Politika
Erreakzioak
Agentziak | Erredakzioa
Euskal alderdien adierazpenak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako kondenen harira.
Andoni Ortuzar EAJko presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB
Albisteak (4)
Andoni Ortuzar EAJk presidenteak adierazi du 'proces' auziko epaia "oso larria eta bidegabea" dela, eta kondenatuak aske uztea eskatu du. Gainera, ohartarazi du kondenek "areagotu" egin dezaketela gatazka, eta Estatuko "bizikidetza" ere urratu dezaketela. Horrenbestez, "irmo" erantzuteko deia egin dio Kataluniari, baina "era baketsuan".
Horren iritziz, epaitegi batek emandako epaia baino, kondenek "Estatuaren erantzuna" dirudite, "aginte judizialaren bitartekoak ezohiko gogortasuna erabiliz" eta "gatazka politikoari heldu gabe" emandakoa. Horregatik, epaileen erabakiak gatazka “larritu” egiten duela nabarmendu du.
"Estatuak, botere judiziala tresna politiko soil bezala erabilita, herrien autodeterminazio eskubidea defendatzen dutenentzako prezioa punturik gorenera" eraman du sententziarekin, EH Bilduk salatu duenez.
"Hau da Estatuaren erantzuna: gerra ekonomikoa, 155.a eta kartzela", azpimarratu du koalizioak, Mahai Politikoak onartutako adierazpen batean. Mertxe Aizpuruak eta Adolfo Araizek irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz.
Epaiak desobedientzia zibila eta manifestazio eskubidea "kriminalizatzea oso arriskutsua" dela uste du Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusiak.
Bilbon emandako prentsaurrekoan, sententzia “gehiegikeria eta bidegabea” dela esan du Martinezek. "Aurrekari politiko oso arriskutsua ezarri du", ohartarazi duenez; izan ere, "desobedientzia zibila eta manifestazio eskubidea kriminalizatzen ditu sedizio delituari lotuz".
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak beharrezkotzat jo du “zubiak” mantentzea, eta Kataluniarentzako konponbidea “aniztasuna, elkarrizketa, akordioak eta bizikidetza” direla gaineratu du, baina betiere “legearen baitan”.
Buruzagi sozialistaren hitzetan, “gaur, atzo bezala, beharrezkoa da elkarrizketa zintzoa abiatzea Katalunian, gizarte osoari konponbidea emateko”. Era berean, nabarmendu du herritarrek “tentsio politikotik at geratzea” merezi dutela.
EAEko PPk ez du oraindik adierazpenik egin epaiaren inguruan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa