Politika
Katalunia
AGENTZIAK
'Askatasunaren Martxak' Kataluniako bost herritatik atera dira. Tarregatik, Tarragonatik eta Bergatik abiatu direnek trafikoan eragozpenak eragin dituzte. Quim Torrak bat egin du haiekin.
Albisteak (4)
Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako zigorra salatzeko ANC eta Omnium elkarteek antolatutako 'Askatasunaren Martxak' abiatu dira, eta ostiralean iritsiko dira Bartzelonara. Egun horretan, greba orokorra egingo dute Katalunian, sindikatuek deituta.
Martxak bost herritatik atera dira, 07:00ak eta 09:00ak bitartean: Tarrega (Lleida), Tarragona, Berga (Bartzelona), Vic eta Gironatik, hain zuzen ere, eta milaka parte hartzailek bat egin dute ekimenarekin.
Gironako martxan, Elisenda Paluzie ANCko presidenteak eta Carles Puigdemont eta Dolors Bassaren senideek hartu dute parte.
Guztira, 100 kilometroko ibilbidea egingo dute hiru egunetan.
ANCk eta Omniumek 'Askatasunaren Martxetan', greba orokorrean eta sindikatuek antolatutako manifestazioan (17:00) parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Kataluniako Trafiko Zerbitzuak jakinarazi duenez, Tarregako, Tarragonako eta Bergako (horiek abiatu dira lehendabizi) martxek eragozpenak sortu dituzte A-2, N-340 eta C-16 errepideetan, Bartzelonara bidean.
¿¿¿¿¿ Els tractors @ancpagesos també ens acompanyen! Aquests, des de Berga! #MarxesXLlibertat #ObjectiuIndependència pic.twitter.com/5ccynzXWzt
— Assemblea Nacional ¿ (@assemblea) October 16, 2019
Torra martxan sartu da, Gironan
Quim Torra Generalitatearen presidentea Gironako martxan sartu da, Caldes de Malavella parean.
Generalitatearen Jauregian, martxan sartu aurretik, Torrak batzarra egin du, Pere Aragones presidenteorde eta Ekonomia kontseilariarekin, Meritxell Budo Presidentetza kontseilariarekin eta Miquel Buch Barne kontseilariarekin. Gauean izandako istiluak izan dituzte bileran aztergai.
Martxetan, hurrengoak ere izan dira: Osasun kontseilari Alba Verges, Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura kontseilari Teresa Jorda, Lurralde eta Jasangarritasun kontseilari Damia Calvet, eta Politika Digital eta Administraritza Publiko kontseilari Jordi Puignero.
Torrarekin batera, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak ere bat egin du martxarekin. Kataluniako presidentearen ondoan ibili da.
Bortitz eta zatituta nahi zaituzte... Erantzuna ostera: bakezaleak eta elkarturik pic.twitter.com/FT97RlDyOQ
— Juan Jose Ibarretxe (@LHKibarretxe) October 16, 2019
Gironako Sils parean, Torrak adierazpenak egin ditu; zehaztu duenez, Kataluniako Gobernua "jendearen ondoan dago", eta proces auziaren epaiaren aurka "Katalunian egiten ari diren manifestazio guztiak babesten ditu".
BIDEOA | Bartzelonara bidean da 'Askatasunaren martxa'
Hiru eguneko greba ikasleen artean
Ikasleen Sindikatuak (SE, katalanez) ere gaur hasi du ostiralera arteko hiru eguneko greba. Katalan Herrietako Ikasleen Sindikatuak (SEPC, katalanez), aldiz, bihar eta etzi egingo du geldialdia.
SE sindikatuak azaldu duenez, gaur piketeak eta batzarrak egingo dituzte institutuetan eta unibertsitateetan; bihar manifestazioak egingo dituzte Bartzelonan, Tarragonan eta Gironan (12:00), eta ostiralean elkarretaratzea egingo dute Bartzelonako Unibertsitatearen parean (12:00) eta arratsalderako deituta dagoen manifestazio orokorrarekin bat egingo dute.
Bestalde, SEPC sindikatuak greba deitu du ostegunerako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta ostiralerako, ikastetxe eta unibertsitate guztietan. 'Contra la repressió a tot un poble, les estudiants ho aturem tot!' ("Herri oso baten errepresioaren kontra, ikasleek dena geldituko dugu") lelopean, "askatasuna kalean eta herriaren mobilizazioaren bitartez bakarrik lortuko dugu", esan du sindikatuak, eta, bide horretan, ikasleak aitzindari izatea nahi duela.
Buchek protesta baketsuak eskatu ditu
Bestalde, Miquel Buch Kataluniako Barne kontseilariak 'proces'aren aurkako protestak modu "zibiko eta baketsuan" egitea eta biolentoak isolatzea eskatu du, Generalitateak segurtasun publikoan dituen "erabateko eskumena" arriskuan ez jartzeko.
Atzo Bartzelonan izan ziren istiluen ostean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, polizia propioa izatea "herri baten ardura mailaren erakusle" da, eta eskumen horri eusteko deia egin du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa