Politika
Katalunia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barne kontseilariak esan du istiluak "talde txikiek" eragin dituztela eta ez dagoela inolako frogarik Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako kideak direla ziurtatzeko.
Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilaria. Argazkia: EFE
Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako kartzela-zigorraren harira Katalunian antolatu diren mobilizazioetan indarkeriarik ez erabiltzeko eta "protesta baketsuak" egiteko deia egin du Miquel Buch Barne kontseilariak, Generalitatearen eskumenak arriskuan jartzea ekiditeko.
Bart, Kataluniako hainbat hiritan eta bereziki Bartzelonan, istiluak izan ziren manifestarien eta Esquadra Mossoen artean. Liskar horien ondotik, Buchek agerraldia egin du gaur arratsaldean.
Kataluniak Polizia propioa izatea "ardura handia" dela azpimarratuta, mobilizazioak lasaitasunez eta modu baketsuan egitea babestu du, "segurtasun arloan Generalitateak duen eskumenari eutsiko bazaio".
Aurrez, goizean, premiazko bilera egin dute Generalitatean. Quim Torra presidentea, Pere Aragones presidenteordea, Meritxell Budo Presidentetza kontseilaria eta Esther Capella Justizia kontseilaria izan dira Buchek deitutako batzar horretan.
Barne kontseilariak Esquadra Mossoen jokabidea babestu du, dimisiorik emango ez duela baieztatu du eta Espainiako Gobernuak Segurtasun Nazionalerako Legea ezartzeko arrazoirik ez dagoela azpimarratu du, Mossoek ordena publikoa bermatzeko lanean jarraituko dutela ziurtatuta.
Katalunian bizi duten egoera sozio-politikoa oso konplexua dela aitortuta, atzo gauean Bartzelonan izan ziren istiluak gaitzetsi ditu, liskarrak "talde txiki batzuek" eragin zituztela azpimarratuta. Ildo horretan, Buchek gogora ekarri du azken urteotan milioika herritar atera direla kalera independentziaren alde eta mobilizazio guztiak baketsuak izan direla.
"Hau (indarkeriarena) ez da gure bidea. Katalunia herri aldarrikatzailea da, baina baketsua", adierazi du. Hori dela eta, independentziaren aldeko mobilizazioetatik "indarkeria erabiltzen duten talde txikiak" kanporatzeko eskatu die herritarrei.
Bestalde, Buchek zehaztu duenez, ez dago frogarik mobilizazioetan istiluak eragin dituzten manifestariak Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako kideak direla ziurtatzeko. Nolanahi ere, Mossoek indarkeriazko ekintzak saihesteko lanean segituko dutela erantsi du.
"Poliziak ezarritako hesiak haustea ez da ekintza demokratikoa eta baketsua. Askatasuna aldarrikatzeko ez dira objektuak bota behar. Epaia salatzea zilegi da, baina modu baketsuan egin behar da", adierazi du.
"Kataluniak, independentismoak eta bere burua demokratikotzat duen gizarteak ezin du atzoko moduko irudirik onartu", esan du, eta "indarkeria erabiltzen duten manifestariak" isolatzeko eskatu die herritarrei.
Halaber, Esquadra Mossoek ordena publikoa bermatzeko eta istiluak ekiditeko jardungo dutela agindu du.
Bestalde, ERCk oharra kaleratu du arratsalde honetan, herritarrek Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko mobilizatzeko eskubidea dutela azpimarratuz eta egunotan manifestarien aurka izan diren oldarraldiak argitzea eskatzeko.
Mossoen eta Espainiako Poliziaren kargak ikertzeko eta oldarraldiak "neurrigabeak" izan diren argitzeko galdegin dute errepublikanoek.
Atxilotuak espetxeratzea eskatu du Fiskaltzak
Bitartean, atzo Bartzelonan atxilotutako lau manifestari baldintzarik gabe espetxean sartzeko eskatu du Fiskaltzak, istiluetan parte hartu zutela egotzita.
Akusazio partikularrak (Generalitatea), berriz, kartzela ekiditeko bermea ordaindu dezatela eskatu du.
Alerta Solidaria elkarteak jakinarazi duenez, lau atxilotuei mobilizazioetan parte hartzeko debekua ezartzeko ere galdegin dute Fiskaltzak nahiz Generalitateak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa