15:39

Politika

PROCES-AREN SENTENTZIA

Torra: 'Autodeterminazio eskubidea gauzatzeak ez du jada atzera bueltarik'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kataluniako 800 udal eta toki- eta eskualde-erakundek "preso politiko eta erbesteratuen" aldeko zein proces-aren epaiaren kontrako mozioa sinatu dute.

  • Quim Torra alkatez inguratuta gaur goizean, Generalitateko Palauan.

    Quim Torra alkatez inguratuta gaur goizean, Generalitateko Palauan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Quim Torra Kataluniako presidentea "preso politikoen eta erbesteratuen" aldeko eta proces-aren epaiaren kontrako mozioak sinatu dituzten alkateekin bildu da gaur goizean, Generalitateko Palauan, ACM Kataluniako Herrien Elkarteak eta AMI Independentziaren Aldeko Herrien Elkarteak deituta.

Kataluniako 800 udal eta toki- eta eskualde-erakundek sinatu dute agiria, eta ordezkari horien aurrean, "autodeterminazio eskubidea berriz ere gauzatzeko duen konpromisoa" berretsi du, "jada ez baitago atzera bueltarik, independentismoa une erabakigarrian dagoelako".

Ildo horretan, autodeterminazio eskubidea ez dutela geldiaraziko ohartarazi du: "Ez errepresioak, ez 155 artikulua aplikatzearen mehatxuak, ez isunek, ez kartzelak, ez zigor prebentiboek ezta Auzitegi Konstituzionalaren inongo errekerimenduk ez dute geldiaraziko autodeterminazio eskubidea oraingo honetan".

Alkatez inguratuta (ez da bertan izan Ada Colau Bartzelonako alkatea), presidenteak esan du epaia eta errepresioa gogor gaitzetsi behar direla, baina gaitzespena ez dela nahikoa: "Orain, inoiz baino gehiago, ezin dugu amore eman, une erabakigarrian baikaude eta soilik elkarrekin izango dugu hasi genuena amaitzeko behar den indarra".

Auzitegi Gorenean izandako epaiketa "politikoa" izan zela salatu du berriz ere, epaiak "eskarmentua" eman nahi izan duela eta Kataluniako subiranotasunari atzera egiteko "mezu argia" eman nahi izan diotela. "Baina berriz ere egingo dugu, burugogor, Kataluniako herriaren jarrera demokratikoarekin".

Eta lortzeko, "kexaren dinamika gainditu" eta "dinamika positibo eta eraikitzailea" hartzearen alde egin du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena