionalak 2016ko Estatutuan baliogabetutako hainbat puntu berreskuratzea.

Albiste gehiago politika

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ramiro González: "Talgoren egoitza sozialaren itzulera oso albiste ona da, sinbolismoz betea"

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Talgo enpresaren egoitza soziala Arabara itzultzea goraipatu du. Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan, Talgo erosteko operazioaren azken berriak izan ditu hizpide. Zalantzarik gabe esan du "oso albiste ona dela euskal industriarentzat eta bereziki Arabako industriarentzat", eta nabarmendu du Talgo aktibo garrantzitsua dela lurraldeko jarduera industriala berreskuratzeko.

Gehiago kargatu