15:32

Politika

BAKE PROZESUA

Emakumezko presoak Rennesko espetxean batzea adostu dute 'bakegileek' eta Frantziak

EITB.EUS

Azken bi urteotako lanaren errepasoa egin dute Bake Bidea eta Bakegileak taldeek, eta presoen harira Frantziako Gobernuarekin adostutako urratsen berri eman dute.

  • Bake Bidea eta Bakegileak taldeetako ordezkariak.

    Bake Bidea eta Bakegileak taldeetako ordezkariak, gaur, Baionan. Argazkia: Bake Bidea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bake prozesuan aurrera egiteko eta, besteak beste, Frantziako Gobernuarekin bitartekari lanak egiteko jarri zituzten abian Ipar Euskal Herrian Bake Bidea eta Bakegileak taldeak. Lehendabiziko fasean presoak hurbiltzea jarri zuten erdigunean, eta urrats garrantzitsuak eman dituzte ildo horretan. Beste eskaera batzuei dagokienez, baina, "baldintzapeko edo behin-behineko baldintzapeko askatasun eta zigor-suspentsio eskarietan", adibidez, ez dela aurrerapausorik izan nabarmendu dute.

Gaur, bi taldeotako hainbat eragile hedabideen aurrean agertu dira Baionan, azken urteotako lanaren errepasoa egin eta aurrera begirako erronka nagusiak jakinarazteko.  "Lortu duguna eta lortzeko duguna neurtzeko garaia heldua zaigu. Nahitaez beste etapa batean sartuko garela jakinez, bide erdiko balantze baten egiteko garaia da", esan dute prentsaurrekoan.

Azken urteotan lortutakoaz balorazio gazi-gozoa egin dute. Batetik, gizonezko presoak Lannemezan eta Mont de Marsan herritako presondegietara hurbiltzen hasi dira, eta hori urrats garrantzitsua dela esan dute. Bestalde, Frantziako Estatuan emakumezkoentzako modulu berezirik duen espetxerik ez dagoela gogoratu dute, eta horrek hurbiltzea are gehiago zailtzen duela azpimarratu. Dena den, emakumezko presoak Rennesko espetxean batzea adostu dute Frantziako Gobernuarekin, betiere, presoek horretarako borondatea baldin badute. Zortzi euskal preso emakumezko daude Frantziako kartzeletan.

Gizonezkoen hurbilketak hiru etapatan egin dira, eta, orain arte, 29 preso eraman dituzte Lannemezango eta Mont de Marsango kartzeletara, 2018ko martxotik 2019ko urrira bitartean.

Bestalde, eragileek jakitera eman dutenez, DPS zaintza estatus berezia kentzeko hainbat eskari egin dituzte azken hilabeteotan, eta horietako batzuk onartu egin dira edo ez dira berritu. Gaur emandako datuen arabera, 2017ko uztailetik 2018ko maiatzera 9 DPS kendu edo ez zituzten berritu, eta iazko ekainetik 16 presori ez zaie DPS estatusa berritu.

Hurbilketen eta DPS estatusaren inguruan izandako urratsak positiboak izan direla adierazi duten arren, "baldintzapeko edo behin-behineko baldintzapeko askatasun eta zigor-suspentsio eskarietan" egoerak bere horretan jarraitzen duela esan dute. Baldintzapean aske geratzeko 11 eskaera egin zituzten, eta 2 ez dituzte onartu, 5 ez dira aztertu ere egin eta 4 aztertzeko zain daude.

Bestalde, eritasunagatik bi zigor-suspentsio eskaera egin ziren; bat, Oier Gomezena, onartu egin dute, eta, bestea, Ibon Fernandez Iradirena, urriaren 30ean ebatziko dute.

Anaiz Fusnosas Bake Bidea Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko mugimendu zibileko kidea, Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Michel Berhokoirigoin Bakegileak taldeko ordezkaria, Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko kidea, Serge Porteli magistratua eta Vicent Bru Pirinio Atlantikoetako diputatua agertu dira hedabideen aurrean.

Funosasen hitzetan, "etapa berri bat abiatzeko garaia" da, eta orain arteko bidea, hein handi batean, hautetsien lanari esker izan dela nabarmendu du. "Baina jarrera arrunt izoztua mantentzen dute kondenen aplikaziorako epaileek. Alta, haiek beraiek bete beharko lukete paper hori", gehitu du.

Azaroaren 2an elkartuko dira eragile guztiak, berriro, bigarren etapa honen bide-orria zehazteko. "Ez gara bidearen bukaeran; Baionako Adierazpena aktualizatu behar dugu, eta perspektibei buruz gogoetatu behar dugu", esan dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena