Politika
Polemika
ETAren armagabetzeaz Jaurlaritzak egindako txostena kritikatu dute Bakearen artisauek
Agentziak | Erredakzioa
Mixel Berhocoirigoinek eta 'Txetx' Etcheverryk salatu dutenez, Jaurlaritzaren txostenean egiten den irakurketa 'gezurretan oinarritua, interesatua eta osatugabea da".
-
Berhocoirigoin, ETAren armagabetzearen ekitaldian, 2017an. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Mixel Berhocoirigoin eta 'Txetx' Etcheverry Bakearen artisauek oharra kaleratu dute Eusko Jaurlaritzak ETAren armagabetze eta desegiteaz kaleratu berri duen txostenaren harira —"Eusko Jaurlaritzak ETAren armagabetzean eta desegitean izandako eginkizunaren deskribapena eta balorazioa" izenekoa— . Agirian Jaurlaritzak eta Bakearen artisauek prozesu guzti horretan izan zituzten bilera eta hartu-emanen berri ematen du Jaurlaritzak. Bake artisauen ustez, baina, "historiaren berridazketa bat besterik ez da, gezurrean oinarritua eta guztiz interesatua".
Bakearen Artisauen Twitter kontuaren bidez zabaldutako oharrean diotenez, "irakurleak batzuetan atera dezakeen ondorioa guztiz kontrakoa da, makurrik eta atxiloketarik gabe iragan den ETAren armagabetze osoan, Eusko Jaurlaritzak izan duen paperari doakionean".
"Txosten honetan modu trukatuan eta okerrean agertzen diren Eusko Jaurlaritzarekin izan ditugun bilera eta eztabaiden berri emango dugu beranduago", iragarri dute.
Guztiz kontra egiten dugu Eusko Jaurlaritza eta ETAren armategia desegiteaz arduratu zen Bakegileen artean izandako harreman eta bilkurak aipatzen dituen zatiarekin. Historiaren berridazketa bat besterik ez da, gezurrean oinarritua eta guztiz interesatua.
— Artisans de la Paix (@Artisans_Paix) October 23, 2019