Politika
GOBERNU OSAKETA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gainera, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Ogasun Ministerioaren barruan bulego bat sortzea proposatu du, akordio programatikoa betetzen dela bermatzeko.
Albisteak (7)
Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak, Estatuaren "gobernantzan" parte hartzea eskaini eta Ministroen Kontseilutik aparteko erakundeetako eta organoetako gidaritza luzatu dio. Alor fiskaleko, energetikoko, sozialeko edota juridikoko erakundeak eta organoak dira.
Hala ere, Sanchezek berriz baztertu du koalizio gobernu bat osatzea, akordio programatikoaren 370 neurriak aurkezteko egin duen ekitaldian. Hori eskatzen du Unidas Podemosek Sanchez Gobernuko presidente egiteko.
Akordioa betetzen dela ziurtatzeko berme "hirukoitza" eskaini dio Podemosi: Ogasun Ministerioan bulego bat sortzea, Kongresuan eta Senatuan batzordeak eratzea, eta gizarte zibilean hartutako konpromisoen fiskalizazioan inplikatuko lukeen organismo bat.
Akordioaren aurkezpenean, Sanchezek PPri, Ciudadanosi eta Unidas Podemosi blokeo politikoaren erantzukizuna aurpegiratu die, eta hauteskundeak errepikatzea konponbide bakarra izango dela Pablo Iglesiasek koalizio gobernua baztertzen ez badu.
Sozialisten buruak esan du "ez duela merezi" egonkortasuna emango ez duen exekutibo baten alde "saiatzea", 'brexit' eta dezelerazio ekonomikoa bezalako erronken aurrean.
Bere ustez, Iglesiasek proposatutako koalizio gobernu bat "exekutibo berean bi gobernu egotea" bezalakoa litzateke.
370 neurri
Sanchezek Podemosi aurkeztu dizkion 370 neurriak 75 orrialdeko dokumentu batean daude bilduta, hurrengo gaietan oinarritutako sei epigrafetan bananduta: Ongizate Estatua, trantsizio ekologikoa, inbertsio publikoa eta erreferendumik gabeko elkarrizketa Katalunian.
PSOEren Batzorde Federalak bilera egin zuen atzo Ferrazeko egoitzan dokumentuari oniritzia emateko. Batzorde Federalak aho batez onartu zuen testua. Dena den, Sanchezek ez zuen dokumentu osoa aurkeztu bileran, % 10 inguru falta zen. Ildo horretan, Sanchezek konfiantza izateko eskatu zien alderdikideei.
Alde batetik, Espainian larrialdi klimatikoa deitzeko proposamena sartu du neurrien artean PSOEk. Hori zen talde ekologista nagusiek Sanchezi eskatu zioten neurri nagusietako bat, eta Unidas Podemosek bere promosamenean sartutako neurri bat ere bazen.
Era berean, PSOEk Mugikortasun Jasangarriaren Lege bat egiteko asmoa dauka, baita garraio publikoa finantzatzea ere mugikortasun segururako eta jasangarrirako eskubidea bermatzeko, hirietan zein landa-eremuan.
Dokumentuan agertzen den beste neurri bat 50.000 biztanletik gorako udalerrietan emisio baxuko barrutiak mugatzeko legea da.
2040an gasolina, diesela eta gasa erabiltzen duten autoak saltzeko "debekua" berreskuratu du PSOEk proposamenean.
Hezkuntzari dagokionez, PSOEk emakumeentzat matrikula unibertsitarioaren lehen urtea doakoa izatea proposatu du zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika graduetan, bertan emakumeak % 30 baino gutxiago direnean.
Proposamenaren helburua emakumeengan diziplina teknikoak eta zientifikoak bultzatzea da, "ikasketa horietan genero arrakala ixteko".
I+G+B-ri dagokionez, PSOEk ez du aipatu Zientziaren eta Berrikuntzaren Estatu Hitzarmen bat lortzeko konpromisoa, hauteskunde programan aintzat hartu zuen bezala.
Osasunaren arloan, PSOEk GIBen kontrako pilula prebentiboa (PrEP izenez ezaguna) Estatuko Osasun Sisteman sartzeko konpromisoa hartu du, "aholku zientifiko eta medikoen arabera".
Beste neurri berritzaile bat da espetxeetako osasuna Sisteman sartzea, Unidas Podemosek hainbatetan eskatu duen bezala.
Pablo Iglesias buru duen koalizioak eskatutakoari jarraiki, PSOEk koordainketa mailaka kentzea proposatu du, pentsiodunetik eta egoera ahuletan dauden etxebizitzetatik hasita, eta berriz ezarriko direnaren bermeak hartzea.
Era berean, Aho-hortzen Osasuna Estatuko Sisteman mailaka sartzea aurreikusten du, 2023an osorik osasun publikoko zerbitzuan egon dadin.
Neurrien artean, Kataluniako autodeterminazio erreferendumari "ezetz" esan dio PSOEk. Gainera, oraingoan ez dute testuan sartu 155. artikulua behin betiko erabiltzearen aurkakotasuna, hauteskundeetan egin zuten bezala.
Autodeterminazio erreferenduma gai polemikoa izan da sozialisten eta Podemosen artean. Pablo Iglesiasen alderdiak Kataluniak horretarako eskubidea daukala defendatu zuen hauteskunde kanpainan.
Sozialistek Autonomien Estatu "indartsu eta kohesionatu" baten alde egiten dute, autonomia erkidego guztien arteko lankidetza hobetzearen aldeko konpromisoa hartzen dute eta "Kataluniako elkarbizitza gatazka katalanen arteko eta Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketaren bitartez" konpontzea defendatzen dute, "betiere Konstituzioaren barruan".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa