21:24

Politika

Katalunia

Mobilizazio jendetsuak eta oldarraldiak Espainiako Gobernuaren ordezkaritzen aurrean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

ANCk eta Omniumek deituta, milaka lagun bildu dira Bartzelonan, Ordezkaritzaren inguruan. Polizia manifestariei oldartu zaie eta istiluak izan dira.

2:42
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bigarren egunez, protesta jendetsuak eta manifestarien aurkako Poliziaren oldarraldiak izan dira Katalunian.

Atzo, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko mobilizazio nagusia Prateko aireportuan egin zuten, Tsunami Demokratikoa mugimenduak deituta. Gaurkoan, ostera, Espainiako Gobernuak Bartzelonan, Gironan, Lleidan eta Tarragonan dauzkan ordezkaritzen aurrean egin dituzte elkarretaratzeak.    

Arratsaldean, 19:30 inguruan, milaka lagun Bartzelonako Mallorca kalean bildu dira, CDRek deituta, manifestazioan Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara joateko asmoz.  

Alabaina, Esquadra Mossoek eta Espainiako Poliziak ingurua itxi dute, eta manifestariek ezin izan dute aurrera egin.

Hainbat lagunek sua piztu dute kale erdian. Mossoak suaren alde batera geratu dira, eta manifestariak bestera.

Tentsioak gora egin du, eta, azkenean, Mossoek eta Espainiako Poliziak manifestarien aurka egin dute. Korrikaldiak eta istiluak izan dira. Poliziak gutxienez hiru pertsona atxilotu dituela zabaldu dute agentziek.

40.000 manifestari Bartzelonan

Aldi berean, eta istiluak izan diren tokitik hurbil, dozenaka mila lagunek hartu dute parte ANCk eta Omniumek Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren parean deitu duten elkarretaratzean.

Kandelak eskuan hartuta, bi orduko eserialdia egin dute. Tarte horretan, espetxean dauden buruzagi independentista katalanek idatzitako gutunak irakurri dituzte.

Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 40.000 manifestari izan dira aipatu mobilizazioan.

Bestalde, Tarragonan, Gironan eta Lleidan ere elkarretaratzea jendetsuak egin dituzte. Poliziaren eta manifestarien arteko liskarrekin amaitu dira protestak.

Hainbat errepide eta trenbide, itxita

Protestak goizean goizetik hasi dira Katalunian, eta manifestariek ibilgailuen joan-etorria eten dute hainbat errepidetan; AP-7, C-25, C-17 eta N-260 errepideetan, besteak beste. Tren-zerbitzua etenda egonda Tarragonan eta Gironan ere.

Halaber, goizean, Bartzelonako eta Tarragonako portuetan, trenbidea 20 minutuz itxi dute manifestariek.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena