Politika
Katalunia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Independentismoa, hainbat ekitaldi eta mobilizaziorekin, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrena ari da gogora ekartzen. Puigdemontek, Belgikatik, A10ean botoa emateko deia egin du.
Albisteak (4)
Kataluniako errepublika errealitatea bilakatzeko "aitzakiarik gabe" aurrera egiteko konpromisoa du hartuta Generalitatek, Quim Torra presidenteak astearte honetan ziurtatu duenez. Hain zuzen ere, Torrak 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren bigarren urteurrenaren erakunde-ekitaldian egin ditu adierazpen horiek.
'Compromís del Primer d'Octubre' izeneko ekitaldian zabaldu du mezu hori Torrak. Bertan, presidenteaz gain, Pere Aragones presidenteordea ere izan da, bai eta Kataluniako Gobernuko kideak eta Generalitateko hainbat goi-kargu ere.
Torrak beste bi konpromiso ere hartu ditu bere gain: "Preso politikoen askatasuna, eta erbesteratuen itzulera". Astearte honetako eguerdian, Kataluniako presidenteak bisita egingo die preso subiranistei Lledonerseko kartzelan (Bartzelonan dago).
Bitartean, Carles Puigdemont presidente ohiak, Belgikatik, deia egin die independentismoaren aldekoei azaroaren 10eko hauteskundeetan parte hartzeko; izan ere, hitzordu hori, haren iritziz, "urriaren 1eko agindua berresteko aukera da, bai eta proces auziko epaiei erantzuteko beste modu bat ere".
Catalunya Radion egin dioten elkarrizketa batean, Puigdemontek eskatu du independentismoak "erantzun guztiz bateratua" ematea, proces auziko epaien aurrean; halaber, galdegin du erantzun hori guztien artekoa izatea, hau da, erakunde guztiek parte hartzea: Kataluniako Gobernuak, bertako Parlamentuak eta udalek.
Gainera, Puigdemontek ziurtatu du ez duela bitartekaririk behar Quim Torrarekin hitz egiteko, eta esan du independentismoak ez duela inolako zerikusirik indarkeriarekin; nabarmendu duenez, CDR taldeetako atxilotutakoen ikerketaren gaineko informazioak "delirioa dira, fantasia hutsa".
Zigor-epaia egotekotan, balizko mobilizazioak
Urriaren honetan bertan, Auzitegi Gorenak proces auzian zigor-epaia ematekotan abiatuko lituzketen mobilizazioak aurkeztu dituzte JxCatek, ERCk, CUPek, ANCk eta Omnium Culturalek. Kataluniako independentziaren aldeko alderdiek eta erakundeek indarkeriazkoa ez den borroka baliatuz eta desobedientzia zibila gauzatuz erantzungo lukete.
"Bidegabetzat joko dugu edozein zigor-epai", adierazten du aurkezpenean irakurritako testuak. Idazkiak zehazten du 2017ko udazkenean, irailaren 20an eta urriaren 1ean hain zuzen ere, "oinarrizko eskubideak" erabili zituztela: hain zuzen ere, manifestazioarena, autodeterminazioarena eta parte-hartze politikoarena; eskubide horiek erabiltzea "demokrazia batean, ezin da inoiz delitutzat jo".
Hainbat manifestazio eta ekitaldi astearte honetan
Astearte honetan, autodeterminazio erreferendumaren bigarren urteurrena dela eta, hainbat manifestazio eta ekitaldi daude Katalunian. Buruzagi independentisten aurkako epaiketaren berehalako epaiak markatuko ditu mobilizazioak.
06:00etan, Gironan, Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) deituta, 300 bat lagun protestan aritu dira Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean. Esquadra Mossoek bertaraino heltzea galarazi diete. 08:00etan, manifestariak Espainiako Gobernuak Gironan duen Ordezkaritzaren aurrean bildu dira.
BIDEOA | 300 bat lagun bildu dira Gironako Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean
Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) agiri bat zabaldu dute goizean. Bertan ziurtatu dutenez, Estatua "zauritutako pizti bat balitz bezala" ari da, "eraso basatiak egiteko prest dago", baina CDRek esan dute "etsaia dardarka" jarriko dutela.
Agiria Twitter sare sozialean zabaldu dute, "CDR Catalunya oficial" kontuan, eta hala diote: "CDRak erreferendum baten alde egiteko jaio ginen, eta Errepublika bat defendatzeko hazi. Irabaziko dugu! Gora lur askatua!".
//¿// "Vam néixer per defensar un referèndum. Vam créixer per defensar una República. Serem qui farà tremolar l'enemic. I guanyarem, no tingueu cap dubte.
— CDR Catalunya (@CDRCatOficial) October 1, 2019
Visca la terra lliure!"#1OVamVotarVamGuanyar #1OTotesSomCDR #CDRenXarxa pic.twitter.com/MyOyXtorBP
Espainiako Gobernuaren jarduneko presidente Pedro Sanchezek bere aldetik ohartarazi duenez, Gobernuak aukera du Konstituzioaren 155. artikulua Katalunian ezartzeko, jardunean egon arren, eta autogobernua "legez kanpo" ari bada Espainiako Gobernuaren ardura dela lehengoratzea erantsi du.
"Espero dut mutur horretara ez iristea, ez du zertan berriro gauza bera gertatu", adierazi du Sanchezek SER katean egindako elkarrizketa batean.
19:00etan, ANCren manifestazioa
Arratsaldean, 19:00etan, ANCk deitutako manifestazioak Bartzelonako kale nagusiak zeharkatuko ditu. Martxa Catalunya plazan hasi eta Jaume Balmes institutuan amaituko da, U-1eko erreferendumean polizia herritarren aurka oldartu zen hauteslekuetako batean.
Bartzelonan ez ezik, Kataluniako beste hainbat herri eta hiritan antolatu ditu erreferenduma oroitzeko ekitaldiak eta manifestazioak ANCk: Gironan, Tarragonan, Sabadellen, Lleidan...
ERCren ekitaldia eta Lledonersko espetxera martxa
2019ko Diadan bezala, ERCk ekitaldi propioa egingo du erreferendumaren urteurrena gogoratzeko. Fonollosan (Bartzelona) izango da ekitaldia, eta han egongo dira Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteordea, Roger Torrent Parlamentuko presidentea, Marta Vilalta ERCko bozeramailea eta Gabriel Rufian eta Carolina Telechea Kongresuko diputatuak.
Gauean, 21:30 inguruan, ANCk deituta, hainbat martxa iritsiko dira Lledonersko espetxera, preso politikoei babesa adierazteko.
Bestalde, Intersindical-CSC Kataluniako Sindikatuen Konfederazioa eta IAC-CATAC Kataluniako Administrazioko Langileen Hautagaitza Autonomoa sindikatu elkarte independentistek greba orokorrera deitu dute Katalunian urriaren 11rako.
Mossoek segurtasun-neurriak zorroztuko dituzte
Esquadra Mossoek segurtasun-neurriak indartu dituzte gaurko mobilizazioetan istiluak izan daitezkeelakoan.
Poliziak uste du Guardia Zibilak Errepublikaren Defentsarako Komiteetako (CDR) bederatzi kide atxilotu izanak giroa gaiztotu duela eta horiek atxilotu ostean istiluak izateko arriskua areagotu egin dela Katalunian. Alderdi eta erakunde subiranistek salatu dute mugimendu independentista kriminalizatzeko asmoz egin dutela polizia-operazio hori.
Atxiloketa horien aurretik ere, eta Auzitegi Gorenaren epaia datozen asteetan ezagutaraziko dutela kontuan hartuta, Mossoek tentsioak gora egiteko eta istiluak izateko arriskuaz ohartarazi zuten.
Testuinguru politiko horretan, Andreu Martinez Esquadra Mossoen zuzendariak dimisioa iragarri du, karguan urtebete eta erdi egon ostean.
Pere Ferrerek hartuko du Andreu Martinezek utzitako lekua. Miquel Buch Barne kontseilariaren kabineteko buruzagia izan da Ferrer orain arte.
131 argi piztu dituzte Montserraten
Urteurren ekitaldien bezperan, bart 131 argi piztu dituzte Montserraten, Generalitateko presidente guztiak gogoratzeko.
Argiak piztu aurretik egin den "Llum i Llibertat" ekitaldi politikoan Quim Torra Generalitateko presidenteak azpimarratu duenez, 2017ko urriaren 1ak errepublikarako abiapuntua izan behar du.
BIDEOA | Torra: 'Urriaren 1a argia eta askatasuna izan zen'
Torraren esanetan, urriaren 1a argia eta askatasuna izan behar da, demokraziarako bidea eta eskubideen defentsa erakutsiko dituena.
1714ko irailaren 11 eta 2017ko urriaren 1a erresistentziaren eta askatasunaren egun gisa oroitu behar direla gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa