Politika
EAren primarioak
Eba Blancok EAko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu du
Agentziak | Erredakzioa
Kazetaria eta itzultzailea da, eta, 2012tik, baita EH Bilduko legebiltzarkidea ere. Urriaren 25ean, alderdiak primarioak egingo ditu, Pello Urizarren ondorengoa hautatzeko.
-
Eba Blanco de Angulo. Artxiboko argazkia: EH Bildu
Eba Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Alkartasunaren (EA) idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu du, horretarako beharrezkoak diren 50 bermeak lortu ostean, alderdiko iturriek jakitera eman dutenez.
Horrela, Maiorga Ramirez Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko parlamentariarekin lehiatuko da Blanco. Ramirezek, asteazkenean iragarri zuen EAko buru izateko hautagai izango dela, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiaren babesa jaso ostean.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Blancok esan du barne-eztabaida nagusi den honetan EAren proiektua "sendotzeko" unea dela. Bere iritziz, EH Bilduri "ekarpen handia" egin diezaiokeen alderdia da, eta "etorkizun" handia duela azpimarratu du.
"Ezin da ukatu. Egoera zailean gaude, eta uste dut alderdi hau premiaz kohesionatu behar dugula, denok zentzu berean lan egiteko. Ziur naiz afiliatuen % 100ek uste dutela EA indartsu baten alde lan egin behar dela", esan du Blancok. Ildo horretatik, "ilusioz" baina baita "kezkatuta" ere dagoela esan du. "Ukaezina da alderdiaren alde lan egiteko gogo handiz aurkezten naizela", nabarmendu du.
Eba Blanco kazetaria eta itzultzailea da, eta, 2012tik, baita EH Bilduko legebiltzarkidea ere.
Urriaren 25ean egingo ditu EAk primarioak, Pello Urizarren ondorengoa hautatzeko.