16:27

Politika

PROCES-AREN SENTENTZIA

Elkarrizketari ekiteko 'eguna eta ordua' zehazteko eskatu dio Torrak Sanchezi

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kataluniako egoerari irtenbide politikoa emateko eskatu du berriz ere, euren aldarria "geldiezina" delako. Protesta baketsurako deia ere egin du: "Indarkeria ez da gure bandera".

2:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kataluniako presidente Quim Torrrak eskari argia egin dio larunbat honetan Pedro Sanchez Espainiako presidenteari: zehaztu dezala, ahal den azkarren, Kataluniako egoerari irtenbide politiko aurkitzeko elkarrizketa eta negoziazioa, euren aldarria "geldiezina" delako.

Goizean Kataluniako istiluen jarraipenerako batzordean parte hartu ostean egin du agerraldia Torrak eta azken bost gauetan izan diren istiluak ez dituztela babesten adierazi du: "Indarkeria ez da gure bandera".

Adierazpen instituzionala egiten zuen bitartean, ondoan izan ditu Pere Aragones presidenteordea, Meritxell Budo Presidentzia kontseilaria, Ester Capella Justizia kontseilaria eta Alba Verges Osasun kontseilaria, baita Marta Madrenas, Pau Ricoma eta Miquel Pueyo, Gironako, Tarragonako eta Lleidako alkateak, hurrenez hurren.

Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Gobernuaren artean elkarrizketa prozesua hastea "inoiz baino urgenteagoa" dela esan du "arazo politiko bati irtenbide politikoa aurkitzeko".

"Eskubideen eta askatasunen defentsa beti egin dugun bezala egin behar dira: modu baketsuan" esan du, eta inolako indarkeriak ez dituela ordezkatzen berretsi du. Bide batez, eskerrak eman dizkie Estatu osoko hainbat hiritan epaiaren kontra mobilizatu direnei.

Alkate guztien izenean, hurrengo mobilizazio deialdietan arduratsu jokatzera dei egin du eta Kataluniako herritarrei euren jarrera eskertu die.

Ez Bartzelonan, ez Tarragonan, ez Lleidan, ez Gironan, ez eta Kataluniako inongo herritan, indarkeria ez dela inoiz independentismoaren bandera izan eta ez dela inoiz izango esan du.

Independentismoa mugimendu "transbertsal, orokor, zibiko, etiko eta baketsua" dela defendatu du, eta urte asko behar izan dela ospe on hori lortzeko erantsi du, ostiraleko Askatasunaren Martxan ikusi zen bezala, defendatu du.

Ada Colau ez da izan bileran

Deituta bazegoen ere, Ada Colau Bartzelonako alkatea ez da agerraldi honetan izan. Udaletxetik jakitera eman dutenez, ez da joatera ukatu, beste hitzordu bat zuelako ez da joan. Abisua jaso duenean Bartzelonako Larrialdien Koordinazio Zentroan zegoela jakinarazi du Udalak.

Ernest Maragall Bartzelonako Udaleko ERCren buruak tamalgarritzat jo du Ada Colau Quim Torra eta beste alkateen bileran egon ez izana eta "inplikazioa" eskatu dio, "salbuespen egoera honi irtenbidea bilatzen dioten espazio guztietan".

Politikari presoek "indarkeriak ez dituela ordezkatzen" adierazi dute eta babesa agertu diote Generalitateari

Preso dituzten zortzi politikari eta ekintzaile independentistek, Oriol Junqueras ERCko buruak, Josep Rull, Jordi Turull, Raul Romeva, Joaquim Forn eta Dolors Bassa kontseilari ohiek; Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohiak eta Jordi Sanchez ANCko buruzagi ohiak mezu berbera kaleratu dute Twitterren indarkeria gaitzetsiz eta gaur Generalitateak Tarragonako, Lleidako eta Gironako alkateekin batera kaleratutako adierazpen instituzionalari babesa emanez. Jordi Cuixartek ez du oraingoz ezer argitaratu.

Hauxe dio mezuak: "Negoziazioa eta irtenbide politikoa dira gatazkak konpontzeko bidea. Inongo indarkeriak ez gaitu ordezkatzen. Gure Gobernuaren alde".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena