13:59

Politika

EiTB Focus

EAJ izango litzateke lehenengo indarra EAEn hauteskunde orokorretan

EiTB.EUS

EiTB Focus inkestaren arabera, jeltzaleek apirilean baino diputatu bat gehiago izan lezakete. PSE-EE izango litzateke bigarren indarra, eta EH Bildu hirugarrena; jarraian, Elkarrekin Podemos eta PP.

6:13
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euzko Alderdi Jeltzaleak irabaziko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoan azaroaren 10eko hauteskunde orokorrak. Jeltzaleek botoen % 30,4 eta sei diputatu lortuko lituzkete, apirilaren 28an adina, baina baliteke zazpigarrena ere lortzea.

EiTB Focusen hamabosgarren inkesta azaroaren 10eko hauteskunde orokorren boto-asmoaren gainekoa da, eta hauteskunde horiek deitu eta egun gutxira egindako galdeketa da. Inkestaren lehen emanaldiaren arabera, PSE-EE izango litzateke bigarren indarra Euskadin, lau aulkirekin (apirilean ere lau erdietsi zituen). Jarraian, EH Bilduk apirilean lortutako hirugarren postua errepikatuko luke, baina Arabako diputatua galduko luke, eta hiru aulki lortuko lituzke.

Elkarrekin Podemos izango litzateke laugarren indar bozkatuena, 3 diputaturekin. PP kokatuko litzateke bosgarren postuan, eta ordezkaritza lortuko luke, apirilean ez bezala; inkestaren arabera, diputatu bat eskuratuko luke, eta baliteke bi ere izatea.

Hauteskundeak errepikatu beharraz galdetuta, EiTB Focusek ondorioztatzen du euskal herritarren % 80ri txarto edo oso txarto iruditzen zaiela berriro bozkatzera joan behar izatea.

Boto-asmoa EAEn

Hala, inkestaren datuen arabera, EAJ izango litzateke lehenengo indar politikoa EAEn azaroaren 10eko hauteskundeetan; jeltzaleek apirilaren 28an izandako 6 aulkiak berretsiko lituzkete, nahiz eta botoen % 0,8 galduko luketen (% 31,2 apirilean eta % 30,4 azaroan). Hori gorabehera, EiTB Focusek jaso duenez, aukera dago beste aulki bat lortzeko, eta guztira zazpi diputatu izateko.

PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP, ordena horretan, EAJren atzetik kokatuko lirateke. PSE-EEk apirilean lortutako lau diputatuei eutsiko lieke, eta bi puntu egingo luke gora (% 22,2 azaroan eta % 20,0 apirilean). EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek diputatu bana galduko lukete, hiruna lortuta; boto-ehunekoari dagokionez, EH Bilduk hiru hamarren galduko lituzke (% 16,5 orain eta % 16,8 apirilean), eta Elkarrekin Podemos bi puntutik gora jaitsiko litzateke (apirileko % 17,7tik, azaroko % 15,5era). PPk botoen % 9,5 eskuratuko lituzke, apirilean baino bi puntu gehiago, eta berriro izango luke ordezkaritza Kongresuan, diputatu batekin edo birekin.

Boto-asmoa Araban

Araban, EiTB Focusek aurreikusten du PSE-EEk lehen postua kenduko diola EAJri, eta bozen % 24,3 lortuko dituela; jeltzaleek, aldiz, botoen % 23,5 jasoko dituzte (apirilean, sozialistek botoen % 22,5 lortu zituzten, eta jeltzaleek % 22,9). PSE-EEk eta EAJk aulki bana lortuko lukete, bai eta PPk eta Elkarrekin Podemosek ere; PPk babesen % 16,3 jasoko lituzke, apirileko datua 2,5 puntu hobetuz, eta Elkarrekin Podemosen eta EH Bilduren aurrean kokatuko litzateke. Elkarrekin Podemosek ia hiru puntu egingo luke behera, eta EH Bildu, aldiz, puntu bat jaitsiko litzateke. EH Bilduk, hortaz, apirilean lortutako aulkia galduko luke; aipatutako aulki hori PPk eskuratuko luke, eta, ondorioz, berriro lortuko luke Kongresuan aulkia izatea Araba ordezkatuz.

Boto-asmoa Bizkaian

Bizkaian, EAJk apirilaren 28an lortutako lehenengo postua berretsiko luke. EiTB Focusen arabera, jeltzaleek botoen % 33,8 eskuratuko lituzkete, aurreko legealdiko hiru diputatuei eutsita, eta baliteke bat gehiago ere lortzea. PSE-EEk babesen % 22,1 eskuratuko lituzke, eta bi puntu gora egingo luke, baina orain arteko bi diputatuei eutsiko lieke; Elkarrekin Podemosek aulki bat erdietsiko luke, bat galduta, botoen % 15,8 jasota (apirileko datuarekin alderatuta, bi puntu galduko lituzke).

EH Bilduk apirilaren 28ko emaitza errepikatuko luke ia-ia (bozen % 13,9, orduan baino lau hamarren gehiago, eta diputatu bat), eta PPk baliteke diputatu bat lortzea; izan ere, puntu eta erdiko gorakada aurreikusten du inkestak alderdi horren kasuan (% 8,7ra helduko litzateke). EAJren eta PPren artean dago azken aulki hori, EiTB Focusen arabera.

Boto-asmoa Gipuzkoan

Gipuzkoan, EiTB Focusen arabera, aldaketa oso txikiak egongo dira, aurreko hauteskundeen aldean. EAJ izango litzateke berriro indar bozkatuena, eta EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PP kokatuko lirateke jarraian, ordena horretan. Alderdi guztiek lortuko lituzkete apirilean beste diputatu: EAJk eta EH Bilduk, bina; PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, bana. Nabarmentzekoa da PSE-EE dela portzentajeari dagokionez gora egiten duen bakarra (% 19,0tik 21,5era), eta beherakadarik handiena Elkarrekin Podemosena dela (% 17,4tik 15,0ra).

Hauteskundeen errepikapena

Hauteskunde orokorrak errepikatu behar izatearen gainean galdetuta, EAEko herritarren % 80k diote txarto edo oso txarto iruditzen zaiela hori.

Herritarren % 60k Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari eta Pablo Iglesias Unidas Podemoseko liderrari egozten diete errepikapen hori.

Dena dela, EiTB Focusen arabera, aurreikusitako aurreko urteetakoaren parekoa izango da; izan ere, hurrengo hauteskunde orokorretan, abstentzioa % 32,0koa izango da Euskadin, inkestak aurreikusten duenez.

Fitxa teknikoa

EAEn bizi diren 1.200 pertsona (Araban 400, Bizkaian 400, Gipuzkoan 400).

La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.

Lurralde, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina.

Inkesten % 26,2 euskaraz egin dira, eta gainerako % 73,8a, gaztelaniaz.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2019ko irailaren 20tik 23ra bitartean egin zuten telefonoz elkarrizketak eginez.

Galdeketa motzenak 2 minutu iraun zuen, eta luzeenak 9.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena