13:43

Politika

Memoria historikoa

Frankismoaren biktimei kalte-ordainak ematea proposatu du Eusko Jaurlaritzak

Agentziak | Erredakzioa

Garai hartan desagertu zirenen hobi komunak hondatzen dituztenentzako 150.000 eurorainoko isunak ezartzea ere proposatu du lehendakariak.

  • Eusko Legebiltzarra

    Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Memoria Historikoaren Legearen aurreproiektuaren lehenengo zirriborroa aurkeztu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak Gobernu Kontseiluan. Hala, horrekin emango zaio hasiera bere tramitazioari lege-proiektu gisa. Momentu honetatik aurrera, Legebiltzarreko taldeekin eta elkarte memorialistekin partekatuko da dokumentua.

Besteak beste, lege berriari esker, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen aurkako delitu zantzu guztiak epaitegietara eramango dituzte; baita 150.000 eurorainoko isunak ezarri ere garai hartan desagertu zirenen hobi komunak hondatzen dituztenentzat.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak astearte honetan Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, lege-zirriborroa hamaika kapitulutan egituratzen da. Lehen kapituluak egia jakiteko eskubideari heltzen dio. Horretarako, Justizia Administrazioarekiko lankidetza zehaztu egiten du, giza hondakinak aurkitzearen kasuan, edo ekintza prozesalei hasiera emateko xedapena. Hori guztia, Arartekoaren eta nazioarteko instituzioen gomendioei jarraituta, inpunitatea eragozteko eta justiziarako eskubidea gauzatzeko neurriak bultzatzean.

Biktimek aitortza jasotzeko duten eskubidea ere arautzen du Legeak, hainbat ekimenen bitartez: dokumentu instituzional pertsonalizatu bat, Eusko Jaurlaritzak igorria, biktimei eskainitako egun bat finkatzea, eta instituzioen arteko akordio bat bultzatzea memoria historikoa berreskuratzeko.

Halaber, dibulgazioarekin eta hezkuntzarekin lotutako zereginari helduko dio. Eremu horretan nabarmendu egiten dira Gogoraren Dokumentazio Zentroa sendotzea, erakusketa-gune bat sortzea, edo ekitaldiak sustatzea memoria historikoa hedarazteko. Gainera, Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritzea aurreikusten da, Memoria Historikoa euskal curriculumean txertatzeko.

Gogorari dagokio Gerra Zibilean desagertutako pertsonen lokalizazioan eta identifikazioan jardutea, baita hobien mapa bat egitea, desagertuen senideekin komunikazioa izatea, edo desagertuen hondakinetarako kolunbarioak eraikitzea.

Gainera, beste instituzio autonomiko batzuekin edo Espainiako Gobernuarekin hitzarmenak sinatzea ere aurreikusten da pertsona desagertuak berreskuratzeko eta, zehazki, Erorien Haranean hobiratutako euskaldunen hondakinak berreskuratzeko.

Euskadiko Memoria Historikoari lotutako lekuei, ibilbideei eta espazioei helduko die legeak. Katalogo baten sorkuntza eta bere babes- eta kontserbazio-erregimena araudiaren ondorengo garapen batean biltzen dira.

Memoria historikoaren aurkako sinbologia arautzen da. Halako sinbolo gehienak azken urteotan kendu egin badira ere, oraindik ere aztarrenak geratzen dira eta horiek kentzeko agintzen du legeak.

Ordain-neurri ekonomikoen kapitulu bat ere badago. Arau-hauste oso larriei 10.001 eta 150.000 euro arteko isunak ezarriko zaizkie; esaterako, baimenik gabeko hondeaketak egiteagatik eta memoria historikoaren mapetan dauden hobiak hondatzeagatik.

Arau-hauste larriak, berriz, 2.001 eta 10.000 euro arteko isunekin zigortuko dira; esaterako, baimenik gabe giza gorpuzkiak mugitzea, biktimen edo horien senideen duintasunaren aurkako adierazpen iraingarriak egitea, eta gorrotoa bultzatzeko delitu gisa tipifikatu ezin daitezkeen diktadura frankistaren gorespena suposatzen duten jarduerak.

Legegintzaren egutegian hasiera batean aurreikusita ez zegoen aurreproiektu horren aurrekarien sorburua 2018ko otsailaren 8an onetsitako Legebiltzarraren ekimen batean dago, non EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoarekin, Gogorari eskatu baitzitzaion txosten bat egiteko Memoria Historikoaren Lege baten komenigarritasunari buruz.

EAJren eta PSE-EEren Gobernuaren zirriborroa EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, Frankismoko krimenen aurkako plataformaren eskariari erantzunez, Memoria Historikoaren Lege-proposamena Eusko Legebiltzarrean orain dela aste batzuk erregistratu ostean heldu da.

Frankismoko krimenen aurkako plataformak atzera bota zuen haren eskaria Eusko Jaurlaritza zirriborroa prestatzen ari zela jakin zuenean. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, biana, aurrera jarraitu zuten beren lege proposamenarekin eta EAJ kritikatu zuten orain arte Memoria Historikoaren Legea bultzatu nahi ez izanagatik.

Erkorekak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak oposizioaren lege proposamen horren aurkako irizpidea emango du, Eusko Jaurlaritzaren proiektuari lehentasuna eman nahi diolako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena