Politika
Kataluniako auzia
eitb.eus
“Erreferenduma ez da delitua” lelopean protesta zaratatsuak egin dituzte herri eta auzoetako plazetan, eta, larunbaterako, manifestazioa deitu dute Donostian.
Elkarretaratzeak deitu ditu Gure Eskuk astelehen arratsalderako eta larunbaterako
Kataluniako erreferenduma zigortzeko ebazpenaren aurrean (9 eta 13 urte arteko zigorrak ezarri ditu Espainiako Auzitegi Gorenak), Gure Eskuk elkarretaratzeak antolatu ditu gaur, astelehena, arratsaldean herri eta auzoetako plazetan, eta larunbaterako, manifestazioa Donostian. "Larrialdi demokratikoari" Euskal Herrian ere erantzun behar zaiola adierazi du elkarteak, ohar batean.
Gure Eskuren arabera, epaia ez ezik, prozesu judiziala bera ere ez da justua izan: “Arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lantaldeak salatu duenez”.
Horregatik, epaiketa “politiko” honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela uste du Gure Eskuk, baina Espainiako Estatuak “larrialdi demokratiko batean” gaudela erakutsi du, elkarteak gaineratu duenez.
“Kriminalizazioa”
Zigor epai honek ate handi bat zabaldu du, Gure Eskuren hitzetan, “eskubide zibil, politiko eta kolektiboak kriminalizatzeko: manifestazio eskubidea, adierazpen askatasuna, protestarako eskubidea, bozkatzeko eskubidea edota autodeterminazio eskubidea. Kriminalizazio hau erabat onartezina da, eta oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan demokrazian”.
Auzitegi Gorenaren ebazpenaren aurrean, “gure helburua berretsi baino ezin dugu egin: gure etorkizuna erreferendum bidez erabaki nahi dugu, eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo”, adierazi du Gure Eskuk.
Elkarretaratzeak
Gaur arratsaldean “elkarretaratze zaratatsuak” antolatu ditu elkarteak “herri eta auzoetako plazetan”, eta urriaren 19an, larunbatarekin, manifestazioa izango da Donostian, auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde.
Sindikatuen atxikimendua
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek gogor kritikatu dute Gorenaren ebazpena, eta lantokietan protestak egiteko deia zabaldu dute datorren ostiralerako, urriaren 18rako.
Ohar bateratu batean zabaldu dutenez, langileak mobilizatzeaz gain, bat egin dute Gure Esku plataformak deitutako protesta guztiekin.
Gainera, sindikatuek elkarretaratze eta ekitaldi publikoa egingo dute astearte honetan, 11:30ean, Bilboko Arriaga plazan, eta "demokraziaren eta askatasunaren aurkako ebazpenari buruz gehiengo sindikalak egiten duen irakurketa" plazaratuko dute, sindikatuetako idazkari nagusiak bertan direla.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa