Torra: 'Berriro jarri beharko ditugu autodeterminaziorako boto-kutxak'

Quim Torra Generalitateko presidenteak agerraldia egin du gaur Kataluniako Parlamentuan 'proces' auziaren zigorrei erantzun instituzionala emateko. Nabarmendu duenez, "boto-kutxak jartzearren 100 urteko zigorra ezarri badute, argi dago erantzuna: berriro jarri beharko ditugu".
Horrela, dei egin die alderdi eta erakundeei lanean jartzeko "ahalik eta lasterren autodeterminazio eskubidea egikaritzeko bideak zehazteko". "Denok egin behar ditugu eginahalak eta konpromisoa hartu. Legegintzaldi hau independentzia berresten bukatu behar dugu", azpimarratu du.
Epaia ahotan, 12 buruzagi independentistei ezarritako zigorrengatik "suminduta eta haserre" dagoela esan du Kataluniako presidentea. Torraren irudiko, epaia "fartsa handi bat" izan da, "mendeku hutsa".
Salatu duenez, "epaiak Zuzenbidearen oinarriak lurperatu ditu. Disidentziaren aurrean, Estatu eskubide bat ezarri du Espainiaren batasun sakratua babesteko helburu bakarrarekin. Hemendik aurrera eskubide asko mugatuta egongo dira".
"Espainiaren batasuna eta Kataluniako independentzia ezin dira aitzakia moduan hartu herritarren eta ordezkari politikoen eskubideak urratzeko", azpimarratu du.
ERCk erantzun du ez dela unea
Bestalde, Sergi Sabria ERCko bozeramaileak erantzun du bere alderdiak Torraren proposamena aztertuko duela, bere asmoen berri ez zutela ulertzera emanez, eta ekimenen berri publikoki eman aurretik akordioak bilatzea eskatu dio, “independentismoak akordio zabalei esker lortu baitu babes handia izatea”.
Gainera, Sabriak azpimarratu du ez dela "datak jartzeko unea, indarrak metatzeko lan egiteko unea baizik", eta Mossoen jarrera gaitzetsi du, "polizia demokratiko batek ez baititu herritarrak harrapatzen".
Gainerako taldeen erreakzioa
CUPetik, Natalia Sanchezek esan du Torrak "sinesgarritasun gutxi" duela legegintzaldi honetan autodeterminazio eskubidea berriro erabiliko dela iragartzean. “Uste dugu arriskutsua eta zentzugabea dela data zehatzak dituzten iragarkiak egitea, horretarako akordiorik gabe”, nabarmendu du.
Lorena Roldanek (Ciudadanos) infiltratu bakarra izatea leporatu dio Generalitateko presidenteari, ez duelako azaldu ustezko terrorismoagatik ikertu dituztenekin loturarik ote duen, eta konstituzionalistei desberdintasunak alde batera uzteko eta bizikidetza eta askatasuna defendatzeko eskatu die.
PSCtik Miquel Icetak Torrari argi utzi dio Kataluniak “ez diola Autonomia Erkidego izateari utziko datozen hiru urteetan”, eta, arrazoi horregatik, autodeterminaziora itzultzeko bidetik ez jarraitzeko eskatu dio. Hala, elkarbizitza, segurtasuna eta autogobernua bermatzera mugatzeko galdegin dio.
Jessica Albiach Catalunya en Comu-Podemeko buruak Torraren agerraldia deitoratu du, protagonismoa lortzeko egin duela iritzita. Ildo horretatik, Generalitateko presidentearen dimisioa eskatu du, haren jokabidea “delirantea eta arduragabea” dela iritzita.
Bestalde, Alejando Fernandez Kataluniako PPko buruak, Torrari ohartarazi dio inork ez duela aitortuko Kataluniaren "autodeterminazio eskubidea", eta errealitateaz jabetzeko eskatu dio.
Gainera, Albert Batetek (JxCat) Cs, PSC eta PPren aurka egin du, eta galdetu die: “Independentistok ba al dugu existitzeko eskubiderik? Pentsatzeko eskubidea? Errepublika bat nahi izateko eskubidea? Subiranotasunaz hitz egin nahi izateko eskubidea? Errege bat nahi ez izateko eskubidea? Kataluniaren autodeterminazioa nahi izateko eskubidea?".
"Neu ere erruduna naiz"
Hala, Auzitegi Gorenak 12 buruzagi independentistei egotzitako "delitu faltsuak" bere egin ditu Torrak: "Gure kideak errudun badira, ni neu ere erruduna naiz".
Horren ildoan, Ganberako gainerako diputatuei autoinkulpatzeko deia egin die: "Nire moduan, zaurituta sentitzen diren kide horiek ere berdin egingo dutelakoan nago".
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari, berriz, gatazkari "bide demokratikoaren bitartez" aurre egitea eskatu dio: "Demokrazietan hitz egiten eta herritarrei ahotsa ematen konpontzen dira gauzak".
"Istiluen atzean nortzuk dauden ikertuko dugu"
Bartzelonan azken egunotan izandako istilu larriak hizpide, Torrak iragarri du ikerketa abiatuko dutela "horien atzean nortzuk dauden jakiteko". "Probokatzaileek eta aztoratzaileek mobilizazio baketsuen norabidea aldatu nahi badute, isolatu eta baztertu egin behako ditugu", erantsi du.
Dena dela, ohartarazpena egin du: "Ez dezala inork desobedientzia zibila kriminalizatu". Horrez gain, Miquel Buch Barne kontseilariari "ezein egoera irregular" ikertzeko eskatu dio, eta behar denetan "autokritika egiteko". Izan eren, Torraren hitzetan, Mossoen oldarraldietan "inori gustatu ez zaizkion irudi eta egoerak ikusi ditugu".
Manifestariak, bart Bartzelonan. Argazkia: EFE
Calvok Torraren atzoko agerraldia kritikatu du
Bitartean, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordeak Generalitateko presidenteak bart egindako agerraldia kritikatu du. Calvoren ustez, Torrak "egoerak bultzatuta eta inongo uste sendo barik" gaitzetsi zituen Bartzelonako istiluak, eta, horren aurrean, Auzitegi Konstituzionalak ezarritako mugak gainditzen baditu Espainiako Gobernuak neurriak hartuko dituela ohartarazi dio.
Calvoren ustez, Torra ez dago presidente karguaren eta duen arduraren mailan, "ekintzaile bat ematen du", erantsi du, eta Torra Miquel Buch Barne kontseilariaren eta Eduard Sallent Mossoen buruaren dimisioak behartzen saiatu izana kritikatu du Espainiako buruzagiak.
Albiste gehiago politika
Goia kexu agertu da Espainiako Gobernuarekin, Malitik etorritako migratzaileekin duen ardurari ez baitio behar bezala heltzen
Donostian bizi diren migratzaile maliarren egoeraz galdetuta, Eneko Goia alkateak Euskadi Irratiko Faktoria saioan adierazi du behin-behineko irtenbidea aurkitu dutela Arantzazun, eta adierazi du Espainiako Gobernuak Malitik etorritako migratzaileekin duen ardurari ez diola behar bezala heltzen.
"ASESINOS" eta "ETARRAS" margotu dute Santutxuko herriko tabernan
Ezker abertzalearen aurkako pintaketak agertu dira gaur Bilboko auzo batzuetan. Santutxuko herriko tabernan, esaterako, "ASESINOS" eta "ETARRAS" idatzi dute lokaleko bi pertsianetan. Solokoetxen ere agertu dira pintaketak, kaleko horma batzuetan. Bilboko Sortuk gaitzetsi egin ditu gertaera horiek.
SAREk presoen eskubideekiko konpromisoa berretsi eta haien aldarrikapena "kriminalizatzeko" saiakerak salatu ditu
Halaber, biktimen mina eta sufrimendua helburu politikoekin erabiltzea deitoratu du, eta gogorarazi du "biktima bakoitza bere sufrimenduaren jabe" dela eta errespetua, elkartasuna eta begirunea merezi dituela.
Voxek PPri festa musulmanak debekatzea onartu zuen Jumillako osoko bilkuran: 'Helburua beteta'
PPren botoei eta Voxen abstentzioari esker, proposamen polemikoa aurrera atera zen eta ultrek garaipena bereganatu zuten.
Zer aldatzen da EBren komunikabideen askatasunari buruzko lege berriarekin?
Erregelamendu bat denez, araudi berriaren artikuluak lotesleak dira EBko estatu guztientzat, inolako transposizio beharrik gabe. "Segurtasun nazionaleko" arrazoiak argudiatuta, kazetariak edo kazetarien iturriak zelatatzeko aukera ematen zuen klausula bat sartzeko saiakera izan da oztopo handienetako bat negoziazioan.
Urgentziaz ospitaleratu dute Jose Maria Angel GOIDIko komisionatu ohia, bere buruaz beste egiten saiatu ostean
Komisionatu izateari uko egin zion, duela 43 urte funtzionario mailaz igotzeko erabili zuen titulazioari buruzko polemika piztu ondoren.
Puigdemont, itzuli eta berriro ihes egin eta urtebetera: "Giltzapetuta eta gaitasungabetuta nahi banaute, nire betebeharra kontrakoa egitea da"
Generalitateko presidente ohia 2024ko abuztuaren 8an itzuli zen Kataluniara, hitzaldi labur baten ostean berriro ihes egiteko. Ordutik urtebete pasatu den honetan, bere hausnarketa argitaratu du sare sozialetan.
Sarek manifestazioa deitu du Donostiako Aste Nagusiko azken egunerako, presoen etxerako bidea "indartu eta arintzeko"
Asteazken honetan emandako prentsaurrekoan, Beñat Uribe-Etxeberria Sareren bozeramaileak adierazi du mobilizazioa eginda "aldarrikapena txertatu" nahi dutela jaiegun horietan. Hala, manifestazioa deitu du Donostiako Aste Nagusiko azken egunerako, abuztuaren 16rako, presoen etxerako bidea "indartu eta arintzeko".
Miguel Tellado eta Aitor Estebanen arteko tira-bira, Cerdanen afera eta curriculum makillatuak direla eta
Asteartean argitaratutako elkarrizketa batean Cerdanek egindako baieztapenek eragin dute bi politikarien arteko hizka-mizka.
Nafarroako herri-lanak ikertzeko batzordeak 40 pertsona deituko ditu
Horien artean, Antxon Alonso, Koldo Garcia eta Santos Cerdan daude, baina atzera bota dituzte Maria Chivite, Uxue Barkos, Yolanda Barcina eta Jose Luis Abalosek agerraldia egiteko eskaerak. Agerraldiak urriaren erdialdean hasiko dira.