09:54

Politika

'PROCES' AUZIKO EPAIA

Gure Eskuk manifestazioa deitu du larunbaterako Donostian, epaiaren aurka

eitb.eus

Gaur egungo "larrialdi demokratikoari erantzun bateratua" emateko manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik, 'Erreferenduma ez da delitua' lelopean.

  • 'Erreferenduma ez da delitua' lelopean egingo dute manifestazioa. Irudia: Gure Esku

    'Erreferenduma ez da delitua' lelopean egingo dute manifestazioa. Irudia: Gure Esku

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gure Eskuk manifestazioa deitu du larunbat honetarako Donostian, gaur egungo "larrialdi demokratikoari erantzun bateratua" emateko asmoz, eta Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurka emandako epaia salatzeko.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak ohar batean azaldu duenez, epai "bidegabe" horrek dakartzan "ondorio larrien aurrean", herritar guztiei dei egiten die datorren larunbatean, urriak 19, Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzera. 'Erreferenduma ez da delitua' lelopean egingo dute ibilbidea.

"Gure desadostasuna adierazi nahi dugu erreferenduma kriminalizatu duen Auzitegi Gorenaren epai honekin. Izan ere, erreferenduma herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duen tresna demokratikoa da. Etorkizuna erreferendum baten bidez erabakitzea eskubide demokratikoa da. Beraz, hemen, Euskal Herrian, hori ere legeztatu eta erabili nahi dugu", azpimarratu du Gure Eskuk.

Manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Antiguako tuneletik, eta Boulevard zumardian egingo den ekitaldiarekin amaituko da. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek eta bertan parte izango diren ordezkari politiko, sozial eta sindikalek ibilbidea hasi aurretik egingo dituzte adierazpenak.

Horrela, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak "Kataluniako preso politikoen askatasuna" aldarrikatu du, "herrien oinarrizko eskubideak eta eskubide kolektiboak defendatzeaz gain". Hala, antolatzaileek adierazi dutenez, "bidezko eta zentzuzko epai bakarra absoluzioa litzateke".

Bestalde, txilibitu horia izango da mobilizazio honen elementu bereizgarria, "gaur egungo krisi demokratiko kezkagarria" irudikatzeko helburuarekin. Txilibituak ibilbide osoan zehar eskuratu ahal izango direla jakinarazi du Gure Eskuk.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena