17:42

Politika

Pedro Sanchezen inbestidura

PSOE eta Podemosen arteko bilerak porrot eginda, inbestidurak blokeatuta segitzen du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Batzarraren ondotik, sozialistek esan dute ez dutela akordiorako aukerarik ikusten. PSOEk "negoziazio mahaitik altxatzeko" mehatxua egin duela kritikatu du Podemosek.  

1:45
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

PSOE eta Podemoseko talde negoziatzaileak berriro bildu dira gaur goizean Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetuko lukeen akordioa egiteko asmoz, baina saiakera ezerezean geratu da. Arrazoia betikoa izan da: gobernatzeko formula. Podemosek koalizio-gobernua osatu nahi du eta PSOEk legealdirako programa adostu gura du.

Abuztuko geldialdiaren ondotik, gaurkoa bigarren bilera izan da. Ia lau orduz egon dira hizketan eta batzarra giro adeitsuan egin dutela adierazi dute. Alabaina, akordioa ezinezkoa dela aitortu dute, eta batak besteari egozten dio egoeraren ardura.

Pablo Echenique Podemoseko Ekintza Politikoko arduradunak azaldu duenez, PSOEk koalizio-gobernuaren aukerari uko egiteko exijitu die, hala egin ezean, negoziazio mahaitik altxatuko direla ohartarazita.

"PSOEk alderdi bakarreko Gobernua osatu nahi du, ministro sozialistekin, eta jarrera horri eusten dio; guk uste dugu akatsa dela eta jarrera horrek hauteskundeak errepikatu behar izatea ekarriko duela", esan du Echeniquek. Hori dela eta, hausnartzeko eta atzera egiteko eskatu die sozialistei.

Adriana Lastra PSOEko bozeramailearentzat, berriz, hauteskundeak errepikatuz gero, ardura Podemosena izango da, koalizio-gobernua osatzeko planteamendua alboratzen ez duelako eta itun programatiko bat adosteari uko egiten diolako.

"Gaur ikusi dugu ez dagoela akordioa lortzeko aukerarik, legealdirako programa bat adostu nahi dugu, baina aukera horri behin eta berriro ezetz esaten diote; beraz, oraingoz, ez dago irtenbiderik", deitoratu du Lastrak.

Ildo berean, PSOEk negoziatzen jarraitu nahi duela berretsi du, baina elkarrizketak programari buruzkoak izan behar direla zehaztu du, koalizio-gobernuaren aukera behin betiko alboratuta.

Lastraren arabera, Podemosek argi utzi die ez dietela beren botoak besterik gabe emango, eta sozialistek erantzun diete ez dutela doaneko inbestidurarik nahi, beraien helburua gobernu-programa adostea dela eta, ondorioz, itunik egin ezean, Sanchez inbestidura-saiora aurkeztuko ez dela berretsi diete.

Echeniquek erantsi du akordiorik gabeko inbestidura bat arduragabekeria litzatekeela, ezegonkortasuna ekarriko lukeelako, eta, beraz, aukera hori Podemosentzat baztertuta dagoela argitu du.

Gauzak horrela, talde negoziatzaileetako bozeramaileek argi utzi dute alderdi bakoitzak berea defendatzen jarraitzen duela eta ez dela inolako aurrerapenik izan.

Echeniquek ohartarazi du, hauteskundeak errepikatzen badira, litekeena dela eskuinak gehiengoa lortzea eta Espainiako Gobernu berria PP, Ciudadanos eta Voxeko ministroekin osatzea.

Hori dela eta, negoziazioa uztailean utzi zuten tokitik berrabiarazteko eskatu du. Orduan PSOEk koalizio-gobernua osatzeko aukera jarri zuen mahai gainean. Echeniquek ziurtatu du, hala eginez gero, akordioa "ordu gutxitan" izango dela.

Alabaina, Lastrak erantzun dio programa eta aurrekontuak adostea eskaintzen diotela Podemosi, eta zer egingo duten ondo pentsatzeko eskatu die: "gobernu progresista bat izatea ahalbidetu edo galarazi egingo duten erabaki behar dute".

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena