Politika
Politika orokorreko eztabaida
Egibar: 'Espainiako egoerak erakusten du Euskadik bere bidea egin behar duela'
Agentziak | Erredakzioa
EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak nabarmendu du Sanchezek, Espainiako Gobernurako, "atxikimendua" nahi zuela, ez koalizio bat, "eta hori, politikan, ez da existitzen".
-
Euskadik "bere bidea egin beharko luke", Egibarren esanetan. Argazkia: EFE.
EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile Joseba Egibarren esanetan, "Espainiako egoerak eta hauteskunde orokorrak berriro egiteak" erakusten dutela "Euskadik bere bidea egin beharko lukeela", politikari, ekonomiari eta gizarte-gaiei dagokienez.
Ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren politika orokorreko eztabaidan, Egibarrek Espainiako egoera politikoaz hitz egin du, eta nabarmendu du bere iritziz Pedro Sanchezek ez duela asmorik izan Unidas Podemosekin koalizioa egiteko; Sanchezek, aldiz, "atxikimendua" nahi zuen, eta hori "politikan, ez da existitzen".
Ohartarazi du, halaber, hauteskundeen ostean "alderdi-bitasun klasikorako joera" izango dela, eta iragarri du aukera dagoela Katalunian, berriro ere, 155. artikulua indarrean jartzeko; kartzelan dauden Kataluniako ordezkari politikoak, Egibarren ustez, "aske egon beharko lirateke".
Euskal estatus politikoaren harira, Egibarrek nahiko luke Legebiltzarretik aterako den artikulatutako testuak gehiengo "ahalik eta handiena" izatea; hala ere, oinarriak eta hastapenak adostu zituzten EAJri eta EH Bilduri aipamena eginez, nabarmendu du "gehiengo demokratikoek ez dutela gizartea zatitzen".
Gizarte Segurantzaren transferentzia
Beste behin, Euskadirako eskatu du Gizarte Segurantzaren transferentzia, "Estatutuak hala aurreikusten baitu", eta azpimarratu du EAEn "bideragarria" izango litzatekeela berezko sistema bat; nolanahi ere, zehaztu du horrek ez lituzkeela apurtuko "kutxa bakarraren izaera, ez eta elkartasunaren hastapenarekiko errespetua ere”.
Elkarbizitzari buruz, EAJko bozeramaileak deitoratu du gaur egun iraganak "pisu handiegia" duela, etorkizuna eraikitzeko, baina babestu du aukera dagoela guztion arteko akordioa lotzea, eta aitortzea akatsa izan zela garrantzi handiagoa ematea ideiei eta kausa baten alde egiteari pertsonen bizitzari berari baino.
Garrantzia eman dio Iñigo Urkulluren lidergoari; izan ere, normalizatutako herrialde baten burua da lehendakaria, eta euskal erakundeak normaltasunez dabiltza (Espainian, aldiz, paralisi politiko eta instituzionala dago, haren iritziz); hortaz, deia egin die oposizioko alderdiei euskal aurrekontuen negoziazioaren harira.
Gainera, Joseba Egibarrek egotzi dio PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiari haren alderdia saiatzen dela beretzat hartu "beto-eskubidea" Legebiltzarrak autogobernuaz har litzakeen erabakien gainean; halaber, esan dio Mendiari PSE ahalegintzen dela "arlo horretan egon litekeen adostasuna" bere ondarearen baitan txertatzen, "modu desegokian". Mendiak, aurretik, esana zuen oso garrantzitsua dela balizko estatutu politikoak adostasun zabala izatea, eta horregatik egin dizkio Egibarrek kritika horiek.