12:00

Politika

Auzitegi Nazionala

Katalunian atxilotutako zazpi lagunak espetxeratzeko eskatu du Fiskaltzak

Agentziak | Erredakzioa

"Terrorismoa, lehergaiak gordetzea eta kalteak" eragin nahi izatea egotzi die Fiskaltzak. Epaileak datozen orduetan hartuko du erabaki bat.

  • Auzitegi Nazionalaren kanpoaldea

    Auzitegi Nazionalaren kanpoaldea. ETBko bideo batetik ateratako artxiboko argazki bat

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Katalunian atxilotutako zazpi lagunak behin-behinean espetxeratzea eskatu du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Guardia Zibilak astelehenean atxilotu zituen eta gaur deklaratu dute epailearen aurrean, Madrilen.  

EFE agentziak zabaldu duenez, Fiskaltzak "terrorismoa, lehergaiak gordetzea eta kalteak" eragin nahi izatea egotzi die eta, ondorioz, zazpiak kartzelan sartzea galdegin du.

Fiskalaren eta defentsako abokatuen azalpenak entzun ostean, epaileak datozen orduetan hartuko du erabaki bat.

Atxilotuetako bostek defentsako abokatuaren galderak soilik erantzun dituzte eta fiskalak leporatutakoa ukatu egin dute.

Eva Pous defentsako abokatuak esan du akusazioa oinarritzen den frogak biltzen dituen txostena eskuratzea ukatu dietela eta horrek auzipetuen defentsarako eskubidea urratzen duela.

Gainerako bi atxilotuek ofizioko abokatu baten laguntzarekin deklaratu dute epailearen aurrean eta, berri agentzien arabera, Guardia Zibilaren esku egon ziren egunetan egozten dizkieten delituak aitortu omen zituzten.

Pous abokatuak susmagarritzat jo du bi atxilotu horiei ofizioko abokatua ezarri izana eta presioak jasan dituztela iradoki du.

(EH Bildu, ERC, JxCAT eta CUPeko ordezkariak Auzitegi Nazionalaren atarian. Argazkia: EFE) 

Atxilotutakoen aldeko elkarretaratzea

Bestalde, atxilotutakoei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute goizean Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean. Bertan izan dira, besteak beste, ERC, JxCat, CUP eta EH Bildu alderdietako diputatuak.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak elkartasuna adierazi dio Kataluniako herriari, "zigortu" nahi dutelako. "Euskal Herrian ondo baino hobeto ezagutzen ditugu errepresio eta muntai polizial mota guztiak", kritikatu du.

Marta Rosique ERCko diputatuak salatu duenez, "Estatuak bultzatu duen operazio honek mugimendu independentista "isildu" nahi du. Horren iritzian, "asteon gertatutakoa ez da kasualitatea, Kataluniako preso politikoen kontra emango duten epai gogorra justifikatzeko kontakizun mediatiko faltsua eraiki dute".

Mirian Nogueras JxCateko kidea ere oso kritiko azaldu da. Salatu duenez, independentismoa terrorismoarekin lotzen saiatzen ari dira, baina horrek frogatu du "mugimendu baketsua" izan dela. "Ez diegu utziko", ohartarazi du.

Maria Sirventen (CUP) esanetan, operazio "errepresibo" baten aurrean gaude, "muntai polizial baten aurrean". "Estatuko botereek zuzendu dute gezurrak erabiliz eta probarik gabe".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena