Politika
Elkarrizketa Radio Euskadin
Garaikoetxea: 'Inoiz uko egin ez diogun autodeterminazioaren alde egingo nuke orain'
Caros Garaikoetxea lehendakari ohiari elkarrizketa, duela 40 urte onartutako EAEko Autonomia Estatutuaren inguruan: "Orain eman beharreko urratsak oztopo konstituzionalez beteta daude".
-
Carlos Garaikoetxea
"Herritarrek haien botoekin Estatutua berretsi zuten gaua senidetze eta alaitasunezko gau aparta izan zen Casillan izan genuen festan. Gogoan dut Ramon Rubialek eman zidan besarkada estua… Espainiar estatuko alderdi bateko presidentea akordio hartaz poztu izana eskertu nuen”.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Autonomia Estatutuaren 40. urteurrenean, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia elkarrizketatu dute Radio Euskadiko Boulevard albistegian. “Espainiako eskuineko alderdiak garai hartan baino jarrera oldarkorragoa dutela uste dut. Orduan, eskuineko buruzagiekin akordioak lortzea orain baino errazagoa zen”. Garaikoetxeak deitoratu duenez, “Estatuan ez dago Adolfo Suarez bezalako diputatu bat bera ere, akordio baten alde alderdi guztiekin bat egiteko asmoa duenik. Ez dago bere adinako buruzagi politikorik. Garai hartan, alderdi eta ideologia kontrajarriak genituen arren, aldaketarako gogoa genuen, eta, asmo horrek, guztiak batzen gintuen”.
Orain, Garaikoetxeak ez du diktaduratik irtetean baino aukera gehiagorik ikusten akordiorako: "Gaur egun eman behar diren urratsak oztopo konstituzionalez beteta daude. Hala, akordio zabal berri bat hitzartu ahal izateko Konstituzioa aldatzea beharrezkoa da".
Estatutuaren inguruan gogoeta ere egin du: "Egoeraren araberako eta aldi baterako tresna izan zen. Egoera ikusita, ahalik eta negoziaziorik onena egin genuen. Autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenari uko egin genion, politikan batzuetan urratsak ematen jakin behar delako. Gainera, herrialdea ez zegoen kolapsoetarako, garai hartako espoliazio fiskala eta Bizkaiko industrialdeetan zegoen % 30eko langabezia-tasa ikusita. Kultura arloan, euskara desagertzeko zorian zegoen".
Hala, gaur egungo egoera honela ikusten du: "Testuinguru historiko hori igarota, gaur egun bizi garen egoeran, inoiz ukatu ez dugun autodeterminazioaren alde egingo nuke orain, baita eredu konfederal baten alde ere".