16:04

Politika

Igande honetan

'Euskal nazioaren onarpenean' aurrera egitea eskatuko du EAJk Alderdi Egunean

Agentziak | Erredakzioa

Jeltzaleek 43. aldiz ospatuko dute igande honetan, Forondan, Alderdi Eguna, 'Euskadik aurrera darrai' goiburuarekin. Ekitaldi nagusia 12:00etan izango da, Urkulluk eta Ortuzarrek hitza hartuta.

  • EAJk igandean egingo du Alderdi Eguna. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

    EAJk igandean egingo du Alderdi Eguna. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Euskal nazioaren onarpenean eta ongizatean" aurrera egiten "jarraitzeko" deia egingo du EAJk igande honetan, Forondako landetan, Alderdi Egunaren ospakizunean.

'Euskadik aurrera darrai' goiburuarekin, jeltzaleek 43. aldiz ospatuko dute Alderdi Eguna, hilaren 29an; 1977an egin zuten lehen aldiz, Aralarko San Migelen, Nafarroan, Francisco Franco diktadorea hil eta lehen hauteskunde demokratikoak egin ondoren.

Alderdi Egunak 400.000 metro koadro hartuko ditu. Ekitaldien egitaraua 10:00etan hasiko da, eta ekitaldi nagusia 12:00etan izango da, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak hitza hartuta.

Mireia Zarate EAJren EBBren idazkariak nabarmendu duenez, "Alderdi Eguna familia jeltzalearentzako egun oso berezia da, eta aurten testuinguru politiko eta ekonomiko korapilatsu batean egingo dugu"; izan ere, hauteskunde orokorrak deitu berri dituzte, eta arriskua omen dago beste krisi ekonomiko batean sartzeko.

Horregatik aukeratu dute 'Euskadik aurrera darrai' goiburua; hain zuzen ere, Euskadik eta EAJk lanean jarraitzen dutelako "duela 43 urte pentsaezina zen ongizate-maila batez gaur eta bihar gozatu ahal izateko".

"Arazoak ditugu, jakina, baina arazo horiek konpontzeko aurrera egiten ari gara. Jarraitzen dugu ekonomia- eta enpresa-jarduera dinamizatzen, eta lortu dugu langabezia % 10etik behera kokatzea. Jarraitzen dugu, halaber, aurrera egiten gizarte-politiketan eta -kontzientzian. Babes sozialaren euskal eredua gure mugetatik kanpo ere txalotzen dute".

Esan ere esan du aurrera egiten ari direla hainbat programa eta inbertsiotan; hain zuzen ere, "euskal herritarrei euren osasun–sistemaz eta gazteek jasotzen duten hezkuntzaz harro sentiarazten dieten" programa eta inbertsioetan. "Jarraitzen dugu aurrera egiten euskal nazioaren onarpenaren bidean, gure estatuen 1. artikuluak dioenari men eginez".

"Erronka handiak"

Buruzagi jeltzaleak onartu du arazoak daudela: langabezia, lan-ezegonkortasuna, soldata-arrakala, etxea izateko zailtasuna, zahartze demografikoa edo indarkeria matxistaren gaitza. "Baina erronka handiak ere baditugu", azpimarratu du.

Erronka horien artean, hiru nabarmendu ditu Zaratek: "Gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortzea, Euskadira beste hainbat herrialde eta kulturatik egunero iristen diren pertsonei harrera eraginkorra eta duina ematea, eta guztion artean aurre egitea klima-aldaketak dakarren mehatxuari; erronka hori oso kontuan hartuko dugu Alderdi Egun honetan".

Ziurtatu duenez, "Alderdi Egunean, Euskaditik eta beste zenbait naziotatik etorritako lagunen arteko topaketa eta senidetasuna dira nagusi"; hain zuzen ere, Kataluniako, Galiziako, Balear Uharteetako, Valentziako, Kanarietako, Flandriako, Bretainiako, Georgiako eta Venezuelako parte-hartzaileak ere izango dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena