16:13

Politika

Katalunia

Indarkeriarik gabeko borroka eta desobedientzia zibila, 'proces'eko epaiaren aurrean

Agentziak | Erredakzioa

Gorenak zigor-epaia ematekotan abiatuko lituzketen mobilizazioak aurkeztu dituzte JxCatek, ERCk, CUPek, ANCk eta Omnium Culturalek.

  • JxCatek, ERCk, CUPek, ANCk eta Omnium Culturalek mobilizazioak aurkeztu dituzte. Argazkia: EFE.

    JxCatek, ERCk, CUPek, ANCk eta Omnium Culturalek mobilizazioak aurkeztu dituzte. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Gorenak zigor-epaia emango balu proces auzian, Kataluniako independentziaren aldeko alderdiek eta erakundeek indarkeriarik gabeko borroka baliatuz eta desobedientzia zibila gauzatuz erantzungo lukete; horixe da, behintzat, beraiek astearte honetan egindako deia.

JxCatek, ERCk, CUPek, ANCk eta Omnium Culturalek, baterako prentsaurreko batean, aurkeztu dute prestatzen ari diren mobilizazioen ingurua, Gorenak zigor-epaia emango balu abiatuko lituzketenak. Dena den, ez dute zehaztu aurreikusita duten ekintzetako bat ere.

Marti Anglada kazetaria, Anna Salles historialaria eta David Fernandez ekintzaile eta CUPeko diputatu ohia izan dira independentismoaren bozeramaileak; hirurek irakurri dute bertan zeuden erakundeek adostutako adierazpen bat.

Independentziaren aldeko eragile nagusiek, hortaz, ziurtzat jotzen omen dute zigor-epaia emango dutela. CDR taldeetako zazpi kide terrorismoa egotzita espetxeratu berri dituzte, eta independentismoaren aldekoak lider politiko eta sozialen aurkako epaiaren zain daude orain; testuinguru horretan, erantzuteko deia egin dute, desobedientzia zibila oinarri hartuta, baina ez da balizko desobedientzia instituzionalaren gaineko aipamenik egin.

"Edozein zigor-epai, bidegabea"

"Bidegabetzat joko dugu edozein zigor-epai", adierazten du testuak. Idazkiak zehazten du 2017ko udazkeneko irailaren 20an eta urriaren 1ean "oinarrizko eskubideak" erabili zituztela, hain zuzen ere, manifestazioarena, autodeterminazioarena eta parte-hartze politikoarena. Eskubide horiek erabiltzea "demokrazia batean, ezin da inoiz delitutzat jo".

"Errepresioa ez da epaiketa honekin hasi, eta ez da epaiketa honekin amaituko. Mugimendu politiko eta demokratiko oso baten aurkako auzia da, eta helburu bakarra da hori gelditzea eta suntsitzen saiatzea, gero eta masiboagoa baita eta gehiengo gero eta zabalago batek babesten baitu", dio agiriak.

Testuan ordezkatutako independentismoak dio "desobedientzia zibila eta herritarren mobilizazio baketsua direla herriak dituen baliabide nagusiak boterearen abusuen eta injustiziaren egoeren aurka egiteko".

"Urratutako eskubideak berriro erabiltzeko borondatea"

Halaber, adierazita dagoenez, emandako erantzunak "urratutako eskubideak berriro erabiltzeko borondatea" eskatuko du, bai eta mobilizazio "pluralak eta transbertsalak" egitea ere, "zuzena ez den epai batek guztiok interpelatzen gaituelako".

Ekitaldian hainbat ordezkari politiko izan dira; besteak beste, JxCateko buruzagi Josep Lluis Cleries, Laura Borras eta Eduard Pujol, ERCko Marta Vilalta eta CUPeko parlamentari ohi David Fernandez eta Albert Botran. Elisenda Paluzie ANCko presidentea eta Marcel Mauri Omniumeko presidenteordea ere bertan izan dira.

Gizarte zibileko hogeita hamar bat erakundek egin dute bat agiriarekin: CIEMENek, UnescoCatek, Iridiak, Unio de Pagesosek, SEPCek edo USTECek.

Ikasleen Sindikatuak 72 orduko greba deitu du

Ikasleen Sindikatuak institutuetako eta unibertsitateetako ikasleak deitu ditu, epaia jakinarazita eskolak gelditu eta Bartzelonako Sant Jaume plazara joateko; 72 orduko ikasle-greba proposatu du.

Agiri batean zehaztu dutenez, egunero egingo lukete mobilizazio bana: lehenengoan, ekintzak institutuetan eta unibertsitateetan; bigarrenean, goizean, ikasleen manifestazioak; eta hirugarrenean, langileekin batera egindako manifestazio bat.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena