Politika
Sanchezen inbestidura
Agentziak
Riverak bilera eskatu dio jarduneko presidenteari. Gero, Sanchezek telefonoz deitu die Cs-eko buruari, Iglesiasi eta Casadori. PSOE-Cs itun baten beldur da Podemos. Casadok 'ezetza' berretsi du.
Pedro Sanchez, EFEren artxiboko argazki batean.
Gorteak desegin eta hauteskunde orokorrak deitzeko epe-muga buruan —irailaren 23a da azken eguna— Pedro Sanchezen inbestidura posible egin dezaketen alderdiak azken uneko elkarrizketetan ari dira. Buruzagi sozialistak telefonoz deitu die Iglesiasi, Casadori eta Riverari, Espainiako erregearekin arratsaldean dituzten bileretan izango duten jarrera ezagutze aldera.
Sanchezek Ciudadanoseko buruzagiei ere idatzi die alderdi laranjak inbestidura saioan abstentzioa emateko eskatutako baldintzak jada betetzen dituela azpimarratzeko.
Agintari biek telefono bidezko hizketa izan dute, baina ez dute horren berri eman; PSOEk, ordea, Sanchezek Riverari idatzitako gutuna argitaratu du sare sozialetan, non eskerrak ematen dizkion "komunikazio berantiarragatik", eta haren abstentzioarekin hauteskundeak saihestera gonbidatu du.
"Ez dago inbestiduraren aurka egiteko oztopo bat ere, baldin eta hori zure asmoa baldin bada eta Konstituzioaren babesa bilatzen baduzu", esan dio Sanchezek Riverari gutun horretan.
Ciudadanosen buruzagiak, ordea, Sanchezen erantzuna ukatu du eta alderdi laranjak proposatutako "Estatu irtenbidea" onartzen ez badu inbestiduraren aurka egingo dutela iragarri du.
Agiri batean Riverak azaldu duenez, Sanchezek telefonoz emandako erantzuna "adarjotze hutsa" eta "gezur bilduma bat" izan da.
Iglesias PSOE eta Ciudadanosen arteko balizko akordioaren harira
Podemoseko idazkari nagusiaren esanetan, Sanchezek inbestidura gainditzeko mahai gainean dituen bi aukeretako bat aukeratu behar du. "Eskuin eta ezkerreko eskaintzak ditu", esan du Iglesiasek, eta behingoz erabaki dezala eskatu dio.
Erregearekin bilera egin ostean Kongresuan emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, azkenean PSOEren eta Ciudadanosen arteko akordioa egongo balitz, Unidas Podemosen botoa adosten denaren araberakoa izango da.
Iglesiasen hitzetan, PSOEk nahiago du azken orduotan Ciudadanosekin harremanak izatea Unidas Podemosekin baino. Horren harira, "matxo alfa Rivera denean" bilerak egiteko "presaka" dabiltzala gaineratu du.
Hala ere, Riveraren azken jarrera erabat elektoralista dela uste du Iglesiasek, Ferrazen "pozaz" hartu arren.
EH Bilduk ere abstentzioaren alde egingo luke PSOE eta Ciudadanosen arteko akordioa egongo balitz. Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramailearen esanetan, sozialistek Ciudadanosekin ituna adostuko balute "eskuinak aurreratzea saihestuko" lukete, eta, horrenbestez, botoa pentsatuko luketela esan du Aizpuruak.
Jaurlaritzak uste du bozak errepikatuko direla
Jaurlaritzak uste du Espainian Gobernua osatzeko prozesua "egoera kafkiar, ulertezina eta arduragabea" bihurtu dela, eta azkenean azaroaren 10ean hauteskundeak errepikatuko direla.
Josu Erkorekak Gobernu Bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, Ciudadanosen eskaintza "anekdota" hutsa da.
Bozeramaileak uste du litekeena dela inbestidurarako epea agortu aurretik alderdi politikoek horrelako proposamenak egiten jarraitzea.
"Ez dut baztertzen azken orduan mugimendu gehiago izatea, baina ez gaitezen engainatu, itxurakeriatik gehiago izango dute, hauteskundeei begira eraikitzen ari diren kontaketan aurpegi hobearekin agertzeko", azaldu du Erkorekak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa