Politika
Auzitegi Nazionala
Agentziak | Erredakzioa
"Talde terroristako kide izatea, lehergaiak gordetzea eta kalteak eragin nahi izatea" egotzi die Fiskaltzak.
Auzitegi Nazionalaren kanpoaldea. ETBko bideo batetik ateratako artxiboko argazki bat
Katalunian atxilotutako zazpi lagunak behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak. Guardia Zibilak astelehenean atxilotu zituen eta gaur deklaratu dute epailearen aurrean, Madrilen.
Aurrez, Fiskaltzak zazpiak baldintzarik gabe kartzelan sartzeko eskera egin du, "talde terroristako kide izatea, lehergaiak gordetzea eta kalteak eragin nahi izatea" egotzita.
Atxilotuetako bostek defentsako abokatuaren galderak soilik erantzun dituzte eta fiskalak leporatutakoa ukatu dute.
Eva Pous defentsako abokatuak esan du akusazioa oinarritzeko frogak biltzen dituen txostena eskuratzea ukatu dietela eta horrek auzipetuen defentsarako eskubidea urratzen duela.
Gainerako bi atxilotuek ofizioko abokatu baten laguntzarekin deklaratu dute epailearen aurrean eta, berri agentzien arabera, Guardia Zibilaren esku egon ziren egunetan egozten dizkieten delituak aitortu omen zituzten.
Pous abokatuak susmagarritzat jo du bi atxilotu horiei ofizioko abokatua ezarri izana eta presioak jasan dituztela iradoki du.
(EH Bildu, ERC, JxCAT eta CUPeko ordezkariak Auzitegi Nazionalaren atarian. Argazkia: EFE)
Atxilotutakoen aldeko elkarretaratzea
Bestalde, atxilotutakoei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute goizean Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean. Bertan izan dira, besteak beste, ERC, JxCat, CUP eta EH Bildu alderdietako diputatuak.
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak elkartasuna adierazi dio Kataluniako herriari, "zigortu" egin nahi dutelako. "Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen ditugu errepresio eta muntai polizial mota guztiak", kritikatu du.
Marta Rosique ERCko diputatuak salatu duenez, "Estatuak bultzatu duen operazio honek mugimendu independentista isildu" nahi du. Horren iritzian, "asteon gertatutakoa ez da kasualitatea, Kataluniako preso politikoen kontra emango duten epai gogorra justifikatzeko kontakizun mediatiko faltsua eraiki dute".
Mirian Nogueras JxCateko kidea ere oso kritiko azaldu da. Salatu duenez, independentismoa terrorismoarekin lotzen saiatzen ari dira, baina horrek frogatu du "mugimendu baketsua" izan dela. "Ez diegu utziko", ohartarazi du.
Maria Sirventen (CUP) esanetan, operazio "errepresibo" baten aurrean gaude, "muntai polizial baten aurrean". "Estatuko botereek zuzendu dute gezurrak erabiliz eta frogarik gabe".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa